Larrialdi egoera Frantzian. Eguzki Urteaga. EHUko irakaslea

«Frantzian ez dago batasun nazionalik»

Urteagak uste du bi moldaketa egin behar dituela Frantziak: haren politika militarra «erabat» aldatu, eta immigrazio politikak «birplanteatu», integrazio soziala lortzeko.

GAIZKA IROZ / LE JOURNAL.
ander perez zala
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Eguzki Urteaga (Miarritze, Lapurdi, 1973) soziologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Arretaz kasu egiten dioFrantziako egoera politikoari. Zalantzan jarri ditu jihadismoak han duen eraginari aurre egiteko erabili diren politikak.

Zer egoera politikotan sortuko da Guardia Nazionala?

François Hollandek esan du Guardia Nazionalaren banaketa lurralde frantses osoan egingo dela, modu adostuan tokiko hautetsi eta agintariekin. Nahi duahal den neurrian legebiltzarkideak eta departamenduak ere bere proiektuarekin lotzea, ahalik eta adostasunik zabalena izan dezan, eta kritikarik ez jasotzeko. Nizako atentatuen ostean, ez dago batasun nazionalik. Oposizioak atentatuaren gauean bertan kritika zorrotzak egin zizkion Hollanderi, esanez ez zituela hartu egoerak eskatzen zituen segurtasun neurriak. Kontuan hartu behar da Frantzia larrialdi egoeran dagoela eta atentatu odoltsuak pairatu dituela. 2015ean bi atentatu egon ziren, eta ikusi da Hollanderen, komunikabideen eta oposizioaren erreakzioak desberdinak izan zirela bi atentatuen ostean. Charlie Hebdo-ren ondoren, batasun nazionalaren izpiritua nagusitu zen. Mobilizazio jendetsua egin zen Parisen, atzerriko agintariak etorri ziren, eta abar. Aldiz, Bataclaneko atentatuaren ostean, larrialdi egoera jarri zuen presidenteak, eta oposizioak jarrera kritikoagoa izan zuen. Hainbat neurri hartu ditu orduz geroztik: larrialdi egoeraz gain, Sentinelle operazioa, 10.000 militarrek segurtasun publikoa bermatzeko helburuarekin.

Segurtasuna bermatzeko orduan, bide onean doaz Hollande eta haren gobernua?

Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuaren ostean, ez zen larrialdi egoera aplikatu, baina onartu zen lege bat, non Poliziak eskubidea zuen edozein dei edo Internet bidezko komunikazioak kontrolatzeko eta zaintzeko,inongo baimen judizialik gabe. Horrek botere handiagoa ematen zion Poliziari, eta, ondorioz, kontrol judiziala eta demokratikoa txikitzen zen. Bataclaneko atentatuen ostean, segurtasun politikak bihurgune bat jasan zuen. Horri lotuta dagoen fenomeno bat da atzerriko operazio militarrak areagotu dituela Frantziak, bonbardaketak batez ere. Hollandek erabat ezkutatu ditu atentatu horien jatorrian dauden bi fenomeno nagusi. Batetik, bera dela V. Errepublikan esku hartzemilitar gehien agindu duen presidentea. Egin dira Malin, Afrika Erdiko Errepublikan, Sirian, Afganistanen, Iraken. Eraso militarrak areagotzen diren neurrian, arriskua ere areagotzea dakar horrek. Beraz, erakunde eta mugimendu jihadisten erantzuna da eremu frantsesean atentatuak egitea. Baina hori eztabaida politikotik at dago. Apenas aipatzen den frantziar komunikabideetan. Auzi horrek berebiziko garrantzia du. Bestalde, jatorrian dagoen bigarren fenomenoa da atentatu horien egile gehienek frantses nazionalitatea dutela. Frantzian jaioak dira, eskolatuak eta lan egiten edota lan bila zebiltzan herritarrak. Atzean dagoen problematika da integrazio sozialaren gabezia, bai etorkinena eta baihaien senideena ere. Pairatzen dituzte diskriminazio egoerak eskolan, lan munduan eta etxebizitza lortu ahal izateko.

Zer egin behar du gobernuak arazo hori amaitzeko?

Ikusten diren erantzunak epe motzekoak eta segurtasunezkoak dira. Baina egin beharrekoa da galdera onak planteatzea. Alegia, zergatik gertatzen diren atentatuak, eta zergatik diren frantziar herritarrak atentatuak egiten dituztenak. Horrek eragin beharko lituzke bi aldaketa. Bata da erabat berriro planteatzea Frantziak daukan politika militarra Afrikan eta Ekialde Hurbilean; ekintza militarrak utzi, eta haren rola zein den planteatzea. Eta bestea izango litzateke epe ertain-luzera, baina gaurtik hasita: immigrazio politikak berriro planteatzea. Modu integralagoan, etorkinek eta haien senideek aukera izan dezaten integrazio soziala benetan eraginkorra izateko. Horrek dakar pertsona horiek erraztasun handiagoaizatea eskola ibilbidea egiteko, etxebizitza lortzeko, lan munduan errazago sartzeko, ordezkapen handiagoa izateko espazio politikoan, eta abar. Adibidez, Asanblean apenas dagoen jatorri etorkina duen diputaturik, nahiz eta demografikoki frantses biztanleen %25ek dituzten senide etorkinak. Politika askoz ere integralagoa jarri behar da abian. Askotan aipatzen dira konponbideak, baina gero ez dira aurrera eramaten, eta, orduan, arazo horiek iraun egiten dute. Ez bada hori egiten, beti emango dira berriro ere erantzun berdinak, ondorio berdinekin.

Guardia Nazionalean herritar boluntarioak sar daitezke. Arrakasta izango du Ipar Euskal Herrian?

Atentatuen ostean, frantziar abertzaletasunaren eta nazionalismoaren goraipatze prozesu bat egon da. Batasun nazionalari behin eta berriz dei egiten zaio. Frantziaren berezitasuna da, Iraultzaz geroztik, errepublikanismoa eta frantses nazionalismoa nahastu egiten direla. Balio errepublikanoen izenean nazionalitatea sustatzen da, Marseillaise kantarazi, bandera frantsesak toki guztietan ikusten dira... Giro hori dago oraintxe. Eta horrek badu inpaktu bat gazteriaren eta biztanleriaren zati batean. Ondorioz, erreserbista izan nahi duten kopurua handitzen ari da. Iparraldean, atentatu horiek izan ondoren egon da, beste eskualdeetan egon daitekeen bezala, abertzaletasun horren aldeko joera.

Mugimendu antimilitarista indartsua dago eremu horretan?

Iparraldean egon zen mugimendu nahiko indartsu eta garrantzitsu bat, soldadutza derrigorrezkoa zenean. Baina, Jacques Chiracek bertan behera utzi zuenean, mugimendua desegin zen. Batik bat, uste zuelako bere helburua bete zuela. Gaur egun, ez da ikusten jarrera antimilitarista esanguratsurik maila horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.