Frantziako Gobernuak aurtengo hein berean atxikiko du tokiko irratien FSER funtsa 2025ean

Hiru asteko mobilizazioen ondotik, Frantziako Gobernuak gibel egin du FSER funtsaren murrizketari dagokionez. Sindikatuak kontent agertu dira, baina erran dute azken bozka arte adi egonen direla.

Euskal Irratiengan zinezko eragina izanen zuen murrizketak. GUILLAUME FAUVEAU
Euskal Irratiengan zinezko eragina izanen zuen murrizketak. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko urriaren 30a
11:20
Entzun

Frantziako Asanblea Nazionaleko saioan egiaztatu zuten atzo: tokiko irratiek FSER Frantziako irrati libreen funtsetik jasotzen duten diru laguntza aurtengo hein berean egonen da 2025 urterako ere. Ttitto Betbeder Frantziako Irrati Libreen Sindikatuko idazkari nagusi eta Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietako koordinatzaile ohiak ohartarazi du ez dela oraino argitu nola eginen duten, baina gobernuak hitza eman du, eta pentsa daiteke bide horretatik joan beharko dutela. «Sindikatuetatik, momentukotz, segitzen dugu lana. Bukaerako bozka arte segituko dugu; hobeki gara, segur, baina adi hala ere».

Galdera Beatrice Bellamy Horizon diputatuak helarazi zion atzoko asanbleako saioan buxetaren arduradun Laurent Saint Martin ministroari: «Neurri hau arrisku larri bat da Frantziako 750 elkarte irratiendako. Elkargoek ezinen dute eskas hori konpentsatu. Kultura Batzordeak bere eginbeharra bete du FSER-eko baliabideak berrezarriz». Saint Martin ministroaren aldia izan zen gero, eta erran zuen gobernuak bere gain hartzen duela gastu publikoen apaltzea, baina, ordea, ezin dutela «nolanahikako murrizketarik egin». Oroitarazi behar da elkarte irratien finantzaketaren %40 baino gehiago dela FSER-engandik jasotzen dutena. Borobildu zuen: «Kultura Batzordeak egin duen proposamenari jarraituko diogula iragartzen dizuet. Kredituak 2024eko heinera igoko ditugu berriz, hamar milioi euro baino pixka bat gehiago, izan ere».

Duela hiru aste jakin zen FSER funtsetik 10 milioi euro horien kentzea aurreikusten zuela Frantziago Gobernuak aurtengo Finantza Lege berrian. Ordea, halako erabakiak ondorio larriak zituzkeen tokiko irratiendako. Ipar Euskal Herriko bederatzi elkarte irratiek agerraldia egin zuten joan den astean beren kezka adierazteko: Xiberoko Botza, Antxeta irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Radio Mendililia, Star Radio, Lapurdi Irratia, Mediabask radio eta Radio Bonne Humeur elkarturik mintzatu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.