Frantziako zergen egoitza okupatu dute Bakegileek, Paris akuilatzeko

Frantziako Poliziak kanporatu egin ditu gaua iritsi aitzin. Beste ekintza bat ere prestatu dute gaurko

Miarritzen dagoen Frantziako zergen egoitzara sartu ziren Bakegileak atzo. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bakegileek beste ekintza bat gehitu diote abenduan iragarri eta otsailean abiatutako fase berriari. Miarritzen (Lapurdi) hainbat ekintzailek Frantziako zergen egoitza okupatu zuten atzo goizean, protesta modura. Jakes Esnal eta Unai eta Jon Parot 1990eko apirilean atxilotu zituzten: egunotan 32 urte beteko dira kartzelatuak izan zirenetik. Preso horiek askatzea galdegin dute Bakegileek. Desobedientzia zibilean oinarritutako fasea ireki zuten otsailaren 18an, eta orduz gero egin duten bigarren ekintza izan zen atzokoa. Hirugarrena gaur eginen dute, Hazparnen eta Urruñan (Lapurdi).

Otsailaren 18an Baionako suprefeturan kateatu ondotik, Miarritzeko Frantziako zergen bulegoa izan zuten jomugan atzo. Izan ere, Frantziako Gobernuari helarazi nahi diote aldarria ekintzaileek, eta horretarako okupatu dituzte Paris ordezkatzen duten egoitzak. Emmanuel Macron Frantziako presidentea akuilatu nahi izan dute zuzenean, zintzilikatutako banderola baten bidez: «Beraz, Macron? Euskal presoak zer?».

«Gero eta ekintza gehiago eginen genituela erran genuen, eta hala egiten ari gara. Frantziako Estatuaren sinbolo diren lekuetara joko genuela ere erran genuen», azaldu zuen Anaiz Funosas Bakegileen bozeramaileak.


11:00etan sartu ziren ekintzaileak egoitza barnera, «Jon, Jakes eta Unai gurekin» zioten afixekin. Frantziako Polizia hurbildu zitzaien goizean, baina ez zituzten ekintzaileak kanporatu. Aldi berean, zenbait ekintzaile teilatura igo ziren. Baina 19:00 aldera Frantziako Polizia egoitza barnera sartu eta ekintzaileak banan-banan kanporatu zituen. Ez zen atxiloketarik egon.

Blokeoa oraino

Beste behin, Frantziako Estatuaren «utzikeria» salatu zuten Bakegileek. «Entzunak izan arte segituko dugu. Arazoa sortzen da [Frantziako] Gobernuaren utzikeriagatik, eta bake prozesuaren kontrako jarrerarengatik», adierazi zuen Funosasek. Bestalde, Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzaren jarrera ere izan zuen jomugan, «mendekuan» oinarritutako erabakiak hartzen dituela argudiatuta. Hala, berretsi zuen Jon eta Unai Parot eta Jakes Esnal euskal presoei begira «berehalako erabaki positiboen» zain daudela.

Protesta gehiago

Fase berria blokeo egoera horri aurre egiteko abiatu zuten, Esnal eta Paroten askatasuna «lehenbailehen» lortzeko. «Fase berri hau ekintza azkarrago, ausartago eta ikusgarriagoek markatuko dute», argitu zuen orduan Funosasek. «Ekintza pertsonalak dira, kolektibo baten barruan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan». Atzo, hala, erran horiek berretsi zituen Funosasek, eta Aieteko engaiamenduez honela mintzatu zen: «Hartutako engaiamenduak ez ditugu etengo».

Bada, geroz eta ekintza gehiago egiteko borondatea erakutsi du taldeak, egoera «desblokeatzeko» asmoz. Atzo protesta eguna izan zuten, eta gaurkoa ere hala izango dute. Bi ordu eman dituzte goiz honetarako. Herritarrei autoz hurbiltzeko eskatu diete, eta 09:30ean elkartzeko bi leku finkatu dituzte. Urruñan, Intersport dendako aparkalekuan izanen dira, eta Hazparnen, Harana plazako aparkalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.