Saltzaile bat bahitua zuen gizon bat hil du Frantziako Poliziak Bidarten

Erasoa atzo gertatu zen, 19:30 irian. Gizona, militar ohia, armaturik sartu zen herriko gasna saltegi batera, eta saltzailea bahitu zuen. Baionako prokuradoreak uste du bere buruaz beste egin nahi zuela.

Bahiketa gertatu den Erretegia gasnategia, Bidarten. GUILLAUME FAUVEAU
Bahiketa gertatu den Erretegia gasnategia, Bidarten. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko martxoaren 12a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

19:30ak irian, atzo, Bidarten (Lapurdi), gizon bat armaturik sartu zen Erretegia gasna saltegira. Bertan lanean ari zen emaztea bahitu, eta Polizia deitzea galdetu zion. Hura iristean, emaztea baztertu eta tiroka hasi zen erasotzailea: Poliziak erantzuna eman zuen, eta gizona hil zuen. Gasnategiko saltzailea salburik atera da, eta beste inor ez da zauritu.

Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapeza da. «Harriturik» egon da kontatu diotelarik zer gertatzen ari zen: «Are gehiago ongi ezagutzen dudan Bidarteko neska gazte bat baitzen». Eta bi gauza agurtu nahi izan ditu: «Alde batetik, bahitua izan den pertsonaren erreakzio ikaragarria, aparteko lasaitasuna; eta, bestalde, biziki fite iritsi den Poliziaren erreakzioa».

Baionako prokuradore Jerome Bourrierek eman duen informazioaren arabera, 54 urteko militar ohia zen bahitzailea: «Hamabost urteko ibilbidea zuen armadan: kanpoko operazio bortitzak, trauma osteko sindromea...». Gizonak ez zuen harremanik Lapurdiko kostaldearekin; Bordele (Okzitania) aldekoa zen. Halere, hotel ganbera bat hartua zuen Baionan, Poliziak goizean ikertu duena: «Bertan atzeman dituzten elementuek pentsarazten dute gizonak bere buruaz beste egin nahi zuela». «Poliziaren bitartekaritzazko suizidioa» deitzen zaion antzeko eszenaratze batekin egiten dute lotura.

Bi ikerketa ireki dituzte: lehena, hilketa saiakeragatik, eta bigarrena, Poliziak armak nola erabili zituen ikertzeko. Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen arabera, «eraso terrorista bat izatea baztertua da». Prentsaurrekoa egin du gaur goizean, Baionako Auzitegian.

«Zuek ere prest zarete Frantziarendako hiltzeko?»

Gasnategiko saltzailea atzo arrastirian denda hestera zihoala, gizon bat armaturik sartu zen bat-batean, pailazo maskara batez burua estalirik. Sable baten eta pistola automatiko baten itxurako armak zituen berekin. Bourrierek zehaztu duenaz, saltzaileak fite ulertu zuen zer gertatzen ari zen, eta, «oso lasai, denbora irabazten saiatu zen».

Prokuradorearen kontakizunari jarraikiz, gero erasotzaileak Poliziaren deitzeko galdetu zion biktimari: «Laster esku hartu zuten, eta, iritsi zirelarik, gizona biktimarekin atera zen kanpora, saltegi aitzinera». Sablea biktimaren zintzurrera ekarri zuen, pistola beti eskuan. Negoziazioak hasi ziren, labur. Bere pailazo maskara atera zuen gero, baina ez zioten begitarterik ikusi: kaputxa beltz batez estalia zuen. Eta, bat-batean, biktima baztertu zuen, urrunago zuen autoa erakutsita; biktima lasterka abiatu zen.

Azkenean, Poliziari zuzendu zitzaion erasotzailea: «Zuek ere prest zarete Frantziarendako hiltzeko? Ni bai». Bi tiro entzun zituzten poliziek. Erantzun gisa, tiro egin zuten horien aldi, eta erasotzailea larri zauritu. Bourrierek azaldu duenaz, «negoziatzen entseatu dira, eta tiroen ondotik lehen sokorriak ekarri dizkiote gizonari, sorospen zerbitzuak heldu bitartean».

Zehaztekoa da erasotzailearen arma faltsua zela: tiro baten harrabotsa egin lezake, baina ezin lezake hil. Tiroak, gainera, biktima baztertu ondotik egin zituen gizonak; haatik, poliziek kontsideratu zuten lanjerean zirela, eta hamabost-hogei tiro egin zizkioten. Prokuradorearen arabera, «poliziek ezin zuten jakin [arma] faltsua zenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.