Presazko hauteskunde kanpaina

Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulia da gaur Ipar Euskal Herrian. Kanpaina laburra izan dute hautagaiek herritarrengana iristeko. Lehia bizia espero da.

Fronte Popularreko kide bat, Donibane Lohizuneko merkatuan, propaganda banatzen. GUILLAUME FAUVEAU
Fronte Popularreko kide bat, Donibane Lohizuneko merkatuan, propaganda banatzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Frantziako Asanblean eseriko diren diputatuak hautatzera deituak dira Ipar Euskal Herriko herritarrak gaur eta heldu den igandean. Europako Parlamenturako hauteskundeetan eskuin muturrak lortutako emaitzen ondotik iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legebiltzarra desegiteko erabakia, eta Frantziako Konstituzioak baimentzen duen epe laburrenean deitu zuen hauteskundeetara. Eskuin muturra boterera iristeko mamuarekin, presazko hauteskunde kanpaina egin dute alderdi politikoek. Hiru astez, gelditu gabe aritu dira, merkatuetan eskuorriak banatzen, atez ate herritarrengana joaten, agerraldi publikoak egiten eta hedabideei erantzuten. Frantziako Estatuan egin dituzten inkesta anitzetan, aurreikusi dute bigarren itzulirako RN Batasuna Nazionalaren eta NFP Fronte Popular Berriaren arteko lehia izango dela hautesbarruti anitzetan, baina parte hartze handia bada, hiru hautagaiko bozketak izan daitezke leku anitzetan. 

Frantziako Asanblearako bozetara deitu eta egun gutxitara, Frantziako ezkerreko indarrek aliantza bat osatu zuten, eta adostu hautesbarruti guzietan hautagaitza bateratuak aurkeztea; akordio horretara batu dira EH Baiko ezkerreko abertzaleak Ipar Euskal Herrian. LR Errepublikanoak alderdia lehertu da Frantzian, baina, duela bi urte ez bezala, Ipar Euskal Herrian hiru hautesbarrutitan izanen ditu hautagaiak. Macronismoa gainbeheran dago, eta aurreikusi dute diputatu kopuruan behera eginen duela: Ipar Euskal Herriko seigarren hautesbarrutian, Vincent Bru Modemeko diputatuak erabaki du berriz ez aurkeztea, eta Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapeza joanen da haren ordez, Marieneko hirigintza proiektuaren itzala gibelean duela; bosgarren hautesbarrutian, Florence Lasserre Modemeko diputatua bere eserlekua atxikitzen entseatuko da; Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoren zati bat hartzen dituen laugarren hautesbarrutian, haatik, ez dute hautagairik aurkeztuko. Eskuin muturrak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen Europarako bozetan Ipar Euskal Herrian: boto kopuruan gora egin zuen eta 92 herritan lehen indarra izatea lortu zuen. Orduan, telebistan egunero ikusten duten Jordan Bardella  RNko buruaren alde bozkatu zuten hautesleek; ikusteko dago hautagai ezezagunagoekin boto kopuru bera atxikitzen ote duten. Inoizko joko zelai irekiena dago hauteskunde hauetan. 

Hiru bloke horiek identifikatu ditu Peio Dufau EH Baiko kide eta seigarren hautesbarrutiko NFPko hautagaiak ere: «ezkerra, zentro-eskuina eta eskuin muturra». Eta horren arabera gizartean sortu den zatiketa deitoratu du; elkarrizketarako ezintasuna alegia. «Horrek beldurra ematen dit. Ikuspegi ezberdinak izanik ere, jendea prest egon behar da hitz egiteko. Macronek horixe eragin du: jendea zatitu du, eta loturak hautsiak dira. Ezkerrekoak deabruztatu gaitu, muturrekotzat gaituzte, eta baztertuak gara». Fronte Popularraren hautagaitzak baieztatu zirenetik, egunero ari da kanpaina egiten. Merkatuetan eta ekitaldi publikoetan ibili dira, eta atez ateko kanpainari garrantzi berezia eman diote. Hautesbarrutia osatzen duten herri guzietan ibili dira jendearengana iritsi nahian. «Miarritzen, Basusarrin, berez guretzat errazak ez diren lekuetan biziki harrera ona izan dugu. Uste dut jendeak eskertzen duela zuzeneko harreman hori, eta hausten duela irudi bat. Beste hautagaiek ez dute halakorik egin; gu egunero ari gara hiri batean atez ate». Haren ustez, eskuin muturraren beldurrak abstentzioa aktibatuko du; «gure alde ala ez, hori ez dakit». Baina «baikor» da egin duten kanpainarekin eta izaten ari diren harrerarekin. «Fronte herritar hori biziki zabala da, eta militante anitz hurbildu dira. Joan den astean 25 lagun bildu ginen Hendaian eskuorriak banatzeko, auzapeza barne. Harrigarria da mugimendu hau».

«Sinesgaitza da: egun gutxian 250 pertsona bildu ditugu Fronte Popularraren aldeko kanpaina egiteko; eta ez dira ohiko militanteak bakarrik, alde orotako pertsonak dira».

