Klima larrialdia

Fridays For Future mugimenduak berotze globala salatu du Iruñean eta Donostian

Klima larrialdiaren aurkako mugimenduak mundu osoan egin ditu protestak.

Suedian Fridays For Futurek egindako protesta irailean. CLAUDIO BRESCIANI / EFE
iraia vieira gil
2022ko irailaren 23a
15:22
Entzun

Klima aldaketari aurre egiteko grebara deitu du gaurko Fridays For Future gazte mugimenduak nazioarte osoan. Euskal Herrian, esaterako, Donostian eta Iruñean egin dituzte protestak, 17:30ean eta 18:30ean, hurrenez hurren.

Energiaren eta kontsumo ondasunen prezioen igoera salatu dute haietan. Argitaratu berri duten txosten batean, arazo horiek konpontzeko ezer ez egitea leporatu diete instituzioei, eta energia eredua aldatu beharra dagoela aldarrikatu dute. Grebaren bitartez, pertsonak, gorputzak, herrialdeak eta Lurra bera babesteko energia sistemaren aldarrikapena egin dute. Energia «pertsona guztien eskubidea» delako eta ez soilik «pribilegioa».

Gazte mugimenduak, gainera, komunitateak, eraginkortasuna eta autokontsumo kolektiboa sustatzen duen eredu energetiko eta ekonomikoaren alde egin du. Horretarako, baina, «azpiegitura fosil berriak geldiaraztea» eta «estatu espainiarra Energia Gutunaren Itunetik ateratzea» ezinbestekoa dela uste du. «Gobernuek gas gehiago inportatzeko ereduaren alde egin dute krisi honetan, nahiz eta erregai fosilen menpe egotea arriskutsua den». Eta adibide jarri ditu El Musel gasifikatzailea eta MidCat gasbidea.

Bestalde, oligopolio energetikoak desagertu behar direla esan dute ekologistek, horiek baitira «hein handi batean» klima aldaketaren erantzuleak.

Eredu energetiko honek, gainera, ez du eragin bera pertsona guztiengan. «Suntsitzailea da pribilegiorik ez duten pertsonentzat, eta gurpilaren gainean daudenentzat, ordea, eramangarria». Horren harira, Hegoaldeak Nazioarteko Diru Funtsarekin duen zorra aipatu dute: zorrak «harrapaturik» dauzka herrialde horiek, eta erregai fosilen aldeko inbertsioek «bidezko trantsizioa» izatea galarazten dute.

Amaitzeko, pertsona migranteak eskubide osoko biztanleak direla salatzen duen Esenciales kanpaina ere kaleratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.