«Hemen ez dago ultraeskuina boterean, baina eskuineko populismoa bai». Maddi Kintana Baionako Sutan kolektibo transfeministako kidearen hitzak dira horiek, Lapurdiko hiriburuaren egoeraz. Ordea, Euskal Herriko bertze edozein txokotara estrapolatu daitekeen baieztapena da. Izan ere, Kintanaren erranetan, faxismoaren ezaugarriak dituzten gero eta neurri gehiago hartzen ari dira: kaleetan gero eta kamera gehiago jartzea, gauetan Poliziaren presentzia areagotzea, sinagoga inguruan Polizia gehiago egotea... Are, ideia horiek guztiak sare sozialetan, zenbait hedabidetan eta proposamen politikoetan ere errotzen ari direla azaldu du. Eta hor kokatu du, hain zuzen, aurten mugimendu feministak Martxoaren 8rako ondu duen leloa: Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak!
Kintanak azaldu du faxismoari eusteko «fronte handi bat» eraiki behar dela, eta, horretarako, bertze mugimenduekin lan egiten dutela. Sutan kolektiboan hainbat talde eta banako elkartzen dira, eta Baionako kasuan, erraterako, mobilizazioak antolatzen dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunean eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkakoan. Horrez gain, elkarlanean aritzen dira queer mugimenduarekin, Baionako besta sanoen aldeko mugimenduarekin, Bizi plataformarekin eta Planning Familial delakoarekin.
Instituzioekin duten harremanaz galdetuta, «interpelazio prozesu» batean daudela dio: «Haien betebeharra gure ongizatea bermatzea da, hori egiten ez duten arren. Beharrezkotzat jotzen dugu haiek ardurak hartzea, eta beren erantzukizunak betetzea». Erraterako, urteak daramatzate Euskal Hirigune Elkargoari eskatzen indarkeria matxistaren kontrako plan integral bat egiteko, baina oraindik ez da iritsi. Kintanak adierazi du instituzioen ardura hartze horiek «hein baterainokoak» izanen direla, eta, hortaz, eskariak egiten dizkietela, baina, aldi berean, sistemari «planto egitea» ere eskatzen dutela mugimendutik. «Badago joko bikoitz bat», erran du.
«Instituzioen betebeharra gure ongizatea bermatzea da, hori egiten ez duten arren. Beharrezkotzat hartzen dugu haiek ardurak hartzea, eta beren erantzukizunak betetzea»
MADDI KINTANASutan kolektiboko kidea
Hego Euskal Herrian ere halakorik adierazi izan dute: mugimendu feministaren eta instituzioen arteko elkarlana batzuetan posible dela, baina nork bere bide propioa egin behar duela azpimarratuta. Elkarlan horren adibideetako bat bestak dira. Iruñeko sanferminak, erraterako: hiriburuko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen plataformak udalarekin egindako lanketari esker, sexu erasoak gertatzen direnean orain udalak jartzen ditu baliabideak, eta ez mugimenduak.
Instituzioak
Edurne Jauregi Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzako Sailaren zuzendariordea da; eta, haren irudiko ere, mugimendu feministaren eta instituzioen arteko elkarlana «gakoa» da. «Elkarlan horrek modua ematen du indarrean jartzen diren politika publikoek emakumeen eta talde feministen benetako eskariak kontuan hartzeko; modu horretan, ekintzak eraldatzaileak izanen dira, eta ez sinbolikoak», borobildu du.
Onartu du eskuin muturretik iritsitako diskurtsoak gizartean errotzen ari direla, azken urteetan «instituzionalizatzeraino». «Laugarren olatu feministan gaude, non emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiten ari garen, batez ere sexu indarkeriari. Erantzuna zein da? Aldarrikapen eta ahots feministak deuseztatzen dituzten diskurtsoak, batez ere arlo digitalean». Manosfera deitu ohi zaio aipatutako espazio digital horri, eta bertan berdintasunaren aldeko ezein pausoren kontra egiten dute, ideia matxista eta erreakzionarioak erabilita. Horiei aurre egiteko, elkarlana ez ezik, pentsamendu kritikoa sustatu behar dela azaldu du Jauregik.
«Aldarrikapen eta ahots feministak deuseztatzen dituzten diskurtsoak daude, batez ere arlo digitalean» EDURNE JAUREGINabiko kidea
Ados dago Kintana: «Feminismoa saiatzen ari da ideia eta jarrera horiei ahalik eta modu osoenean, sakonenean eta intersekzionalenean erantzuten, eta horrek min ematen dio gizarteko parte bati. Haien pribilegioak kolokan sentitzen dituzte, eraso egin dietela sentitzen dute, eta, hortaz, kontrako erantzunak sortzea hor kokatu dezakegu». Are, Jauregik bezala, nabarmendu du horrelakoen aurrean oso garrantzitsua dela azaltzea zergatik den gezurra pertsona horiek esaten dutena: «Pedagogia egin behar da».
