Sauveur Bacho. Arberatzeko auzapeza, Batera-ko kidea

«Frantziako gobernukoek ez dituzte Euskal Herriko arazoak biziki ezagutzen»

Iragan astean Frantziako gobernuak Senatuan antolatu mintegietan egon da Sauveur Bacho, euskal lurralde elkargoaren eskakizuna aurkezten. Azalpen lan hori garrantzitsua eta beharrezkoa dela dio

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Euskal lurralde elkargoari begira Ipar Euskal Herrian urrats handiak eginak izan direla eta, orain mezu hori Parisen entzunarazi behar dela dio Sauveur Bachok (1951, Donaixti-Ibarre). Ardura hori guztien esku dela dio.

Tokiko demokraziaz antolatu mintegian errandakoak kontuan hartuak izanen direla dio Frantziako Gobernuak. Hala uste duzu?

Biziki jende mintzatu da; bakoitzak hiru minutu zituen bakarrik mintzatzeko. Sintesi bat eginen dela segur da, baina gero, errandakoak kontuan hartuak izanen diren... hori besterik da. Bukatzeko, Senatuko presidenteak egin zuen diskurtso bat, baina orokorra izan zen, ez zen xehetasunetan sartu. Orain begiratu beharko dugu gobernuak kontuan hartuko dituen errandakoak.

Zuk ere euskal lurralde elkargoaz hitz egiteko aukera ukan zenuen.

RPS Herrien eta Eskualdeen Elkartasuna federazioak galdetua zidan Parisera joatea gai hori aipatzeko. Hiru minutu izanki, bilduma laburra egin behar izan nuen. Aldarrikapen horri buruzko historiko ttipi bat egin eta, aurkeztu nien zergatik orain koska bat gehiago pasa nahi dugun, esperimentaziotik lurralde elkargo batera pasaz. Hautetsien Kontseiluak adostu posturaren dokumentua eman nion batzordeko presidenteari.

Eskaera horretaz jakinean ziren? Sentitu duzu erantzun mota bat?

Ez dut pentsatzen biziki jakinean zirenik. Nik uste, Pariskoek eta tokiko hautetsiek ere funtsean, Euskal Herriko problemak ez dituztela biziki ezagutzen. Zenbaitzuek lehen aldikoz entzun zuten horretaz mintzatzen, eta hori da nonbait gauzarik hoberena, ezagutarazi behar dugulako gure galdea. Nola kontuan hartua izan den? Ez da erraiten ahal, baina pentsatu nahi dut gauzen aipatzeak emeki-emeki bere bidea egiten ahal duela, eta horrela garela ere aitzinatuko. Hori uste dut nik.

Osteguneko Lebranchu eta Hautetsien Kontseiluaren arteko bilkurak garrantzi handia ukanen du.

Bai, pentsatzen dut. Ez da deus trenkatuko, baina garrantzitsua izanen da tenperatura hartzeko. Ordezkaritza badoa bere mezua aurkeztera; mezu hori neurtuko dute Parisen, eta ez da izanen erantzunik egun horretan. Baina menturaz hobeki ageriko da ea borta arrunt zerratua den ala zangoa pixka bat pasatzen ahal den. Bakoitzari dagokio bere alderdietan eta bere sentsibilitatekoekin gauzak aitzinaraztea. Hemen Euskal Herrian onartuak izan diren gauzak absolutuki Pariseraino helarazi behar ditugu. Egun batez, Parlamentuan bozketa bat izanen da; horretan esperantza badugu; beraz, behar ditugu talde politikoetakoak prestatu eta horren alde bihurtu. RPS eta Europe Ecologie Berdeen artean den akordioaren barruan harreman batzuk ditugu Berdeen senatariekin. Hautetsien Kontseiluko ordezkaritza Berdeen delegazio batekin biltzea proposatu dut, adibidez, eta normalki ostegun arratsaldean bilduko dira.

Bakoitzak bere alderdian mezu pasatze lan hori eraman behar duela diozu. Hemengo ordezkari sozialistek lan handia badute horri begira.

Europe Ecologie Berdeak eregehiengoan da, eta haren bidez ere lan bat eramaten ahal dugu. Entseatzen gara Alderdi Sozialistarekin kontaktuak atxikitzen,eta gauzak aitzinarazten. Parisen ikusi nituen Espagnac eta Labazee. Orain Kontseilu Nagusiari begira ere badugu lan bat egiteko. Sozialistekbadituzte gai horri buruz ezberdintasunak haien artean, baina hitz egiten segitu behar dugu, bai Ipar Euskal Herrian, bai Frantzian. Menturaz, solasaldi horiek beren fruituak ekarriko dituzte.

Baikor zara?

Baikor ez dakit, baina nik diot eramaten diren batailak direlairabazten ahal. Badakigu anitz zailtasun ditugula aitzinean, Frantzia estatu jakobino bat delako. Euskal Herri mailan gauzak argitu dira. Oraino duela zenbait urte, anitzek irri egiten zuten aldarrikapen hori egiten genuenean. Orain, koska bat pasatu dugu: hautetsien gehiengo argi bat alde da. Baina Frantzia mailan biziki lan bada egiteko oraindik. Badakigu mendi bat dugula gure aitzinean, baina pentsatzen dut urratsez urrats joanen garela aitzina; bataila politikoetan ez da sekula amore eman behar, bataila bururaino eraman arte. Errealista naiz; gauza batzuk ditugu gure alde, beste batzuk kontra, eta sokatira horretan behar ditugu indarrak gure alde ezarri. Batera-ren barruan aspaldian ari gara, batailan eta esperantza horrekin bizi gara. Aitzinamendu inportanak badira, orain ikusi beharko da Frantzia mailan aski pisu ukanen dugun gauzen aitzinarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.