Frantziako justiziak 'bakegileei' itzuli die Luhuson atxikitako materiala

Maiatzean amaitu zen Etxeberriren eta Molleren aurkako epaiketa, haien aurkako zigorrik gabe. Orain, berriz, ETAren armagabetze prozesuan atxikitako materiala itzuli diete, armak salbu.

Frantziako justiziak 'bakegileei' itzulitako materiala. BAKE BIDEA
Frantziako justiziak 'bakegileei' itzulitako materiala. BAKE BIDEA
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 9a
09:35
Entzun

Bake Bideak jakinarazi duenez, Frantziako justiziak Jean Noel Etxeberri Txetx-i itzuli dio Luhuso auziaren harira atxikitako materiala, «arriskutsutzat edo kaltegarritzat jotzen diren armak, munizioak, arma elementuak, aparatuak eta substantzia leherkorrak salbu». Azaldu dutenez, material hori «euskal gatazkaren memoria eta historiaren arloan» lan egiten duen erakunderen baten esku utziko dute orain.

Parisko Zigor Auzitegiak apirilean epaitu zituen Etxeberri eta Beatrice Molle, 2016an Luhusoko Errekartea baserrian (Lapurdi) ETAren armen parte bat desaktibatzeko ekintza egiteagatik, eta, maiatzean erruduntzat jo bazituzten ere, zigorrik ez ezartzea erabaki zuen. Ebazpena irailaren 10ean jaso zuen bi bakegileen defentsak, eta hartan jasoa zegoen 2016ko abenduaren 16an zigilaturiko materiala itzultzeko agindua ere. Hala, Bake Bidearen arabera, Etxeberriri 77 material itzuli zizkioten aurreko ostiralean. Horien parte bat Parisko epaitegian zegoen, eta beste bat Frantziako hiriburuko prefeturan.

Jasotako materialen artean daude armak neutralizatzeko erabili zituzten disketagailua eta fresatzeko makina; munizioa, detonagailuak eta lehergaiak manipulatzeko tresneria; bakegileek elkarrekin komunikatzeko eta hedabideekin harremanetan jartzeko erabilitako hiru telefono; ETAk eta Nazioarteko Egiaztapen Batzordeak armak zigilatzeko erabilitako giltzarrapoak eta giltzak; eta armak etiketatzeko materiala.

Bakegileen esku daude ETAk Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen laguntzarekin egindako armen inbentarioa eta bakegileek Luhusoko operazioaren nondik norakoen inguruan egindako aurreikuspenak jasotzen dituzten dokumentuak.

Errudun, baina aske

Maiatzeko ebazpenean, epaimahaiak azaldu zuen frogatuta geratu zela Etxeberrik eta Mollek armak eta lehergaiak garraiatu zituztela «helburu terroristak zituen erakunde batekin» harremanetan , baina baita auzipetuen «helburua» arma horiek indargabetzea zela ere. Beraz, espetxe zigorrik ez ezartzea erabaki zuen, eta Fijait arau hauste terroristen egileen fitxategi judizialean ez sartzea. Hain zuzen, bi bakegileek epaiketan aitortu zuten helburu harekin jardun zutela. «Gure helburua ez baitzen arma horiek beste delitu batzuetarako erabiliak izatea, horiek neutralizatzea baizik, Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko», adierazi zuen Etxeberrik, ebazpenaren berri izan zutenean. Fiskaltzak, berriz, urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuen Mollerentzat, eta bi urtekoa Etxeberrirentzat; bi kasuetan, gibelapenarekin.

Zehazki, Frantziako Poliziak abenduaren 16an atxilotu zituen Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan, Molle eta Stephane Etxegarai, Luhuson, ETAren armen parte bat esku artean zutela, hura indargabetzeko. Izan ere, hilabete lehenago ETAk adierazi zuen gizarte zibilari eman ziola erakundearen armagabetzea gauzatzeko ardura, Berhokoirigoini, Etxeberriri eta Michel Tubianari bidalitako mezu batean.

Atxiloketek, baina, ez zuten armagabetzea eten, eta Etxeberrik martxoan iragarri zuen apirilaren 8an gauzatuko zela. Ipar Euskal Herriko eta Okzitaniako zortzi kokalekutan egin zuten, eta ekitaldi instituzional bat ere egin zen Baionan. Bezperan, ETAk jada jakinarazi zuen armagabetuta zegoela, BBC telebista kateari bidalitako mezu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.