13/13 auzia

Frogak baliogabetu eta auzipetuak errugabetzeko galdegin dute abokatuek

Guardia Zibilak miaketetan jasotako frogak eta CNIren bidez lortutakoak baliorik gabe uztea nahi du defentsak, auzipetuei eskubideak urratu zaizkielakoan. Atzemandako dokumentuak eta ezizenak auzipetuenak direla ere ez dago «egiaztatua», defentsaren ustez. Bihar segituko du epaiketak.

Auzipetuak eta abokatuak, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen. J. DANAE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 3a
09:56
Entzun

Joan den astean Jose Perals fiskalak deklaratuta, auzipetuen abokatuen txanda izan da gaurkoa 13/13 epaiketan. Lau ordu pasatxotan aritu dira Espainiako Auzitegi Nazionalean Alfontso Zenon, Jone Goirizelaia eta Aiert Larrarte abokatuak —bertzeei ez die denborarik eman, eta bihar hitz eginen dute—, eta absoluzioa galdegin dute haiek defendatzen dituzten Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi auzipetuentzat. Absoluzioa ezin izatekotan, berriz, gehienez ere urte bat eta sei hilabeteko zigorrak jartzeko eskatu dute, epaiketako irregulartasunak eta luzamenduak kontuan hartuta.

Abokatuek gaur goizeko saioan nabarmendu dutenez, auzipetuei leporatzen zaizkien egitateak ez daude frogatuta edota froga «baliogabeen» gainean eraikita daude. Nabarmendu dute, erraterako, ez dagoela «egiaztatzerik» auzipetuen eta egozten zaizkien ezizenen arteko loturarik, ezta ustez haiei atzemandako dokumentuak haienak direnik ere. Zenonek aipatu du, erraterako, ustez Zuluetarenak ziren lehergaietan ez dagoela haren DNA aztarnarik. Berdin Enparantzaren kasuan: «Ez dago ez hatz markarik, ez DNArik... bulegoetan aurkituriko edozer haiei egozten diete».

CNIren parte hartzeaz ere luze jardun dute, eta eskatu dute harengandik lortutako frogak «baliogabe» uzteko. Izan ere, nabarmendu dute 13/13 auzia (H)alboka txostenean oinarritua dagoela, eta CNIren lana «funtsezkoa» izan zelahori idazteko. Zenon: «Ez da egia 2008an ETAri atzemandako dokumentuekin hasi zela ikerketa; (H)alboka txostenak CNIk egindako entzuketetan du oinarria». Gisa berean aritu da Larrarte: «CNIk identifikatu zuen Martxel Arantza Zulueta gisa. (H)alboka tesia CNIrena da, eta Guardia Zibilak garatu egin zuen». Dokumentu zifratuen desenkriptazioan ere parte hartu zuen CNIk, Zenonek gogorarazi duenez: salatu du epaiketan deklaratu duten guardia zibilek «garrantzia kendu» nahi izan diotela horri, horrela jardutea legez kanpokoa delako. Haatik, ez dute ukatu CNIk ikerketan parte hartu zuela. Abokatuak gogorarazi du fiskalak berak ere eskatu zuela CNIren dokumentuak desklasifikatzeko —ez zen hala egin—, baina azkenean ez dutela testigu gisa ere deklaratu. Larrarte ere kexu azaldu da horregatik: «CNIk sekretuan jardutea normala da, baina, zigor zuzenbidean eragina badu, azalpenak eman beharko ditu». Hori hala izan ezean, hala galdegin du: «Denak balio du?».

CNIren entzuketak, gainera, ez ziren «edozeini» egindakoak izan: «Abokatuen eta haien bezeroen arteko komunikazioak entzun zituzten, sekretu profesionala urratuta», salatu du Zenonek. Eta gauza bera egotzi dio Guardia Zibilari: abokatuen bulegoetako miaketak haien sekretu profesionala urratuta egin zituztela. Salatu du bertzeak bertze dokumentu judizialak eraman zituela Guardia Zibilak bulegotik: «Sumarioak, espedienteak, zigor eteteak...». Miaketa horietako frogak ere baliogabetzeko eskatu du Zenonek, beraz. Larrartek gogorarazi du abokatuen dekanoak adierazi zuela miaketa bera baino lehen jada jendea zegoela bulegoan, eta bazirudiela bazekitela nora jo eta zeren bila joan. Miaketako akta soilik hiru guardia zibilek izenpetu zuten, halaber, nahiz eta gehiagok parte hartu zuten: «Zergatik ez zuten sinatu besteek?», galdegin du Larrartek. Epaiketan miaketei buruz galdetuta, bertsio ezberdinak eman dituzte guardia zibilek, abokatuak gogorarazi duenez: batzuek erran dute atxilotuak elkarrekin zeudela; bertze batzuek, aparte zeudela.

