Sexu berekoek «bikote zibila» osatzeko eskubidea dutela adierazi du Frantzisko aita santuak, eta hori bermatzeko lege berri bat galdegin du. Evgeny Afineevsky zine zuzendariak egindako Francesco dokumentalean jasota daude Frantzisko aita santuaren adierazpenak; Erromako Zinema Jaialdian estreinatu zuten Afinnevskyren lana, atzo. Besteak beste, aita santuaren gertuko pertsonen hitzak, haren diskurtsoen pasarteak eta hari egindako elkarrizketa bat daude jasota bi orduko dokumentalean.
Oihartzun handia izan dute aita santuaren hitzek, lehen aldia baita homosexualen ezkontzak publikoki defendatzen dituena. Frantzisko aita santuak homosexualen eskubideen inguruan esandakoak eragin du zalaparta, bereziki. Ezkontza hitza ez du espresuki aipatu, baina defendatu du «bikote zibila» osatzeko bermeak izan behar dituztela sexu bereko pertsonek. Honela esan du, hitzez hitz: «Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Bikote zibila osatzeko lege batek egon behar du, modu horretan lege babesa izango dutelako. Inor ez litzateke zorigaiztokoa izan behar arrazoi horregatik».