Eskoletan 2026tik aurrera uniformeak erabiliko direla baieztatu du Macronek

Eskola eta segurtasuna izan ditu hizpide Frantziako presidenteak, bi ordu pasako prentsaurreko batean. Poliziaren ekintzak areagotuko direla baieztatu du.

BESKOITZEKO IKASTOLA
Lau haur Beskoitzeko ikastolan jolasean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Mikel Garcia Martikorena - Mikel P. Ansa
2024ko urtarrilaren 17a
10:15
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidentea hedabideen aurrean agertu da bart iluntzean, Gabriel Attal lehen ministro izendatu eta astebetera, eta gobernu berrian eskuineko ordezkariak sartu eta eskuinerantz biratu izanaren salaketak jasotzen ari denean. Bigarren presidentetzaren azken txanpan egin asmo dituenen berri eman du, eta Ipar Euskal Herriko eskoletan eragina izango duten neurri batzuk iragarri ditu: ikasle guztiek uniformea janztearen eta Lehen Hezkuntzan La Marseillaise kantua ikastearen alde agertu da.

Eliseora heldu zenetik ezarri dituen neurri politikoez eta bere buruari jarritako helburuez jardun du Macronek, bi ordu baino gehiago iraun duen agerraldi batean. Datozen urteetan Frantziarentzat helburu nagusia zein izan behar den azpimarratu du hitzaldian: «Frantzia indartsuago eta justuagoa behar dugu».

«Biharko Frantzia egungoa baino hobea» izateko zutabe bi azpimarratu ditu Macronek: eskola eta segurtasuna. Presidenteak esan duenez, 2024an hezkuntza sisteman aldaketak egingo dituzte —uniformeak ezartzeaz gain—, «hobera egiteko». Izan ere, Macronen ustez erantzun bakarra eman dakioke gaur egungo «injustizia sozialari»: «Eskola».

Baieztatu du 2026an Ipar Euskal Herriko eta Frantziako eskoletan indarrean sartuko dela «janzkera bakarra»; hau da, haurrek uniformea erabili beharko dute eskolan dauden bitartean. Nolanahi ere, aldez aurretik proba bat egingo dute aurten, ehun bat eskolatan, eta balorazioa ona bada, orduan zabalduko dute neurria. Presidentearen iritziz, uniformea erabiltzeak «familien arteko ezberdintasunak» saihestu eta «errespetua» ekarriko du eskoletara.

Bestalde, Frantziako presidenteak adierazi du Lehen Hezkuntzan umeei La Marseillaise Frantziako himnoa erakustearen alde dagoela. Bestalde, eskolan eskuko telefonoen erabilera nolabait kontrolatzearen alde agertu da.

Jorajuria, zuhur

Macronek iragarritako neurriek eragin zuzena izango dute Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, indarrean sartzen baldin badira. Zalantza agertu baitu Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak: «Azken urteetan, hezkuntza gaietan izan da komunikazio anitz, baina gero ez dute iragarritako guztia arautegian edo legeetan ezarri. Badakigu nahi dutela politikoki agertu biziki fermu, biziki nazionalista, biziki kontserbadore, baina ez dakigu atzo aipatutako guztiak egiaz arautegietan ezarriko dituzten, eta noiz eta nola aplikatuko diren».

Hala gertatu da, adibidez, PISAko azterketen ostean Gabriel Attalek, Hezkuntza ministro zela, eginiko iragarpenekin: besteak beste, frantsesean eta matematikan ikasleak mailaren arabera sailkatzea, edota eskola liburuak «labelizatzea», adierazteko zeintzuek betetzen dituzten gobernuaren irizpideak. «Hori da gobernu honen berezitasuna: prentsan zabaltzen denak eta gero erabakitzen denak ez du beti bat egiten. Gobernu aldaketak izan dira, eta neurri horiek aplikatuko diren ez dakigu. Momentuko testuak ez dira atera». Neurri horietan baziren hainbat kontu kezkagarri, Jorajuriaren hitzetan, baina guztiz deitoratu du jarduteko modua: «Kezkagarriena da Paristik erabakitzea eskola bakoitzean nola lagundu beharretan diren ikasleak; ikastetxeetan malgutasuna behar dugu; ezin da Paristik erabaki nola egin behar den denentzat molde berean».

