Frantziako gobernuak 22 lurralde lagunduko ditu bizitegi sozialen egiteko, barne Ipar Euskal Herria

Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herria hautatu du 22 lurralderekin batera bizitegi sozialen eraikuntza egitasmo berriak laguntzeko. Lapurdiko 11 herritan jada bidean ziren egitasmoak elkartu dituzte horretarako. Guztira, 3.500 bizitegi dira.

Elkargo estatu laguntzak
Ezkerretik hasita: Imed Robbana (COL), Cecile Elizalde (COL), Roland Hirigoien (Elkargoa), Jean-Rene Etxegarai (Elkargoa), Claude Olive (Office 64), Lausseni Sangare (HSA). Gibelean, Katia Emerand (Elkargoko etxebizitza saileko zuzendaria)
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko otsailaren 14a
18:50
Entzun

Gabriel Attal, Frantziako gobernuburuak, jakinarazi du bizitegi sozialak eraikitzeko xedeak dituzten lurraldeen artean zein diren hautatu dituzten 22ak. Ipar Euskal Herria hauetarik da. Euskal Elkargoko eta hautagaitzaren barne diren alokatzaile sozialen ordezkariek agerraldia egin zuten, asteazkenean, xede orokorraren berri emateko. 3.500 bizitegi berriren artean, 2.053 bizitegi sozialen egitasmoa aurkeztu zuen Ipar Euskal Herriak laguntza horretarako hautagaitza jartzen. Haatik, Frantziako Gobernuak ez du zehaztu zenbateko diru laguntza izanen den.

Patrice Vergriete, gobernu aldaketa aitzineko Frantziako Etxebizitza ministroak zuen hautagaitza deialdia zabaldu, azaroan. Etxebizitzarentzat engaiatuak diren lurraldeak deitu zuen. Etxebizitzen sailean «tentsio handikoak» diren lurraldeei zuzendua zitzaien.

Euskal Hirigune Elkargoak, Ipar Euskal Herriko 11 udalerrik bidean jarriak zituzten 24 eraikuntza egitasmo elkartu zituen hautagaitza berean. Horretarako, egitasmoen obralari diren hiru alokatzaile sozialek —COL, Office 64 eta HSA— eraman egitasmo horiez guziez bat eta bakarra egin dute.

Deialdiaren baldintza zen gutienez 1.500 bizitegi egiteko xedeak aurkeztea, gutienez %25eko bizitegi sozialekin. Guztira, 3.500 bizitegi egitea dute xede Ipar Euskal Herriko eragile horiek. Hauetarik, 2.053 sozialak (%58,6)—biztanleriaren %80ak eska dezake etxebizitza sozial bat—. Horrez gain, 435 etxebizitza (%12,4) «biziki sozialak» sartu dituzte egitasmoan —gutxieneko soldata edo gutxiago dutenentzat—, eta beste 200 etxebizitza ikasleentzat.

Egitasmo horiek egitekoak dituzten 11 udalerriak Lapurdikoak dira: Mugerre, Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale, Bidarte, Donibane Lohizune, Urruña, Azkaine, Senpere, Hendaia.

410 milioi euro

Hautagaitza hautaturik, Euskal Elkargoak eta obralari sozialak beha dira orain estatuak erran dezan zenbateko diru laguntza ekarriko dien etxebizitza berri horien egiteko. 33 milioi euroko laguntza eskatua dute. Denetara, 410 milioi euroko kostua lukete operazio guztiek.

Deialdi berean, estatuak hitzeman du egitasmoen bideratzeko urrats administratiboak sinpletuko dituela azkarrago joateko. 2024an edo 2025ean abiatu nahi lituzkete Lapurdiko eraikuntzak.

Ikusi beharko da aldi bakarreko laguntza den estatuarena, jakinik duela zenbait urte, bizitegi sozial egile diren obralari publikoei diru iturriak azkarki murriztu zizkiela bizitegi sozial egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.