Frantzian aurkitu dute urtarrilaren 29an Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean zen hiru urteko haurra. Onik dago adingabea, eta Frantziako gizarte zerbitzuen esku utzi dute. Ama eta bikotekidea atxilotu egin dituzte. Urtarrilaren amaieran, adingabea heldu batekin zihoala eraman zuen bere amak, bikotekidearen laguntzaz. Hori baino bi egun lehenago geratu zen aldundiaren tutoretzapean, «babesgabe» zegoela erabaki ostean.
Asteazken honetan, Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak esan zuen bazekitela non zen haurra, baina ez zuen horretan gehiago sakondu —kasuaren sumarioa sekretupean da, epailearen aginduz—. Ertzaintzak berehala ekin zion haurra bilatzeari, eta berehala zabaldu zuten ikerketa Schengen eremura; haurraren ama biologikoa eta bikotekidea atzerrira joan zirela uste zuen erakundeak. Aldundiko Gizarte Politiketarako diputatu Maite Peñaren arabera, senideek ez zuten «errorik» Gipuzkoan.
Peñak gaur egin dituen adierazpenen arabera, umea «momentu oro babestuta» egon da. Gipuzkoara bueltatu beharko balu, jada aurkitu dute familia bat adingabea etxean hartzeko prest dagoena.