Hizkuntza eskubideak jomugan

Frantziako konstituzioaren berrikuspena «ezinbestekoa» dela erran du Eskolimek

Hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduetako ordezkariek agiri batean adierazi dute irailaren 15ean Frantziako Gobernuarekin egin zuten bilkura «giro lasai eta eraikikor» batean iragan zela, eta bakoitzarekiko «arretazko elkartrukaketarako» modua egin zuela. «Lurraldeetako hizkuntzei buruzko kontsulta erakunde iraunkor bat» sortzeko xedea iragarri zien Frantziako lehen ministroak.

Eskolim sarekoen protesta, Parisen.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 28a
17:30
Entzun

Heldu den udaberrian iragatekoak diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeak aitzin hizkuntza gutxituen gaia itxitzat eman nahiko luke Frantziako Gobernuak, hauteskunde kanpainan arazo bilakatu ez dadin. Joan den ekainean Frantziako Konstituzio Auzitegiak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako erabakiak hautsak harrotu zituen, eta, ordutik, eragileak lasaitu nahian ari dira Parisen. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zien Jean Castex Frantziako lehen ministroak Martxan alderdiko bi diputaturi, Christophe Euzeti eta Yannick Kerlogoti, eta uztailean egin zuten publiko haien txostena. Hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduetako ordezkariak bitzen dituen sareak «dezepzio» bat zela erran zuen.

Bestelako sentipen batekin atera ziren joan den irailaren 15ean bideokonferentziaz egin zuten bilkuratik. Castexekin eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin bildu ziren, Eskolim sareko sei elkarteetako buruak, hizkuntzen erakunde publikoetako lehendakariak -tartean, Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria-, eta Gilles Simeoni Korsikako lehendakaria. Agiri batean adierazi dute bi ordu eta erdi iraun zuen elkarrizketa «giro lasai eta eraikikor» batean iragan zela, eta bakoitzarekiko «arretazko elkartrukaketarako» modua egin zuela.

Azaldu dute ondoko asteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzan parte hartzen duten eragileekin eta tokiko kolektibitateekin «irakaskuntza baldintzak zehazteko» eraman beharreko «lana ahalbidetzea» nahi duela Frantziako lehen ministroak, «indarrean diren arauak errespetatuz, legezko esparruan, mende erdi baino gehiago daraman koadro pedagogiko ezagutua bermatuz». Eskolimen arabera, Castexek segurtatu zien «konzertatzio honi esker murgiltze sarearen zailtasunei buruz ere -kontratazio, irakaskuntza eta formakuntza baliabideak, azterketa politika-» aritzeko xedea duela. «Agintaldia bukatu baino lehen, bere agindupean liteken lurraldeetako hizkuntzei buruzko kontsulta erakunde iraunkor baten sortzeko xedea iragarri du Lehen Ministroak, hizkuntza guttituen irakaskuntza eta hizkuntzen politiken gaiak jorratzeko gisan».

Bilkuran, erakundeetako ordezkariek berretsi zuten «eraginkortasuna frogatu duen murgiltze pedagogia, gure hizkuntzen transmisioa eta babesa segurtatzen duen oinarria dela, eta hezkuntza ministerioaren betebeharrak segurtatzen dituela». Halaber, azpimarratu zuten Frantziako Konstituzioaren berrikuspena «ezinbestekoa» dela «hizkuntza gutxituak iraunarazteko eta transmisio metodoa babesteko». «Eskolim sareak gobernuburuaren hitz lasaigarriak kontuan hartzen ditu. Iragarritako kontzertazioaren bideratzeari izugarri adi egonen da, eta hartu beharreko neurriak hurbiletik segituko ditu», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.