Joseba Martin. Ados plataformako kidea

«Frogatu da posible dela herriek erabaki eskubidea gauzatzea»

Herriek «modu normalizatuan» erabakitzea posible dela erakutsi nahi zuen Arrankudiagako galdeketak. Lortu dutela eta, gustura daude antolatzaileak. Arrakastaren gakoa elkarlana dela nabarmendu dute.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
«Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?». Itaun horixe egin zien Arrankudiaga eta Zolloko herritarrei Ados plataformak igandean. Arrakastatsua izan zen galdeketa, antolatzaileen esanetan; 16 urtetik gorako herritarren %61,59k parte hartu zuten, eta horixe dute arrakastatsutzat. %89,64k erantzun zioten baietz galderari; 450 lagunek. 13k ezetz bozkatu zuten, eta 33k, zuri.

Zein balorazio egiten duzue igandean egindako galdeketaren inguruan?

Oso ona, izugarrizkoa, ederra. Gure helburua zen erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea eta lortzea parte hartze handia. Ia %62ko parte hartzea lortu genuen, eta hori Europako azken hauteskundeetako parte hartzea baino askoz handiagoa da. Gure inurri lanarekin Europako bozetan baino parte hartze handiagoa lortu dugu. Kristoren lorpena izan da, eta oso pozik gaude.

Zer adierazten du Europako hauteskundeetan baino parte hartze handiagoa izate horrek?

Frogatu da posible dela ideologia desberdinetako jendeak, erlijio eta kultura desberdinetako jendeak konpartitzea espazio bera; pentsaera desberdina izan arren galdera bera ere parteka dezaketela. Frogatu da posible dela erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea. Izugarria izan zen igandekoa: mojak, jende nagusia, 16 urtekoak... Esparru guztietako jendea egon zen, oso giro onean. Halakoek ez dutela ezertarako balio eta liskarra besterik ez dutela eragiten esaten dutenean, galdeketak trabatzeko izaten dela ikusi da. Herritarrek frogatu dute posible dela, bai hemen, bai Katalunian eta bai Eskozian; herriak nagusi direla eta kapazak direla erabakitzeko eskubidea normal-normal gauzatzeko. Borondatea dagoenean, badago gaitasuna traba horiek guztiak gainditzeko. Demokraziaren kontra daudenek trabak jartzen dituzte, eta demokraziaren alde gaudenok saiatzen gara eskubidea praktikan jartzen.

Beraz, galdeketek zatiketa eta liskarra besterik ez dutela eragiten diotenei esan nahi diezu frogatu dela ez dela hala?

Demokraziaren aurka daudenek jartzen dituzte trabak, eta haiek dira istiluak sortzen dituztenak, tentsioa eragiten dutenak, ilusioa zapuztu nahi dutenak eta batasuna apurtzen saiatzen direnak. Herri demokrazia bultzatu nahi dugunok, trabak topatu arren, ilusioa zabaltzen eta herri mailan zubiak eraikitzen jarduten dugu.

Instituzioetatik kanpo egin duzue galdeketa. Zergatik?

Katalunian gertatu dena ikusi dugu. Eta, Etxarri Aranatzen egin zenean, argi ikusi genuen planteamendua ezin zela egin instituzioekin lotuta. Guk horregatik ez dugu udaletxera jo. Gaia ez dugu osoko bilkurara eraman ere egin. Eta muturreraino bete dugu erabakia: alkatea eta zinegotzi asko parte hartzeko eta argazkian ateratzeko gogoz geratu dira. Baina egitasmoa herriaren esku uztea erabaki genuen.

Herritarrek naturalago hartzen dute herriari galdetzea alderdiek baino?

Guk eztabaidatu genuen zer egin Arrankudiagan ditugun bi alderdiekin; Bildurekin eta EAJrekin. Argi genuen plataformaren eta alderdien artean ez zuela egon behar loturarik. Zeren azkenean alderdi politikoen arteko liskarrak leku guztietara eramaten dira konturatu gabe; azkenean alderdiek gehiago jokatu ohi dute alderdiei begira. Eta bakoitza bere lubakitik ateratzeko gogorik ez badago, ez dago zereginik.

Kolektibo bateko jendeak bakarrik ere ezin du egin herria. Hori ere argi daukagu. Lan egin behar da guztion artean. Horretarako, zubiak eraiki behar dira, denborak neurtu, giro atsegina sortu eta pixkanaka aurrera egin. Ez baduzu lortzen zubi horiek eraikitzea eta jende desberdinaren arteko loturak sortzea, oso zaila da ezer egitea. Arrankudiagan asko landu dugu hori, eta oso emaitza ona lortu dugu. Zubi horiek eraikitzea beharrezkoa da parte hartzean oinarritutako herria nahi badugu. Eta hori herri plataformen bidez lortzea errazagoa da. Ulertarazi behar da galdeketa ez dela soilik independentistena edo sektore batena.

Behin galdeketa eginda, zer asmo duzue hemendik aurrera?

Lehenik, herrian zabalduko dugu gutun bat herria zoriontzeko eta gure balorazioa egiteko. Bestalde, gure esperientzia konpartitzeko prest gaude. Beste herrietan galdeketak egitera animatzen badira eta gure esperientziaren berri izan nahi badute, gu prest gaude laguntzeko. Eta, gainontzean, ez dugu oraindik erabaki zer egingo dugun. Badaude pare bat proposamen, baina erabaki behar dugu zer egin. Edozein kasutan, guk beti argi izan dugu herri txiki bateko plataforma bat besterik ez garela. Lortu duguna lortu dugu, eta ikusiko dugu orain.

Edozein kasutan jarraituko du lanean plataformak?

Hori ere erabaki behar dugu. Ados plataformaren helburua zen galdeketa egitea eta erakustea posible dela galdeketak modu normalizatuan egitea, eta hori lortu dugu. Argazki horixe utzi zuen igandekoak. Orain, ez dakigu plataforma gisara desagertu eta beste modu batean jardungo dugun lanean edo ez. Ikusiko da.

Zein izan da zuen arrakastaren gakoa?

Askotan garrantzi handia dauka pertsona jakin batzuen mugimenduak. Ideologia desberdinetako pertsona jakin batzuk mugitzen direnean, elkarlanean ikusten direnean, herriak grafikoki ikusten du posible dela, eta horrek ilusioa sortzen du. Lehen elkarri hitzik ere egiten ez ziotenak elkarlanean ari direla erakusteak ahalmen handia dauka. Askotan, alderdiei begira eta betiko eskemekin aritzen da gehiegi. Baina Gazta zati bat pelikulan ikusten dena herri askotara zabalduko balitz, izugarria izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.