Frantziako Estatuak 836.000 euro eman beharko dizkio Euskal Elkargoari, Pausa zentroagatik

Bordeleko Administrazio Auzitegiak ebatzi du estatuaren ardura zela migranteentzako urgentziazko aterpea antolatzea. 2019ko gastuei dagokie auzitegiaren erabakia.

Migratzaile batzuk, Pausa zentroan. GUIILAUME FAUVEAU.
Migratzaile batzuk, Pausa zentroan. GUIILAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 13a
15:37
Entzun

Bordeleko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio Euskal Hirigune Elkargoari, eta Frantziako Estatua zigortu du Ipar Euskal Herriko erakundeari 836.740 euro ordaintzera. Baionan kokatua den migranteentzako Pausa zentroaren kudeaketari lotua da epaia. Auzitegiak ebatzi du zentroa irekitzean estatuak utzitako hutsunea bete behar izan zuela elkargoak. Estatu Kontseiluan helegitea ezartzeko aukera dauka Frantziak, baina epaia betetzera behartua da bizkitartean. 

2018an ireki zuten Pausa zentroa, pasaian ziren migranteei harrera egiteko. Izan ere, Italiako muga itxi zuten garai hartan, eta anitz emendatu zen Iberiar penintsula zeharkatu ondotik Lapurdiko hiriburura heltzen ziren Afrikako migranteen kopurua. Sare militantea arduratu zen harrera egiteaz lehenik; horrela sortu zuten Etorkinekin Diakite elkartea. Hainbat ekintza egin zituzten migranteen harreran erakundeen inplikazioa eskatzeko, hala nola Baionako herriko etxe aitzineko kanpaldia. Azkenerako, Pausa zentroaren irekiera iragarri zuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. 

Hasieran, Etorkinekin Diakite elkartearen, Atherbea elkartearen eta elkargoaren artean jardun zuten, baina desadostasunak agertu ziren kudeaketari buruz, eta 2019tik aitzin elkargoak bere gain hartu zuen kudeaketa osoa. Lehenengo urtean 9.000 pertsonari egin zieten harrera.

Bordeleko Administrazio Auzitegiak, hartu duen erabakiaren bidez, adierazi du Frantziako Estatuaren eskumena dela etxegabeen urgentziazko harrera egitea. 2019an urgentziazko 300 aterpe zeuden denera Pirinio Atlantikoetako departamentuan. Ez da «nahikoa», eta, beraz, zilegi zen elkargoak ardura bere gain hartzea. Orduan aurreratutako gastuei dagokie Frantziak Euskal Hirigune Elkargoari ordaindu beharko dion diru zama; 2019ko aurrekontuarena, zehazki. Erabaki baikor honek bidea eman lezake administrazio auzitegian helegitea aurkeztu eta ondoko urteetako gastuak ere ordain ditzatela eskatzeko. 

Euskal Hirigune Elkargoak ez du erabakiari buruzko baloraziorik egin gaur-gaurkoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.