COLETTE CAPDEVIELLENFPko bosgarren hautesbarrutiko hautagaia

Iritzi berekoa da Colette Capdevielle PS Alderdi Sozialistako kide eta NFPko bosgarren hautesbarrutiko hautagaia ere. «Sinesgaitza da: egun gutxian 250 pertsona bildu ditugu Fronte Popularraren aldeko kanpaina egiteko; eta ez dira ohiko militanteak bakarrik, alde orotako pertsonak dira. Angeluko pertsona batek idatzi berri dit kanpainan inplikatu nahi duela errateko; harrigarria da», zioen aste erditan. «Uste dut ezkerra batu izanak, eta Ipar Euskal Herrian ortzadar oso batekin, jendeari engaiatzeko gogoa eman diola». Era berean, uste du eskuin muturra irabazten ikustearen beldurrak ere jendea mobilizatu duela. «Herriz herri eta auzoz auzo, momentu oro ari gara kanpaina egiten, eta leku guzietara iristen entseatzen ari gara».

«Itxaropenaren boza» izan nahi du Fronte Popularrak Ipar Euskal Herrian, eta horretarako erosahalmena, justizia soziala eta ekologian beste bide bat hartzea bermatzea izanen dituzte lehentasun. Baina Euskal Herriko aldarrikapenak ere eraman nahi dituzte Parisera, hala nola euskararen ofizialtasuna, bilakaera instituzional bat beharra eta etxebizitzaren gaian lege urratsak egitea. Horretarako, baina, gehiengo bat izatera iritsi beharko, eta ez da errana lortuko dutenik. Fronte Popularra osatu duten lau alderdiek talde parlamentario bana izanen dute asanblean. Dufauk erran du oraindik ez dutela erabaki diputatu izatera iritsiko balitz horietako zeinetan eseriko litzatekeen. Capdevielle PSn taldean egonen da; NFPk gehiengorik izanen ez balu macronistekin bestelako gehiengo bat osatzea onartuko lukeen galdetuta, izkin egin dio erantzuteari, hori «fikziozko politika» dela erranez.

Lasserre «muturren» kontra

«Muturren» kontra aurkeztu da Florence Lasserre Modemeko hautagaia, Fronte Popularra eta Batasun Nazionala maila berean emanez. «Frantzia Intsumisoa antisemita da, ez zuten urriaren 7ko erasoa argiki kondenatu». Macronistek azken hilabeteetan izaten duten diskurtsoa bere egin du bosgarren hautesbarrutiko diputatugaiak. Alta, NFPren programan «eraso terrorista» gisa definitu dute urriaren 7koa, eta LFIko diputatuak behin baino gehiagotan ari dira hura deitoratu, bahituen askatasuna eskatu eta su eten bat aldarrikatzen. 

Frantziako presidentearen aldekoek azken urteetan eraman duten politika sutsuki defendatu du Lasserrek, eta baieztatu du herritarren erosahalmena hobetu duela. Gainerakoan, euskararentzat lege babesa aldarrikatu du, eta baieztatu Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin gaur egun dagoen «blokeoa» gainditzen lagunduko duela, baina ez du zehaztu nola espero duen hori lortzea. Etxebizitza arloan, erran du turismora bideratutako etxebizitzak mugatu behar direla, eta Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruzko eztabaida abiatzeko «prest» agertu da.

Brisson, «gaztearen indarra»

Gaztetasunak ematen dio «indarra» eta Ipar Euskal Herrian politikari ezaguna den aitaren izena baliatu nahi ditu Emmanuelle Brisson seigarren hautesbarrutiko Errepublikanoetako hautagaiak hautesleak konbentzitzeko —Max Brisson senatariaren alaba da—. Konbentzitua da: macronistek inoiz baino diputatu gutxiago lortuko dituzte eta Errepublikanoek izanen dute zer errana. Aliantza oro baztertu du, izan RNekin, macronistekin, «eta are gutxiago Melechonekin». Herritarren erosahalmena hobetzea lehenetsi du, horretarako oinarrizko produktuen BEZa apaldu eta funtzionario kopurua murriztuta.

Euskararen ofizialtasunaz ez du mintzatu nahi, baina adierazi du irakaskuntzan aitzinamenduak behar direla, eta uste du EEPren aitzinkontua emendatu behar dela: «Nire aita sortzaileetarik izan zen». Horrez gain, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko «etxebizitza gehiago eraiki» behar dela defendatu du, betiere laborantzarako lurrak babestu behar direla erranez. 

Gaur-gaurkoz ez du Ipar Euskal Herriarentzat bilakaera instituzional baten beharrik ikusten. «Estatus bereziko lurralde elkargorik ez oraingoz; Euskal Hirigune Elkargoarekin lan egiten segitzea defendatzen dut».

Lassalle, ezezaguna

Duela bi urte ez zuen aurkezterik izan, osasun arazoak zituelako; baina, oraingoan bai: Jean Lassallek hogei urtez Parisen izan duen eserlekura itzuli nahi du —2002tik 2022ra izan da diputatu—. Iñaki Etxaniz PSko kide eta NFPko hautagaia izan da laugarren hautesbarrutiko diputatua azken hilabeteetan, eta hura izanen du lehiakide nagusia. Europako hauteskundeetan, Lassalle buru zuen Landa Aliantzak emaitza onak lortu zituen eremu horretan, eta horiek errepikatzen entseatuko da ezbairik gabe. Ikusteko dago hautesleek hautu berdina eginen ote duten Estrasburgorako eta Pariserako. Lassallek ez die egunkari honen elkarrizketa eskaerei erantzunik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.