Fronte Popular Berriak protesta egin du Baionan Macronen politikaren kontra

Txartzat jo dute Frantziako presidenteak eskuineko lehen ministro bat hautatu izana jakinik hauteskundeak ezkerrak irabazi zituela. Erran dute Macronek akordioa egin duela eskuin muturrarekin.

Macronen politikaren kontrako protesta, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Macronen politikaren kontrako protesta, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko irailaren 7a
12:49
Entzun

Ehunka herritarrek protesta egin dute Baionan Emmanuel Macron Frantziako presidentearen politika salatzeko eta Frantzian ezkerreko gobernu bat osa dadila eskatzeko. Uztailean iragan ziren Frantziako Asanblearako hauteskundeetan ezkerreko alderdiek osatutako NFP Fronte Popular Berria  gailendu zen, eta, beraz, deitoratu dute Macronek NFPren hautagaia izendatzeari uko egin eta Michel Barnier Errepublikanoa izendatu izana. Herriko etxean abiatu dute protesta, eta bederatziehun bat lagun bildu dira Baionako karriketan zehar. 

«Errepublikako presidentea instituzioen berme da; ez ditu errespetatu instituzio horiek», salatu du Colette Capdevielle PSko kide eta NFPko diputatuak. «Europako hauteskundeak galdu zituen. Kasketaldi batean, Frantziako Asanblea desegin zuen, hauteskundeak eginarazi, eta galdu». Capdeviellek azaldu du demokrazia parlamentarioetan estatuburuak lehen indar politikoa izendatzen duela gobernua osatzeko, «erantzukizunez». «Ez du halakorik egin, ez du errespetatu tradizio errepublikanoa, ez ditu errespetatu instituzioak. Hori da nire haserrearen lehen arrazoia. Ezin da izan aldi berean botere exekutiboaren eta legegilearen ordezkari. Monarka baten gisa jardun du».

Bide beretik jo du Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko diputatuak ere. «Boz horietan, parte hartze ezin azkarragoa izan da; emaitza hori zangopilatu du eskuineko lehen ministro bat ezarriz», gaitzetsi du. «Dirudienez, uztail hasieran jadanik elkartu zen Barnierrekin; beraz, aspalditik finkatua da; jende guziaz trufatu da bi hilabetez. Erakusten du edozer egiteko gai dela bere politika atxikitzeko, eskuin muturrarekin elkartzea barne». Dufauren hitzetan, ezkerrekoa da «egiazko alternatiba bakarra», eta erran du bozen emaitzak ez badira entzuten «karrikan» jokatuko dela auzia. «Jendearen haserrea sentitzen da. Ikusi beharko da, baina ondoko aste eta hilabeteak nahiko giro beroan iraganen dira naski».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.