Fronte Popular Berria nagusi Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan

Eskuin muturra izan da bigarren indarra Ipar Euskal Herrian, eta Macronen Ensemble koalizioa hirugarren tokian gelditu da. Hiru hautagaiko lehiak izanen dira laugarren eta seigarren hautesbarrutian. Lasserre erretiratu da bosgarrenean.

Colette Capdevielle, Baionan, lehen itzuliko emaitzak jakin ondoren. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku - Arantxa Elizegi Egilegor - Paulo Ostolaza - Ekhi Erremundegi Beloki
2024ko uztailaren 1a
16:37
Entzun

Fronte Popular Berria lehen indarra izan da Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan: laugarrenean, Iñaki Etxaniz PSko kidea atera da garaile —diputatua izan da azken bi urteetan—, botoen %38,19 bilduta; bosgarrenean, Colette Capdevielle PSko kidea, 22.643 boto eskuratuta (%32,30); seigarrenean, berriz, Peio Dufau EH Baiko kidea izan da lehena, botoen %29,4r lortuta. Gauza bera gertatu da hiru hiriburuetan ere: Etxaniz nagusitu da Maulen eta Donibane-Garazin, eta Capdevielle Baionan. Bihar 18:00etan da azken epea bigarren itzulirako hautagaitzak aurkezteko. Hiru hautagaiko lehiak izanen dira laugarren eta seigarren hautesbarrutian. Lasserre erretiratu da bosgarrenean, eta Capdevielle eta eskuin muturraren arteko lehia izanen da.

Izan ere RN Batasun Nazionalak ere oso emaitza onak eskuratu ditu, bai iparraldean, baita Frantziako Errepublikan ere. Ipar Euskal Herriko hiru barrutietatik bitan, laugarrenean eta bosgarrenean, bigarren indarra izan da Jordan Bardella buru duen alderdia, eta hirugarren tokian geratu da seigarrenean. Protestara deitu du NPA alderdiak. Elkarretaratzea eginen dute gaur arratsaldean, 19:00etan, Baionako herriko etxean, «izurri beltzari erantzun herrikoi eta antifaxista» emateko.

Izan den parte hartzea eta Fronte Popularrak lortu dituen emaitzak «baikorki» baloratu ditu EH Baik agiri batean, eta baieztatu du «lurraldean itxaropena sortu duen alternatiba» ezkerreko indarren arteko proposamena izan dela. Baina. «kezka» ere agertu dute eskuin muturrak izan duen aitzinamenduagatik. «Egoera honen erantzukizuna eta iturria, berriz, azken urteetan indarrez inposatu diren politika neoliberalek sortu ezinegona da». Ezkerreko abertzaleek herritarrei dei egin diete eskuin muturrari «tarterik txikiena ere» ez diezaioten eskain. «Jokoan dena ikusirik eta hauteskundeetako emaitzek bakoitza non jarri gaituen aintzat harturik, espero dugu beste hautagaiek arduraz jokatuko dutela eta interes orokorraren alde eginen dutela bigarren itzulian erretiratuz». Analisi bera egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere. Pozik agertu da ezkerreko aliantza gailendu delako, baina adierazi du eskuin muturraren gorakada «fenomeno kezkagarria» dela.

Oraingoz, EAJk ez du boto kontsigna argirik eman. Ondoko orduetan erabakiko du bigarren itzuliari begira nola kokatu.

Etxanizek, abantaila

Iñaki Etxaniz Fronte Popular Berriko jarduneko diputatua nagusitu da laugarren hautesbarrutian, ia boz guziak kontatuta, mementoko %38,01eko emaitza erdietsita. Bigarren Batasun Nazionaleko Sylviane Lopez hautagaia izan da, %25,52 eskuratuta. Jean Lassalle bearnesa, haatik, hirugarren da, bozen %18 lortuta. Hirurek atxikiko dute hautagaitza.

«Hala-holako» sentimendua duela adierazi du Etxanizek. «Batasun Nazionala biziki hurbil dugu. Kanpaina egitera itzuliko gara, eskas zaizkigun botoak eskuratzeko». Bigarren itzulian haren alde bozkatzera deitu ditu Euskal Herria eta Biarno maite dutenak. Lassallek Euskal Irratietan erran du «zafraldi ederra» jaso duela. «Inarrosia izan naiz, baina hemen naiz oraindik»

Beñat Cachenaut Errepublikanoetako hautagaiak ez du aski boz eskuratu bigarren itzulira pasatzeko. «Dezepzio bat da», adierazi du. «Ez dut gauza handirik falta izan; eskuin muturrak eraman ditu anitz boz, eta hori ez nuen hala pentsatua». Mementoko, ez du bigarren itzulirako kontsignarik eman.