Zuriarraini buruz, Goirizelaiak azpimarratu du ez dagoela «ezer» haren aurka: «Torturapean egindako deklarazioetan berretsi zituen akusazioak, eta giza eskubideak urratuz lortzen diren frogak ezin dira erabili». Gogorarazi du perituek sinesgarritasuna eman ziotela haren tortura deklarazioari.

Larrartek ere azpimarratu du Sarriegiri buruz ez dutela frogarik: Gabai ezizenarekin lotzen dute txostenean, baina datak eta lekuak ez datoz bat. Erraterako, Gabai-ren jarduera 2006 eta 2009 artean kokatzen dute, eta Sarriegiri atzemandako dokumentu guztiak garai horretatik kanpo daude. Futbolari izatearekin ere lotzen dute, baina Larrartek nabarmendu du futbolean jokatu duten abokatu gehiago daudela Sarriegiz gain. Larrarteren ustez, Sarriegi Gabai-rekin lotzeko «zantzuak baino ez» daude.

Kartzela ez da etena

Auzipetuek delitu bera bi aldiz egin ote duten: hortaz ere aritu dira abokatuak, eta argi adierazi dute ezetz. Defentsaren ustez, izan ere, kartzelak ez dakar etenik delituan, izaera «iraunkorrekoa» baita. Abokatuek fiskaltzaren kontraerranak azaleratu dituzte gai honetan ere. Erraterako, Goirizelaiak nabarmendu du auzipetuei leporatzen dietena hori bera dela: euskal presoen eta ETAren arteko lotura egitea. Preso egoteak ez lekarke delituan etenik, beraz. Zenonek ere nabarmendu du auzipetuek bertze presoekin harremanetan jarraitu zutela kartzelan zeuden bitartean, abokatu gisa; eta, are, etakideak balira bezalako tratua eman zietela, Euskal Herritik urrunduta eta lehen gradua ezarrita, bertzeak bertze: «Kartzelan etakide gisa tratatu baldin badituzte, ezin da esan espetxean egoteagatik eten bat egon denik».

Egoera politikoaz ere jardun da Goirizelaia, joan den ortziralean Perals fiskalak errandakoei erantzunez. Izan ere, fiskalak adierazi zuen ETA ez dela oraino «desagertu». Horren aurka mintzatu da Goirizelaia: «Hori errealitatea saihestea da». Abokatuak nabarmendu du garrantzitsua dela epaiketetan testuinguruari erreparatzea.

66 urtera arteko zigorrak

Espainiako Auzitegi Nazionalean gaur iragandakoa azken aurreko saioa izatea espero da: bihar bukatu beharko luke 13/13 epaiketak, Saioa Agirreren eta Nerea Redondoren abokatuen argudiaketekin —Ibon Altuna eta Jose Mari Elosua abokatuak ari dira lan horretan—; eta, auzipetuek hala nahi balute, haien azken hitzak entzunda amaituko da.

Akusazio larriak egozten dizkiete auzipetuei: Zulueta eta Enparantza ETAko «burutzat» joak ditu fiskalak; Sarriegi eta Zuriarrain, «kidetzat»; eta Redondori eta Agirreri «laguntzaile» izatea leporatua die. Julen Zelarainen akusazioa bazter uztea erabaki zuten fiskalak eta AVT eta Dignidad y Justicia akusazio partikularrek joan den ortziraleko azken auzi saioan.

Euskal presoen abokatuak edota euskal presoen aldeko mugimenduan arituriko kideak dira auzipetuak, eta horixe da haiek epaitzeko arrazoia. Izan ere, lan horren bidez, Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatu nahi diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.