Lurraldetasuna

Frantziaren besta egunean protestak izaten ari dira Ipar Euskal Herrian

Xuti Gazte kolektiboak ikurrinak ezarri ditu Frantziako administrazioen egoitzetako atarietan. U14 kolektiboak deituta manifestazio abiatu da Donibane Lohizunen.

Departamendu kontseiluaren atarian ikurrina ezarri du Xuti Gaztek. PATXI BELTZAIZ
2023ko uztailaren 14a
13:52
Entzun

Uztailak hamalau ditu, eta Frantziako besta egun nazionala da egun. Ipar Euskal Herrian, ordea, protesta eguna da gaurkoa: Xuti Gazte taldeko kideak goizetik ari dira ekintzak egiten. Frantziako Estatua ordezkatzen duten administrazioen egoitza aitzinetan izan dira, eta ikurrinak zintzilikatu dituzte. Baionako suprefeturan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzan, Bordeleko akademia ikuskariaren Baionako bulegoetan eta Baionako auzitegian izan dira kolektiboko gazteak.

«Besta egun arrotz hau Ipar Euskal Herriko gazteon nahiaren aurka inposatzen zaigu. Izan ere, urte osoan inposaketaz itotzen gaituen frantziar proiektua ezkutatzen da besta egun honen gibelean. Gazteon zapalkuntzan oinarritzen den eredua da Frantziarena, gure bizitzen kontura elikatzen den eredua», salatu dute gazteek prentsari igorritako agiri baten bidez. Horren aurka, hau aldarrikatu dute: «Gazte abertzale eta ezkertiar guztiok elkarrekin borrokatu behar dugu, amesten dugun Euskal Herri horretara iristeko urratsak eginez. Badakigu erronka handia dela, baina ez dugu bidea bakarrik egin nahi: lurralde, sentsibilitate eta mota guztietako gazteekin batera egin nahi dugu, gazte guztiona izanen den proiektu baten alde».

Arratsaldean, U14 kolektiboaren deia

U14 kolektiboak 18:00etan Donibane Lohizunen (Lapurdi) elkartzeko deia egin du, manifestazioa egin gogo baitute, Borrokaz aska dezagun herria lelopean. «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da» oihuen artean hasi da martxa jadanik. Adam makaroi saltegian tindaketa egin dute, Senperen salgai den etxe bat erosi nahi baitu jabeak. Horrez gain, arroltzeak jaurti dituzte etxe agentzietara.

Manifestazioa bere bidea egiten ari da Donibane Lohizuneko karriketan barna. «Presoak kalera, amnistia osoa» ohiuak ez dira falta. Hirian eraikitzen ari diren polizia etxe berrian «Justizia Nahelentzat» idatzi dute, Parisen Frantziako Poliziak erail duen gazteari erreparatuz. Aurrerago, Frantziako besta egun nazionalean, Frantziako banderak kendu dituzte hilen monumentutik. Ziburuko portuko egoitzaren gainean, Iraultza antolatu banderola ere erakutsi dute manifestariek. Dagoeneko, bukaerako ekitaldian dira martxazaleak, Ziburuko pilotalekuan.

Azken egunetan, kolektiboak bere gain hartu ditu bi ekintza: Ipar Euskal Herriko hainbat herritako sartzeetan frantsesezko panelak tindatu zituzten lehenik, eta, herenegun, Hendaiako (Lapurdi) turismorako tren ttipian «Turistak kanpora» idatzi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.