Gorka Ovejero. Barcinari tartak jaurtitzeagatik zigortua

«Frantzian egitea baliatu dute bi urtera jaisteko; ez gaituzte zigortu nahi izan»

BERRIA.
2013ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bi urteko zigorra jaso du Gorka Ovejerok (Zumarraga, Gipuzkoa, 1972), Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tarta bat jaurtitzeagatik. BERRIAren webgunean elkarrizketa egin zioten atzo.

Ikusita ezarritako zigorra eta Espainiako Gobernuaren Herritarren Segurtasunerako Legea, zein aukera ditu desobedientzia zibilak? Jon.

Desobedientzia zibilak bide zailak izan ditu beti. Lege honek bidea zaildu eta gogortuko du, dudarik gabe, baina desobedientzia zibilaren indarra legeari barre egitea, ekintza txundigarriak egitea eta jendartearen babesa lortzea izan dira, batik bat Euskal Herrian. Gure lana da bide horretan sakontzen jarraitzea.

Orain zigorra zein den jakinda, berriz egingo zenuke gauza bera?

Baietz erantzun nuen foruzainek askatu nindutenean, baietz Auzitegi Nazionalera deitu gintuztenean eta baietz epaiketa bukatu zenean. Eta kartzelan bukatu izan bagenu, fiskaltzak eta Barcinak helegiterik jarriko ote duten oraindik ez dakigu, kartzelatik aterata gauza bera esan ahal izatea gustatuko litzaidake.

Epaiketan, tartak bota izana ukatu zenuten. Zergatik jo zenuten estrategia horretatik? Hitz egin zenuten epaiketan desobedientzia zibilaren defentsa irekia egiteaz? Intza.

Horrek sortu digu kontzientzia arazorik handiena! Gure abokatuen defentsa estrategia izan zen, denbora faltagatik haiekin ongi eztabaidatu ezin izan genuena. Harrigarria da, bai, bi urtez ekintza ukatu gabe aritu ondoren epaiketan horixe bera egitea. Labur esanda, gure lekuko gehienak atzera bota zituzten. Frantziako Estatuan katedradun batek egin zigun txosten juridikoa atzera bota ziguten, beste hainbat froga eskaera ere ez zizkiguten onartu.... Era berean, fiskaltzak ez zuen behar bezalako ikerketa egin gu inkriminatzeko. Hori ikusirik, gure abokatuek egiletza dudan jartzea ildo garrantzitsua zela erabaki zuten. Desobedientzia zibilaren ikuspegitik, dena den, ez da erabakirik koherenteena, baina Auzitegi Nazionaleko epaiketa fartsa hutsa izan zen, eta gu haien mailan jarri ginen.

Zigor eskaerak aintzat hartuta, bi urteko zigorrak lasaitu ala haserretu egin zaituzte? Miren U.

Auzitegi Nazionalean epaitzen gintuzten euskaldunak izanik, bi urteko zigorra lasaitzeko modukoa izan zen, guk oso argi baikenuen absoluzioa ezinezkoa zela (juridikoki balizkoa baina politikoki ezinezkoa) eta lau urteko kartzela jasoko genuela ziur geunden. Duda bakarra zen aringarri bat jarriko ote ziguten kartzela saihesteko edo ez. Erabaki politiko hutsa izan den epaia jaso dugu. Espainiak gu epaitzeko jurisdikzioa baduela berretsi dute, gure ekintza atentatua izan zela berretsi dute, gu izan ginela frogatutzat eman dute eta, azkenik, Frantziako Estatuan zabaldu zuten ikerketa «epaituriko kausatzat» hartzerik ez zegoela erabaki dute. Hau da, gure defentsako argudio guziak ukatu dituzte, eta fiskaltzarenak onartu. Horrekin, sei urte, edo bost, edo lau ezar ziezaguketen, eta hala egin dute: lau urte bota dizkigute, eta aringarri gisa Frantzian egin izana baliatu dute bi urtera jaisteko. Ez gaituzte kartzelatu nahi izan.

Egia aurretik daramaten azken mohikanoak ez al gara izango? Nola egokitu desobedientzia zibila kode berriaren garaietara? Jesustxu.

Borroka armatua muturrera eraman duten euskaldunez inguraturik gaudenez, gure borrokak ia haurren jolasa ematen du. Mohikanoak garelako sentipena geroz eta handiagoa badugu, AHTaren aurkako borrokan geroz eta jende gutxiago gabiltzalako izanen dugu. Kode aldaketari oraindik bide parlamentario luzea gelditzen zaio, eta Europatik ere abisutxo bat eman diete. Ikusteko dago zertan gelditzen den, eta horren arabera, ekintza motak egokitu beharko ditugu. Irudimena zabaldu!

Ematen du berezko arrazoia bidean gelditu dela eta ekintzak hartu duela protagonismoa, hau da, AHTa sarraskia dela alboratu eta tartakadak dira mintzagai. Nola egin aurre herri mugimendutik hedabideek sortzen duten zurrunbilo horri?Animo! Itziar.

Komunikabide nagusiek tartakaden auziari eta zigor eskaeren neurrigabetasunari heldu diete, AHTaren borroka bigarren, hirugarren mailan utzirik. Hasieratik, ekintzen helburua AHTaren gaia mahai gainean jartzea izan da, baina hori ez da beti posible. Komunikabide alternatibo, euskaldun eta jatorretan, AHTaren aurkako mezua emateko denbora eman digute, eta interesa erakutsi dute. Beste askotan, aipatu ere ez. Gu AHTaren aurkako mezuak sartzen saiatu gara toki guzietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.