Frantzisko aita santua Loiolara gonbidatu du Urkulluk gutunez

Ricardo Blazquezen bidez helarazi dio gonbita.Bergoglio jesuita denez, ignaziotar bidearen urte santua aurten izango dela baliatu nahi du

Frantzisko aita santua, herenegun, Vatikanoan, turistak agurtzen, meza eman ostean. ETTORE FERRARI / EFE.
Erredakzioa
2015eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Frantzisko aita santuari «Euskadi bisitatzeko» gonbit formala egin dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, gutunez. Zehazki, 2015. urtean Loiolako santutegia (Azpeitia, Gipuzkoa) ezagutzera gonbidatu du, uztailaren 31n ignaziotar bidearen lehen urte santua hasiko dela aprobetxatuta. Izan ere, jesuita da Jorge Mario Bergoglio.

Duela bi aste inguru egin zion Urkulluk gonbita aita santuari, eskutitzez, Lehendakaritzak baieztatu duenez. Ricardo Blazquez Bilboko gotzain ohiaren bidez helarazi zion gutuna Frantziskori; Espainiako Elizbarrutiko presidente dihardu egun Blazquezek. Oraingoz, gonbitak ez du erantzunik jaso.

Edonola ere, aita santua gonbidatzeko ideia aspalditik izan du buruan lehendakariak. Ekainean, Felipe VI.a Espainiako errege izendatzeko ekitaldietan, horretaz mintzatu ziren Urkullu eta Blazquez. Aurretik ere auzia Loiolako jesuitekin hitz egina zuen Jaurlaritzako buruak.

Hain justu, Loiolan «zirrara handiz» bizi izan zuten Frantziskoren izendapena, 2013ko matxoan, lehen aita santu jesuita bihurtu baitzen Bergoglio; Azpeitian daude Jesusen Lagundiaren sustraiak. Halere, egun santutegian bizi diren jesuitetako batek ere ez du Frantzisko ezagutzen, eta Vatikanora heldu aurretik ere Bergoglio bertan izan zenik adierazten duen dokumenturik ez dago. 1950eko hamarkadan sartu zen Jorge Bergoglio Jesusen Lagundian, 20 urte pasatxo zituela; Argentina jaioterrian, jesuiten buru izan zen 1970eko urteetan.

Joan Paulo II.aren bisita

Frantziskok Urkulluren gonbidapena onartuko balu, baina, ez litzateke izango Loiola bisitatzen lehen aita santua: Joan Paulo II.a 1982ko azaroan izan zen Azpeitiko santutegian; 200.000 pertsona inguruk egin zioten harrera. Nafarroara ere joan zen bidaia hartan, Xabierko gaztelura, San Frantzisko Xabierkoaren jarraitzaile baitzen. 26 urteko agintaldian —1978tik 2005era izan zen aita santu— Euskal Herrira eginiko bisita bakarra izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.