Eskuin muturra nagusitu da Ipar Euskal Herrian. 29.516 boto eskuratu ditu Batasun Nazionalak, duela bost urteko Europako Parlamenturako hauteskundeetan lortu zituenak baino 12.101 gehiago. Eric Zemmourren Errekonkista alderdiak eskuratu dituen 7.366 botoak gehituta, kasik 40.000 botoren langara heldu da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Duela bost urte, herri txiki batzuetan eman zuen ezustekoa; aurten, 92 herritan gailendu da. Kezka eragin du eskuin muturraren gorakadak. Astelehen arratsean dozenaka herritar mobilizatu ziren Baionako karriketan, faxismoaren kontra.
Lurrikara horri beste lurrikara batekin erantzun dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: Frantziako Asanblea desegin du, eta hauteskundeetara deitu ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako. Frantziako Konstituzioak baimentzen duen eperik laburrena hautatu du herritarrak hauteslekuetara deitzeko. Apustua argia da: ezkerreko alderdien zatiketa baliatu nahi du, itxuraz haiek galduko dituzten eserlekuak bereganatu, eta egun legebiltzarrean eskas duen gehiengo absolutua eskuratzen entseatzeko.
2022ko ekainean Frantziako Asanblearako eratu zen NUPES koalizioak hasieratik erakutsi zituen arrakalak —LFI Frantzia Intsumisioa, EELV Europa Ekologia - Berdeak, PS Alderdi Sozialista eta PCF Frantziako Alderdi Komunista bildu zituen—. Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioen harira nolazpaiteko batasuna atxiki zuten, baina Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren inguruan analisi ezberdinak egin izanak erabat suntsitu dute aliantza azken hilabeteetan. Europako hauteskundeetarako estrategian ere ez ziren adostu, eta banatuta aurkeztu dira.
Baina baliteke igandeko emaitzek joera aldatzea. Faxismoaren arriskuari buru egiteko, batasunerako deia egin dute NUPESen biltzen ziren lau indar politikoek; batasunaren beharra azpimarratu dute hainbat eragile sozial eta sindikalek ere. Oraindik erabat adostua ez bada ere, badirudi ezkerreko alderdiak gai izanen direla hautesbarruti guzietan zerrenda bateratuak aurkezteko. Haatik, oraindik ikusteko dago batasun horrek zer perimetro bilduko duen. Hala ere, aurreikusi daiteke batasun horrek ilusioa piztuko duela ezkerreko hautesleen artean, eta posible da eskuin muturraren mehatxuak hauspotuta ezkerraren aldeko olatu bat sortzea ere.
Eta Ipar Euskal Herrian zer? EH Bai prest agertu da Frantziako alderdiek osatu duten «ezkerreko frontera» batzeko, baina ikusi beharko da zer harrera egiten dioten gainerako alderdiek. Horretan, interesgarria izan daiteke 2022ko Frantziako Asanblearako bozetako kanpaina eta emaitzak oroitzea. NUPES aliantzaren konfigurazioa osoki Parisen erabaki zuten. Ipar Euskal Herriko bosgarren eta seigarren hautesbarrutietan LFIren hautagaiak izan ziren, eta laugarren hautesbarrutian, berriz, PSkoa —hautesbarruti hori Biarnorekin banatua da—. EH Baik ere hiru hautesbarrutietan aurkeztu zituen hautagaiak.
LFIko Ipar Euskal Herriko hautagaiek Frantziari begirako kanpaina egin zuten, Euskal Herriko aldarrikapenak kontuan hartu gabe. Ekologistek eta sozialistek ez zuten parte hartu kanpainan, eta emaitzei begiratuta, pentsa liteke horietako batek baino gehiagok EH Bairen aldeko botoa eman zutela. Bigarren itzulian, eskuineko hautagaiak gailendu ziren bi hautesbarrutietan.
Arras bestelako jarrera erakutsi zuen Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko PSko hautagaiak, erakutsi baitzuen hurbilak zaizkiola mugimendu abertzalearen aldarrikapenak. Bigarren itzulian ez zuten akordiorik lortu EH Bairekin, baina Egoitz Urrutikoetxea hautagaiak haren alde bozkatzera deitu zuen. Diputatu hautatu dutenetik hainbat lege proposamen egin ditu etxebizitzaren problematikari buru egiteko, hizkuntza gutxituen aitortzaren eta irakaskuntzaren alde agertu da, eta bakegileak defendatu ditu Luhusoko auzian.
Frantziako ezkerrak badaki zer egin behar duen ezkerreko abertzaleekin bat egiteko. Baina EH Baik ere badaki eskuin muturra goraka ari den honetan oso zaila izanen zaiola bere kasa aurkezteko hautua asumitzea. Ondoko egunetan ikusiko da zer aldetara egiten duen balantzak.