Gaitzik txikienaren alde egiteko hainbat eragile politikok eginiko deialdiak ondo funtzionatu du Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuan %17ko aldea atera dio Emmanuel Macron hautagai liberalak eskuin muturreko Marine Le Peni. Ipar Euskal Herrian, berriz, %31koa izan da aldea. Boto zurien kopurua eta abstentzioa ere altuagoak izan dira hauteskundeetako lehen itzulian baino.
Macronek botoen %65,5 eskuratu ditu: 106.017 boto, alegia. Le Penek, berriz, %35,5: hau da, 55.879 boz. Lehen itzulian lortutako emaitzak bikoiztu ditu kasik eskuin muturreko hautagaiak. Kontrara, hiriburu guztietan nagusitu da Macron, eta baita hiri handietan ere. Baionan botoen %66,4 eskuratu ditu; Miarritzen, %71,8; Donibane Lohizunen, %68,7, eta Angelun, %68,5.
Iparraldeko 158 udalerrietatik bakarrik lau herri txikitan irabazi du eskuin muturrak: Gixunen (Lapurdi), Bankan (Nafarroa Beherea) eta Etxarrin eta Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa). Mendiben (Nafarroa Beherea) berdinketa teknikoa gertatu da. Lehen itzulian Jean Lassalle nagusitu zen Bankan, Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa) eta Mendiben.
EH Baik kezka agertu du hauteskundeen bigarren itzulian Ipar Euskal Herrian izan diren emaitzei begira. «Nahiz eta eskuin muturraren kontrako bozka nagusitu den, Marine Le Penen alderdiaren gorakada nabarmena da bai Frantzian, bai Ipar Euskal Herrian», adierazi dute ezkerreko abertzaleek ohar batean. «Hautesle hauen artean, kexua adierazi nahi izan duten hainbat pertsona daudela pentsa daiteke. Hala eta guztiz ere, RN alderdiaren ideien normalizazio bat gertatzen ari da, eta beldurgarria da ikustea herri batzuetan lortu dituen emaitzak».
Emaitzak xehekiago begiratuta neurtu daiteke eskuin muturrak izan duen gorakada. Bost urtean anitz emendatu da errolda: 14.029 hautesle gehiago daude Ipar Euskal Herrian 2017an baino. Orduko emaitzekin alderatuta, Macronek 11.340 boz gutxiago eskuratu ditu aurten bigarren itzulian, eta Le Penek, 19.868 gehiago.
Boto zuria eta abstentzioa
Nabarmena izan da, ordea, eskuin muturra gelditzearren Macroni bozkatzearekin konformatzeari uko egin dioten herritar kopurua. Lehenengo itzulian 2.731 boto zuri zenbatu zituzten, eta bigarrenean 16.079ra handitu da emaitza. Abstentzioa ere oso handia izan da halako bozketarako: %25,02 (lehen itzulian baino hiru puntu gehiago). Duela bost urte baino 7.757 hautesle gehiagok jo dute abstentziora bigarren itzulian.
Zuberoako Lexantzü herriko emaitza aipagarria da alde horretatik, bozkatu dutenen gehiengoak boto zuri edo baliogabea eman baitu. 48 bototarik hamabost izan dira Macronentzat; zazpi Le Penentzat; hogei zuriak, eta sei baliogabeak. 24 herritar abstenitu dira.
Ipar Euskal Herriko hautesleen laurdena bozkatzera joan ez izana eta xuri eta baliogabeen emendatzea azpimarratu ditu EH Baik ere. «Argi gelditu da LREMen proiektuak eta azken bost urteetan gobernuak eraman politikek ez dutela atxikimendurik».
Legebiltzarrekoei begira
Emaitzak jakin bezain laster protestara atera zen herritar andana igande gauean, Macron presidente hautatu berriari lehen minututik oposizioa erakusteko asmoarekin. EH Bairen iritziz ere karrikan eraman beharko da eskuina eta eskuin muturraren kontrako borroka. «Eskuin muturra borrokatzeko engaiamendua berresten dugu, bere proiektu politikoak, xenofoboa izateaz gain, ez baitu ordezkatzen sistemari aurre egiteko aterabidea. Datozen bost urteetan, Macron eta bere politika neoliberalaren aurka karrikan segitu beharko dugu. Ez dugu onartuko azken bost urteetan martxan jarritako bide beretik segi dezan (askatasunen murrizketa, beroketa klimatikoaren ukazioa, erretreten erreforma berria…)».
Gainerako indar politiko, sindikal eta elkarte munduko eragileekin batera mobilizatzeko beharra azaleratzeaz gain, ekainean iraganen diren Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeei beha hasiak dira ezkerreko abertzaleak ere. Bihar eginen du prentsaurrekoa EH Baik Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko dituen hautagaiak aurkezteko.