1980ko urteetan droga trafikoaren eta Guardia Zibilaren arteko lotura frogatzeko ahaleginak ez ziren salbuespen. Hamalau urtez Jaurlaritzako lehendakari izaniko Jose Antonio Ardanzak, adibidez, tesi horri eutsi dio. Bere memorietan (Pasión por Euskadi) aitortua du: «Arrasateko alkate nintzela, bagenuen drogaren erabilera politikoari buruzko susmoa». Herrira droga banatzera heltzen ziren ibilgailu batzuk jo puntuan jarri, eta «susmagarritzat» jo zituzten. Informazioa biltzeko eta ikertzeko eskatu zien udaltzainei. Agindua ez du ahantzi Jose Luis Etxeberria Porru-k (Arrasate, Gipuzkoa, 1957), 1981etik 2012ra herriko udaltzainburu izandakoak.
Nola oroitzen duzu izendatu berritan jasotako lehen agindua?
Oroitzen dut hainbat alditan egin genizkiela jarraipenak ibilgailu horiei kaleko jantzitako poliziek.
Susmoak baieztatu zenituzten?
Bi tokitara iritsi ginen: Guardia Zibilaren Bilboko La Salve kuartelera eta Donostiako Intxaurrondo auzokora. Ez zen kasualitatea.
Zehazki, zer ikusi zenuten han?
Frogatu genuen droga kuarteletatik ekartzen zutela Arrasatera, baina ezerezean geratu zen salaketa, ez zegoelako interes handirik hori jakiteko. Etsigarria zen.
Ez zitzaizuen otu auzitara jotzea?
Matrikula zenbakiak oroimenean gorde, eta saiatu ginen epaile batzuen aurrean hori guztia frogatzen. Baina, jakina, espero bezala, ezinezkoa egin zitzaigun. Inork ez zuen askitzat jo ikerketa irmo bat abiatzeko; matrikula faltsuak ziren atzemandako gehientsuenak.
Ikertzeko borondatea falta zen?
Oso agerikoa da ez zegoela borondaterik ikertzeko. Ez zen komeni kontu hori jakitea, ez eta argitara ateratzea ere; ugariak ziren presioak, eta galduta daude agiriak.
Horrek, ordea, ez zuen estali orduan zeneukaten susmoa. Gerora, jo al zenuten beste aterik?
Kontua ezerezean geratu arren, egia da garai horretan sekulakoa zela herrian drogaren arazoa. Kaleko jantzitako guardia zibil batek Arrasaten izandako istripu batean ere hala baieztatu genuen bertatik bertara. Izan ere, drogak eta armak topatu genituen haren autoan; etxebizitzak arakatzen ere ibili ginen, droga gehiagoren bila.
Eta herritarrek nola hartu zuten?
Herritarrak protestan aritzen ziren sarri. Pentsa, behin, miaketa baten ostean, Porru ez, porro bai! oihukatu zidaten [Barreak]. Eta ez da kasualitatea Guardia Zibilak Arrasate moduko herri bat hautatzea droga banatzeko: ETAko buruzagiak, izen handiko politikariak, kooperatibak... Bai politikoki, bai sozialki eta bai ekonomikoki, indar handiko herria zen Arrasate. Nahita aukeratu zuten.
Trantsizio osteko urteetan, drogaren kontsumoa soilik ez, lapurretak ere areagotu egin ziren...
Hainbat drogazalek bortizkeriara jo zuten droga lortzeko, eta lapurretak areagotu ziren, bai: tabernetan, kalean, dendetan, lokaletan... Herritar batzuk gurekin batera aritzen ziren kaleak zaintzen.
Jose Luis Etxeberria, 'Porru'. Arrasateko udaltzainburua 1981etik 2012ra
«Frogatu genuen droga kuarteletik ekartzen zutela, baina ez zen komeni jakitea»
Arrasaten droga nork banatzen zuen jakiteko, jarraipenak egin zizkieten hainbat ibilgailuri, eta susmoak baieztatu zituzten: Polizia zegoen atzean. Salaketa, halere, ezerezean geratu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu