Lan gatazkak

Frantziako tren kontrolatzaileek Urteberri asteburuko greba etetea erabaki dute

Ostegun arratsean, SNCF Frantziako tren konpainiak bilkura egin zuen sindikatuekin, urteberriko asteburuko greba eten zezaten. Konpainiaren proposamen berriak onargarriak iruditu zaizkie tren kontrolatzaileei; beraz, greba amaituko dute astelehenetik aurrera.

artxiboko irudia, tren bat Hendaiako geltokian. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2022ko abenduaren 23a
12:53
Entzun

SNCF Frantziako tren konpainiako kontrolatzaileek abiatu zuten mugimendu soziala. Grebarako bi aitzinabisu jarri zituzten sindikatuek: bata abenduaren 23tik 26rako, eta bestea abenduaren 30etik urtarrilaren 2rako. Lanbidearen berezitasunen onarpen handiagoa aldarrikatzen zuten langileek, eta lansariak eta lan baldintzak berriz baloratuak izan zitezen. Abenduaren 22an, ostegunarekin, tren konpainiako ordezkariak sindikatuekin bildu ziren proposamen berria aurkezteko. Sindikatuei eta tren kontrolatzaileei egokia iruditu zaie proposamena, eta erabaki dute bertan behera uztea abenduaren 30etik urtarrilaren 2rako greba deialdia .

Tren kontrolatzaileen eskakizuna lanbidearen berezitasunen onarpen handiagoa zen: zehazki, lansari handiagoa eta lan baldintza hobeak. SNCF konpainiak, hasieran, urteko 600 euroko prima proposatu zien. Kontrolatzaileek uko egin zioten proposamenari, ez zuelako bat egiten eskakizunekin. Orduan, konpainiak, osteguneko bilkuran, prima altuago bat eskaini zien, 720 eurokoa, baina ez hori bakarrik. Horrez gain, zin egin zien beste berrehun kontrolatzaile kontratatuko zituela, eta erran zuen kontrolatzaileen ordezkaritza bat sortuko zuela, kontrolatzaileen beharrak hobeto uler zitzan.

Sindikatuek ostiral eguerdira arteko denbora zuten konpainiari erantzuteko. Gaur jakinarazi dute proposamena sinatu dutela eta 30etik urtarrilaren 2rako grebaren aitzinabisua kentzea erabaki dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.