Halere, ñabardura bat egin du Kintanak: haren irudiko, ideia erreakzionarioen gorakada bada matxismoaren kontrako borroka kalera eraman izanaren ondorioetako bat, baina ezin da horretara soilik mugatu: «Testuinguru geopolitiko bat dago egoera horretara bultzatzen gaituena: patriarkatua ez da kapitalismotik eta egungo testuingurutik bereizi daitekeen fenomeno bat. Bizi dugun testuingurua bera erreakzionarioa da, larrialdi sentsazioa badago».
«Testuinguru geopolitiko bat dago egoera horretara bultzatzen gaituena: patriarkatua ez da kapitalismotik eta egungo testuingurutik bereizi daitekeen fenomeno bat» MADDI KINTANASutan kolektiboko kidea
Aurrea hartu
Pedagogia ez ezik, ideia horiei erantzun argia ematea ere beharrezkoa zaio Kintanari. Ipar Euskal Herriko lanketaz galdetuta, «oinarrizkoaren oinarrizkoena» aldarrikatzen ari direla aitortu du: familia nuklearraren ereduaz gain aukera gehiago daudela erakustea, familia barneko dinamiken gibelean dagoena azaleratzea, bestetan emakumerik gabeko egitarauak ez antolatzea, besta anitzetan indarkeria matxistaren kontrako afixarik ez egotearen arazoa... Adibide bat ekarri du gogora: «Duela urte batzuk Kanboko [Lapurdi] bestetan afixa bat jarri zuten, honako hau esanez: 'Titi bat erakusten baduzu, trago bat dohainik'. Horrelakoak ditugu oraindik, eta, gainera, jendeak barre egiten du».
Halere, ongi egiten direnak ere badirela nabarmendu du: EHZ festibalean, erraterako, erasoen kontrako «sekulako» protokoloa dute, Kintanaren erranetan. Erasoen aitzinean ere herriak erantzuten du: «Jendeak kalean egon nahi du, haserre dago». Adibidez, iazko ekainean pintaketa LGTBIfoboak egin zituzten Atharratzeko Prefosta elkartearen atarian (Zuberoa). Zehazki, «PD» zioten pintaketak egin zituzten eraikinaren leihoetan; hitz hori pederasta hitzaren txikigarria da, frantsesez maritxu errateko erabiltzen dutena. Taldeko kideek gertatutakoa salatu zuten, eta herritarrek elkarretaratze ikusgarria egin: PD, eta harro lelopean.
Bi hilabete lehenago, Nafarroaren Eguna dela medio, LGTBI bandera bat jarri zuten antolatzaileek Baigorriko plaza nagusi aldeko eraikin batean. Bandera urratu zuen norbaitek, baina laster erantzun zuten herritarrek: herriko Basaizea kultur elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten, gisako erasorik onartzen ez dutela aldarrikatzeko.
Gazteak, banatuta
Ideia erreakzionario horien gorakadaren aitzinean joera argia dago, Euskal Herrian zein munduko bertze lekuetan: gazte anitz, batez ere mutilak, diskurtso horietara hurbiltzen ari dira sare sozialetan dituzten erreferenteen bidez; neskak, berriz, bertze aldean daude. Are, Emakundek hilabete honetan argitaratutako ikerketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 19 urte bitarteko mutilen %22,5ek maskulinitate tradizionalarekin bat egiten dute.
Joera horiek ikusita, anitz dira horiek seinalatzen dituztenak, gazteak gizartearen ispilu direla atzenduta. Hortaz, seinalatzeari utzi, eta gazte horiek entzutearen alde egiten dute adituek.
«Beharrezkoa da noraez ideologiko horretan eragiten duten faktore guztiak aintzat hartzea. Arlo askotan, konpontzeko gai ez garen belaunaldien arteko arrakala handi bat dago»
EDURNE JAUREGINabiko kidea
Horren aldekoa da Jauregi: «Beharrezkoa da noraez ideologiko horretan eragiten duten faktore guztiak aintzat hartzea. Arlo askotan, konpontzeko gai ez garen belaunaldien arteko arrakala handi bat dago». Ildo horretatik, uste du feminismoa belaunaldi gazteenei hurbiltzeko estrategiak garatu behar direla: «Haien esperientziekin, interesekin eta komunikatzeko moduekin lotuta daudenak». Ados dago Kintana, eta mutil gazteak feminismora bideratzeko estrategiak garatu behar direla nabarmendu du: «Haien askapenerako ere baliagarria izan daitekeela ulertu behar dute».