«Hezkuntza gaietan komunikazio anitz izan dira, baina gero ez dute iragarritako guztia arautegian edo legeetan ezarri».

PEIO JORAJURIASeaskako lehendakaria

Halaber, kezka agertu du Frantziako presidentearen mezuak hartzen ari diren ildoarekin: «Badira urte batzuk Frantzian nazionalismoa igotzen ari dela; bereziki, Macronen gobernutik. Azpimarratzekoa da Macronek ez duela gehiago errepublika edo Frantzia baliatzen, baizik nazioa hitza aipatzen duela. Guretzat hori kezkagarria da. Zehaztu beharko dute zeri deitzen dioten nazioa, eta gu euskaldun gisa nazio horren barne kokatzen gaituzten».

Uniformea jartzeko neurriari dagokionez, ez dio zentzu handirik ikusi: «Uniformearen inguruko eztabaida alde politiko batetik etorri da. Ofizialki diskriminazioaren kontra egiteko ezarri nahi dute, baina uniforme batek ez du diskriminazioa aldatzen, ez du ikasle baten azalaren kolorea aldatzen, ez du gurasoaren poltsaren neurria aldatzen; diskriminazioa ez du ttipituko uniforme batek». Era berean, Jorajuriak zalantzan jarri du agindua eman aurretik proba egingo ote duten: «Teknikoki, ezinezkoa da esperimentazio bat egitea, bilana egitea eta ondotik erabaki milioika ikasleri zabaltzea, dena urte batean. Edo esperimentazioa ez da egiten eta erabaki dute, edo ez da ondoko urtean aplikatuko». Halere, argitu du bete beharreko neurri horiek Iparraldeko eskoletan eta ikastoletan ere ezarri beharko direla, iragarpenekin aurrera egiten bada: «Gu eskola gara; beraz, legean idazten dutena aplikatu beharko dugu, baina ikusi behar dugu zertara behartzen gaituzten».

«Frantzia indartsua»

Injustizia sozialak, edonola ere, indarrarekin egiten du topo Macronen diskurtsoan; indarrak garrantzi berezia izango duela argi utzi baitu: «Frantzia indartsu bat nahi badugu, ordena eta segurtasuna ziurtatu behar ditugu». Armetan «inbertsio handia» egin dutela baieztatu du presidenteak: «Duela sei urte eta erdi baino hobeto armatuta gaude». Poliziaren eta Jendarmeriaren indartze hori «frantsesen justiziarentzat» baliagarria dela esan du Macronek.

Segurtasuna Frantziako mugak «hobeto kontrolatzearekin batera» datorrela iritzi dio Macronek; hori dela eta, aurreratu du horri lotutako zenbait lege bozkatuko dituztela datozen hilabeteetan. «Drogaren aurkako borroka» ere segurtasun eta indar hori mantentzeko nahitaezkoa dela esan du presidenteak, eta jakinarazi du datorren astetik aurrera «astero drogaren aurkako hamar operazio» egingo dituztela. Bestalde, «hezigabeen» aurrean, Poliziak kalean duen presentzia «bikoiztu» egingo duela esan du.

Horrez gainera, zergak murrizteko asmoa agertu du, eta enplegua indartuko duela hitzeman. Eta Ukrainari armak emanez laguntzen jarraitzeko prest agertu da.

Eskuin muturra ere hizpide hartu du Macronek, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako inkestetan garaile agertzen baita Marine Le Penen alderdia. «Azkenera arte» borrokatu behar da eskuin muturra, Macronen arabera. Baina hari aurre egiteko errezetetan, eskuinarentzat tradiziozkoak izan diren neurri eta eztabaida asko ekarri ditu hizpidera presidenteak: eskolako diziplina, kaleko segurtasuna, droga trafikoa, zergen murrizketak, langabezia laguntzak jasotzeko baldintzak gogortzea, legez kanpoko immigrazioa mugatzea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.