Lasserre, hirugarren

Colette Capdevielle PSko kide eta Fronte Popular Berriko hautagaia nagusitu da bosgarren hautesbarrutian, 22.643 boto eskuratuta (%32,30). Eskuin muturreko Batasun Nazionalak lortu du bigarren lekua: Serge Rossok botoen %27,54 lortu ditu. Hirugarren lekuan gelditu da Florence Lasserre Modemeko diputatua. Igande gauean hautagaitza atxikitzeko asmoa agertu bazuen ere, bigarren itzulirako erretiratzea erabaki du azkenean Lasserrek. Capdeviellek eskertu egin du hautu hori.

Lehen itzulian boto gehien eskuratu duen hautagaitza izanik «helburua kausitu» dutela erran du Capdeviellek, baina adierazi du «inarrosiak» direla Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian lortu dituen emaitzak ikusita. «Borrokatuko gara, kanpaina eginen dugu ezkerreko indar guziekin guretzat bozkatu ez duten guziak konbentzitzeko; absolutuki irabazi behar dugu». 

Baionan lortu ditu emaitzarik onenak NFPko hautagaiak —herriko etxeko hautetsi da—. 8.942 boto eskuratu ditu, bigarren lekuan gelditu den eskuin muturreko hautagaiak baino 3.100 gehiago. Angelun, haatik, Lasserrek atera du diferentzia, 7.574 boto eskuratuta. Capdevielle eta Rosso iritsi dira ondoren, 6.354 eta 6.087 boto erdietsita. Horiek dira hautesbarrutiko bi hiri nagusiak. 

Hainbat herritan Batasun Nazionala nagusitu da, hala nola Ahurtin, Beskoitzen —bi botoren aldearekin NFPren aitzinean—, Gixunen, Lehuntzen, Milafrangan, Mugerren, Urketan, Akamarren, Bidaxunen, Erangon eta Samatzen.  Bardozen, berdinduta gelditu dira Rosso eta Lasserre, bakoitzak 316 boto  eskuratuta.

Dufau eta Deveze, lehian

Bozen %29,43 eskuraturik, lehen atera da Peio Dufau Fronte Popular Berriaren izenean seigarren hautesbarrutian. Gibeletik, hurbil gelditu da Christian Deveze, Kanboko auzapez eta Macronen gehiengoko hautagaia, %26,92ko emaitza lortuta. Eta mila boz ingurutan dauka, hurbil, eskuin muturreko hautagaia Victor Lastecoueres, %25,29 eskuratuta. Azken horrek jakinarazi du bigarren itzulira aurkeztuko zela. Ondorioz, hiru hautagaien arteko lehia gertatuko da hautesbarruti horretan heldu den igandean.

«Emaitza ederra, baina dena egitekoa da», adierazi du Dufauk, eta kezkatua agertu da eskuin muturrak lortu duen boto kopuruarekin. «Aldaketa nahi duenarentzat gu gara alternatiba». Ideia horren inguruan ardaztuko dute bigarren itzuliko kanpaina. «Azken bi asteetan kanpaina biziki azkarra izan da, plurala, zabala, ezkerreko alderdi guzietako jendeekin; eta gehiago zabalduko dugu». 

Emmanuelle Brisson Errepublikanoa, laugarren bukaturik ere (%11,62), kontent da bere emaitzaz. «Emaitza biziki ederra da testuingurua zein den ikusita. Lehen kanpaina nuen, eta izen bat egin dut. Batasun Nazionaleko hautagaia ez bezala hemengoa naiz, baina zoritxarrez nazional mailako testuinguruak gainditzen gaitu. Ez dut lotsatzerik; segituko dut hautesbarrutian barna, eta hauteskunde berriak izango dira, berdin». Bigarren itzulirako Devezen alde bozkatzera deitu du.

Christian Deveze, hain zuzen, pozik da lehen itzulian erdietsi dituen emaitzekin. «Emaitza ona da. Dufauk Fronte Popular Berriarekin aliantza eginik, eta bereziki Frantzia Intsumisoarekin, Melenchon eta guztiarekin, argi zen zaila izanen zitzaidala nire zentroko hautagaitzarekin hobeki egitea. Gainera, 1.200 bozez aitzintzen dut Batasun Nazionala». Batasun Nazionalaren emaitzak kezkatzen duenez galdetuta, Devezek zera dio: «Bai, bistan da. Larria da gure hautesbarrutian hain hurbil izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.