Frantziako Kasazio Auzitegiak iazko abenduaren 18an ebatzi zuen David Pla euskal preso ohiaren aurkako euroagindu eskaera onartzea, eta Poliziak atxilotu egin du gaur, Hendaian (Lapurdi), polizia etxera sinatzera joan denean. Hendaian bizi da Pla (Iruñea, 1975), familiarekin, eta, espetxe zigorra osorik beteta iazko apirilean aske geratu zenetik, astean bitan joan da polizia etxera sinatzera, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibo bategatik.
Baionako espetxean sartu dute Pla, behin-behinean, eta hamar egunen buruan Espainiaratu beharko lukete. Abokatuak eta sendiak ez dute beste berririk, oraingoz. Gaur 19:00etan elkarretaratze bat izango da Hendaian, herriko etxearen aurrean. Bihar, berriz, Etxepare Baionako Lizeoan egingo dute elkarretaratzea, 13:15ean, bertako ikasle asanbladak deituta, David askatu! lelopean —Etxepareko ikaslea da Plaren seme Aitzol—.
Espainiako Auzitegi Nazionalak (h)Alboka auzian sartua du Pla, ETAko kide izatea egotzita, eta euroagindu eskaera egin zuen. ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» leporatzen die auzikoei Madrilek. Pla iaz Parisek etakide izateagatik epaitu eta zigortu zuenez, Madrilek orain ezingo luke epaitu delitu bera leporatuta.
EH Baik ohar batean «gogor» salatu du atxiloketa. «Gure herrian bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jarrera eta ekintzak izan beharrean, bi estatuek nahiago dute konfrontazioan oinarritutako agertokia mantendu eta eraiki. Modu eta jarrera horiekin, gure herriko gehiengo sozial eta politiko handi baten nahietatik urruntzen dira, euskal gizartearen gehiengo oso zabal batek askotan eta modu askotara adierazi duelako bakea eta elkarbizitza eraikitzea nahi dituela», esan du EH Baik.
Bake Bidea eta Bakegileek ere gaitzetsi dituzte atxiloketa eta «neurrigabeko kartzelatzea». «Agintari politikoei gogorarazi nahi diegu joan den urtarrilaren 11n 10.000 pertsona ginela, joera desberdinetako hautetsiak, baita esparru desberdinetako eragileak ere, Emmanuel Macron [Frantziako] presidenteari gogorarazteko ez dela historia errepikatu behar, eta bere hitzak ekintzak bilakatu behar dituela».
Sortuk deitoratu du Plari leporatu dizkioten egitateek ez izatea oinarri juridikorik, «ikerketan frogatuta gelditu zen moduan». Sorturen esanetan, «ez da kartzelak betetzeko garaia, hustekoa baizik, bake eta askatasun agertoki berri bat eraiki nahi badugu».
Pla egon ez zen 2008ko hitzordua
Frantziako Dei Auzitegiko instrukzio ganberak iazko azaroan onartu zuen euroagindu eskaera, eta defentsak Kasazio Auzitegian helegitea aurkeztu zuen. Espainiak esaten du Plak 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat izan zuela etakide batekin, baina Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak frogatu zuen hura orduan ez zegoela han, baizik eta Paris aldean, euskal preso bat bisitatzen. Plak joan den abenduan BERRIAri azaldu zion Frantziako Poliziak berak egiaztatu izan duela hori. «Joan den otsailean Parisen egin ziguten epaiketan atera zen 2008ko ustezko bilera haren aipamena: Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batean ikusi zen Espainia zuzena ez den datu batean oinarritu dela euroagindua eskatzeko, ni ez bainintzen izan ustezko bilera horretan. Izan ere, bere garaian Poliziak Fresnesko espetxera deitu zuen, eta erregistroan agertzen da ni 2008ko maiatzaren 17an euskal preso bat bisitatzen izan nintzela». Zehazki, Kizkitza Gil de San Vicente bisitatzen. Cachenaut abokatuak Poliziak horri buruz daukan akta eman zien epaileei.
Cachenautek udazkeneko auzi saioetan azaldu zuen, batetik, Espainiak aipatzen duen gertakaria Frantziako Estatuaren lurraldean gertatu zela; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atxilotu zuenean Hendaian, prozedura bat ireki zuela, eta, gainera, epaileak handik egun gutxira kargurik gabe aske utzi zuela. Ondorioz, abokatuaren ustez, bazen euroagindua ez onartzeko arrazoirik eta jurisprudentziarik; Parisek, baina, baiezkoa eman zion Auzitegi Nazionalaren eskaerari —Madrilek 2011n aktibatu zuen eskaera, Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroa epaile zela—.
Madrilen erabaki posibleak
Pla Madrilen epailearen aurrera eramaten dutenean ikusiko da behin-behinean kartzelara bidaliko duten ala baldintzapean-edo aske utziko duen, eta, libre geratuko balitz, Parisek urtebeterako Frantziako Estatuan bizitzeko ezarria dion debekuagatik Hendaiara bueltatzerik balukeen.
Azkenekoz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko zuzendaritzako kidetzat jota. Plak gero jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zela. ETAren desegitearen lehen urteurrenean elkarrizketa egin zion BERRIAk.