Hautagaiek atzoko 18:00ak arte zuten Fratziako Asanbleako hauteskundeetara aurkezteko hautagaitzen ezartzeko epea. Ipar Euskal Herria barnebiltzen duten hautesbarrutietan duela bi urte baino hautagaitza gutiago iritsi zaizkio Pirinio Atlantikoetako Prefeturari.
4. hautesbarrutia
Sei hautagaitza izanen dira Biarnoaren zati bat (Okzitania), Zuberoa eta Nafarroa Behereko Garazi-Baigorri, Iholdi-Oztibarre eta Amikuze biltzen dituen hautesbarrutian. 2022an, bederatzi hautagai ziren.
Fronte Popular Berriaren izenean, iragarri bezala 2022tik diputatu karguan zena, Iñaki Etxaniz, berriz aurkeztuko da, Cecile Senderain ordezko berarekin. Jean Lassalle Biarnoko politikari ezaguna berriz abiatu da, jakinik duela bi urte Julien Lassalle anaia aurkeztu zela haren ordez, osagarri arazoak zirela eta. Barthelemy Agerre amikuztarra izanen du ordezko. Eskuin muturreko Batasun Nazionalak Sylviane Lopez izanen du hautagaia, Alain Michelekin. Eusko Alderdi Jeltzaleak Gracianne Mirande Bec eta Jean-Laurent Cabillon aurkeztu ditu laugarren eremuan, eta Errepublikanoek, berriz, Beñat Cachenaut Iholdiko auzapeza. Harekin, Oloroeko Gazte Errepublikanoen bozeramaile Hugo Couchinave aurkeztuko da, ordezko gisa. Langile Borrokak alderdiaren izenean, Carlos Ribeiro aurkeztuko da, Frederic Mircovich ordezkoarekin.
5. hautesbarrutia
Angelu, Baiona, Hiriburu, Bidaxune eta Bastidako eremuak biltzen dituen hautesbarrutian, hamar hautagaik jarri dute izena. Duela bi urte baino bat gutxiagok.
Florence Lasserre gaur egungo diputatua berriz abiatu da, Frantziako lehendakariaren gehiengoaren eta Modem alderdiaren babesarekin. Harekin, Manex Meyzenc izanen da ordezko. Colette Capdevielle sozialista eta Alain Iriart abertzalea elkarturik izanen ditu parean, Fronte Popular Berriaren izenean. Bestalde, Batasun Nazionarentzat Serge Rosso eta Corinne Anton aurkeztu dira. Errepublikanoek Valerie Castrec eta Serge Arcouet aurkeztuko dituzte. EAJk, berriz, Jean-Marie Erramuzpe eta Sophie Voisin. Duela bi urte bezala, Jean Lassalleren alderdikide Helene Susbielle aurkeztu da Ramuntxo Clausellekin. Europako azken bozetan, EAJrekin elkartua zen Yann Wehrlingen hautagaikide Johanna Grateloup abiatu da bere aldetik, Celine Lardin ordezkoarekin. Langile Borrokak alderdiarentzat, Philippe Bardanouve eta Maite Quaranta aurkeztuko dira. Beste hautagaitzak hauek dira: Alaen Cayuela eta Blanca Donis; Jean-Claude Labadie eta Julie Durand Ribeiro.
6. hautesbarrutia
Lapurdiko eremu zabala hartzen du 6. hautesbarrutiak: Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze, Ezpeleta eta Uztaritze aldeak. Hamabi hautagaitzetarik bederatzitara jaitsi da, hautagaitzen egiteko epe arras motza izan den aldi honetan.
Vincent Bru diputatuak erabaki zuen ez zela berriz aurkeztuko. Haren ordez, herriko kontseiluan zerrendakide izan duen bat jarri du Emmanuel Macronen eta Modemen gehiengoak: Christian Deveze Kanboko auzapeza. Haren ordezkoa Guillaume Boivin da. Errepublikanoek hautagai berria izanen dute: Emmanuelle Brisson, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako Errepublikanoen buru eta senatariaren alaba. Urruñako oposizioko zinegotzi Henri Levrero izanen du ordezko. Fronte Popular Berrian Peio Dufau abertzalea da hautagaia, Marie Hegi-Urain ezpeletarrarekin. Batasun Nazionalak Eric Ciotti Frantziako Errepublikanoen buru kritikatuarekin adostu hautagaitza izanen du hautesbarruti horretan: Victor Lastecoueres eta Romain Plard. EAJn, Jean Telletxea eta Mathieu Kayser dira hautagaiak. Lassalleren alderdiko bi hautagai izanen dira: Eva Pernet eta Mathis Roux. Langile Borrokak alderdiaren izenean, aitzineko aldian bezala Jacqueline Uhart aurkeztu da, Jacques Akerretarekin. Duela zenbait urte egin bezala, Michel Lamarque berriz aurkeztu da bere izenean, Zohra Cousinorekin. Azkenik, Corinne Berthelot eta Sabrina Etxaburu hautagai dira.
Hautagaitzei errekurtsoak jartzeko azken epea gaurko goiza zen. Prefeturak 12:00etako finkaturik behar zituen.