Eskuin muturra

Frantziako eskuin muturreko talde batek gurutze bat jarri du Orhi mendian

Frantziaren burujabetzaren aldeko aldarri gisa ezarri dute ikurra. Frantziako Alderdi Nazionalistarekin lotuta dago taldea.

Eskuin muturreko kideak, joan zen larunbaten, gurutzea jartzen Orhin. CROIX CITADELLES
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 21a
20:49
Entzun

Joan zen larunbatean, pertsona talde batek metalezko gurutze bat garraiatu zuen Orhi (Otsagabia, Nafarroa) mendiko tontorrera, eta han jarri zuen, besteak beste «Frantziaren burujabetzaren» ikur gisa. Atzo iragarri zuen eginikoa Croix Citadelles eskuin muturreko taldeak bere Facebookeko orrian, eta ekintza salatu dute sare sozialetako hainbat erabiltzailek.

Neofaxistek epikaz jantzi dute eginiko balentria, Facebookeko orrian: «Euskal Herrian, ekaitzari, euri erauntsiei eta hotzari aurre eginez, Croix Citadelleseko boluntarioek berriz jarri dute bere lekuan Orhiko tontorreko gurutzea».

Katalunian ibili dira orain arte eskuin muturreko kideok euren gurutzadan. Lehenengoa 2020ko irailaren 19an jarri zuten, Ipar Kataluniako Tossal Colomer mendian (2.672 metro). Geroztik, beste bi jarri dituzte.

Taldeak argudiatu duenez, «azken urteotan, gure Frantzia ederraren disoluzioa ikusten ari gara, eremu guztietan». Familiaren balioen, ondasunaren, nortasunaren eta «gure herrialdearen burujabetzaren suntsitzea» aipatzen dute horren adibide gisa.

Hondamendi horren sintomatzat hartu dituzte mendi gailurretako gurutzeen aurkako «ekintza kristianofoboak», tartean Okzitaniako Herault eskualdeko Pic Saint Loup gurutzearen oinarrian norbaitek Witch Power (sorgin boterea) esaldia idatzi izana.

«Ezin dugu egonean jarraitu halako eraso jasanezinen aurrean, hainbat presio taldek eta Frantziaren aurkako ekintzaile sutsuek eginikoak», idatzi dute Facebookeko orrian. Mezu horren ostean, dirua eskatzen dute, mendietan gurutzeak jartzen jarraitzeko.

Fronte Nazionaletik kanporatuak

Baina nortzuk dira gurutzearen eta kristautasunaren atzetik ezkutatzen diren neofaxistak?

Les Caryatides izeneko emakume taldetik sortu da Croix Citadelles egitasmoa. Euren burua nazionalistatzat daukate, eta Frantziako Alderdi Nazionalistarekin bat egin zuten 2015. urtean, hura berriz sortu zenean.

Bigarren Mundu Gerran nazien alde borrokatu zen Charlemagne dibisioaren hiru kide ohik, besteak beste, sortu zuten alderdiaren lehen agerraldia, 1983. urtean, Jean Marie Le Penen Fronte Nazionaletik bota zituztenean. Baina arrakasta gutxi izan zuten, eta 1990eko erdialdetik lozorroan egon zen alderdia.

Baina, 2013. urtean, Clement Meric militante antifaxista hil zuen neonazi talde batek Parisen, eta Frantziako Gobernuak erasotzaileekin loturiko hainbat erakunde desegin zituen. Horrek umezurtz utzi zituen eskuin muturreko hainbat militante.

2015. urtean, ordea, Fronte Nazionalaren eskuinera daudenak biltzeko dei egin zuen Frantziako Alderdi Nazionalistak, eta, geroztik, tokian tokiko hainbat talde txikik bat egin dute harekin, besteak beste Les Caryatidesek.

Jean-François Simon da gaur alderdiaren burua, eta Yvan Benedetti eleduna. azken horren urtebetetzea ospatzeko elkartu ziren asteburuan Euskal Herrian, eta uneaz baliatu ziren gurutzea eramateko Orhira. Benedettik berak garraiatu zuen gurutzea bere autoan.

Sare sozialen hainbat erabiltzailek salatu dute neofaxisten ekintza, eta haien gurutzeak zutik gutxi iraun duela nabarmendu dute.

Beste batzuek Foruzaingoari eskatu diote ikurra erretiratzeko eta isuna jartzeko ekintzaren arduradunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.