Frantziako Hezkuntza Ministerioaren «jarrera aldaketa» sumatu du EEPk

Euskara hutsezko ikasgelen irekitzeak sor litzakeen gorabeherak EEPtik kudeatuko dituztela adostu dute Parisen egin duten bilkuran. Brebeta euskaraz egiteko eskubideaz ondoko asteetan erabakiko du Frantziako Hezkuntza ministroak.

Baionako Estitxu Robles kolegioko ikasleak, azterketak euskaraz egitea eskatzeko agerraldian. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 14a
17:40
Entzun

«Inpresio onarekin» atera dira Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak euskarazko irakaskuntza aipatzeko Frantziako Hezkuntza Ministerioan arratsalde honetan izan duten bilkuratik. Bi gai nagusi zituzten aipatzeko: euskara hutsean ari diren ikasgelen irekitzea sare publiko eta pribatuan, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea. Funtsezko emaitzarik gabe atera badira ere, ordu eta erdiko bilkura «biziki giro onean» iragan dela eta «jarrera aldaketa bat» sumatu dutela erran du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak.«Bazen borondate bat guri hitza uzteko eta gure argumentuen entzuteko. [...] Desberdin tratatuak izan gara aitzineko urteei konparatuta». Ondoko asteetarako espero dute ministerioak erantzunak ematea.

Bost solaskide izan dituzte Pariseko bilkuran, horien artean, Thierry Le Goff, ministroaren kabineteko zuzendariordea, Julie Benetti, ministroaren aholkulari berezia, Édouard Geffray DGESCO eskola irakaskuntzaren Frantziako zuzendari nagusia, eta Anne Bisagni-Faure Bordeleko errektorea. Geffrayek joan den abenduan zabaldu zuten zirkularra prestatzeko bilkuretan parte hartu zuela ohartarazi du Kurutxarrik, eta errektorea hor izatea ere baikorki ikusi du: «ministerioan errana izan den guzia entzun du».

EEPko lehendakariaren hitzetan, bilkuran zehar, ontzat eman dute Ipar Euskal Herriko erakundearen zentraltasuna, eta sare publiko eta pribatuan euskara hutsezko ikasgelen irekitzeak sor litzakeen gorabeherak hark kudeatuko dituela adostu dute. Larraineko (Zuberoa) kasua izan liteke adibide bat: herriko ama eskola publikoan euskara hutsean aritzeko adostasun zabala zegoen guraso eta irakasle taldean, baita herriko etxean ere. Guraso bakarra agertu zen kontra, eta horrek blokeatu du proiektuaren abiatzea, aterabide bat atzeman arte. Orain arte, Pirinio Atlantikoetako departamenduko akademia ikuskariak kudeatzen zituen halako aferak, auzapezarekin eta ikastetxeekin zuzenean. Hemendik aitzina, EEPn zentralizatuko dituzte, bertan biltzen baitira Ipar Euskal Herriko instituzio guziak.

Azterketak euskaraz egiteko eskubideaz, brebetaren gaia landu dute bereziki. «Aitortu dute gure argudioak onak zirela eta onartzen zituztela», adierazi du Kurutxarrik. Baina, denbora eskatu dute Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin aipatzeko, hark trenka zezan. «Epe onargarri batean» erantzunen dietela erran dute. Baxoarena «fiteago» aipatua izan da, eta beste hitzordu bat ezartzea hitzartu dute, gaia sakonago aipatzeko. Hala ere, Kurutxarriren arabera, Benedetti aholkulariak onartu du lizeoetako erreformak «kalte» egin ziela hizkuntza gutxituei.

Seaskak, EEP, eta Frantziako Estatuak izenpetzekoa dute hitzarmenaz ez dira aritu, baina Kurutxarriren hitzetan edukia da garrantzitsuena. «Brebetaren gaia trenkatzen bada ez da arazorik izanen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.