Murgiltze eredua

Frantziako Konstituzio Kontseiluak zehaztu du ikastolei ere badagokiela debekua

Asteazkenean argitaratutako komentarioa moldatu du, eta murgiltzearen debekua «irakaskuntzaren zerbitzu publikoari» dagokiola idatzi du, zehaztuz, ikastolen gisako itunpeko eskola pribatuak horren baitan sartzen direla. Murgiltzearen aldeko mozioa onartu du Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak.

Maiatzaren 9ko manifestazioa, Baionan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 19a
11:47
Entzun

Nahasmena erabatekoa da. Aste honetan Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako komentarioak besterik ulertzera eman bazezakeen ere, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egiteko debekuak ikastolak ere kontuan hartzen ditu. Hala zehaztu dio l'Express astekariari Frantziako Konstituzio Kontseiluak berak. Aste hasierako idazkian eragileek «gibel egite bat» ikusi bazuten ere, joan den maiatzaren 21ean argitaratu zuen ebazpenaren ildo berean segitzen dute: ikastolak, eta hizkuntza gutxituak murgiltze ereduaren bidez irakasten dituzten gainerako itunpeko eskola pribatuak Frantziako Konstituzioaren kontrakoak dira.

Hiru hitzek erabaki bat aldatu dezakete. Asteazkenean publikatu zuen hikuntza gutxituen legearen kontra maiatzean hartutako erabakia justifikatzeko komentarioa Frantziako Konstituzio Kontseiluak. 15. orrialdean zehaztu zuen «irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik» dela konstituzioaren kontrakoa murgiltzea. «Konstituzio Kontseiluak egiaztatu du, irakaskuntza publikoaren barruan, halako irakaskuntza kontraesanean dagoela Konstituzioaren 2. artikuluaren eskakizunekin». Baina, geroztik, komentarioa moldatu du. Konstituzio Kontseiluaren webgunean komentarioa deskargatzen duenak bestelako formulazio bat aurkituko du, orain, txostenaren 15. orrialdean. Hain zuzen ere, «irakaskuntzaren zerbitzu publikoa» aipatua da bertsio berrian.

Lehen bertsioan irakaskuntza publikoa aipatzen zuen Frantziako Konstituzio KontseiluakFrantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako lehen dokumentuan «irakaskuntza publikoa» aipatzen zuen.BERRIA

Orain, moldatua ageri da dokumentua, eta formulazioak «irakaskuntzaren zerbitzu publikoa» aipatzen du.BERRIA

Michel Feltin-Palas L'Express astekariko kazetariak jakinarazi du galdera egin diotela Frantziako Konstituzio Kontseiluari «irakaskuntza zerbitzu publikoa» formulazioak zer barnebiltzen duen zehazteko. Facebooken argitaratu duenez honek erantzun die, ikastolak bezalako itunpeko eskolak ere sartzen direla. Gaur gaurkoz, ez dakigu noiz egina izan den dokumentuaren aldaketa.

Euskal Elkargoa murgiltzearen alde

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazioak biderkatu dira, azken asteetan. Maiatzaren 29an milaka jende elkartu ziren Baionan egin zen manifestazioan, eta, aste honetan, Baxoa eta Brebeta euskaraz pasa ahal izateko eskubidea aldarrikatu dute Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek, eta okupazioak egin dituzte Ortzaizeko (Nafarroa Behera), Idauze-Mendiko eta Larraineko (Zuberoa) eskola publikoetan, heldu den ikasturtean euskarazko irakaskuntza elebakarra abiatzeko proiektuak onartu diezazkieten.

Gaur goizean, mozio bat onartu du Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak, eta Frantziako Estatuari eskatu diote «murgiltze» proiektu horiek ireki ditzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.