Frantziako Asanbleako hiru euskal diputatuek sostengua adierazi diete asteazkenean atxilotutakoei

Eskatu dute zerga administrazioaren eta langileen eskubideen aurka egiten dutenekin erabiltzeko Frantziako Barne Ministerioak zazpi atxilotuekin izan duen jarrera.

ATXILOTUAK ASKATU
Atxiloketak deitoratzeko Kanbon egindako elkarretaratzea. PATXI BELTZAIZ / MEDIABASK
inaut matauko rada
2024ko urriaren 4a
17:30
Entzun

Frantziako Poliziak asteartean Hendaian (Lapurdi) atxilotu zituen zazpi pertsonei elkartasuna adierazi diete Frantziako Asanblean jarduten duten hiru euskal diputatuek (Peio Dufau, Iñaki Etxaniz eta Colette Capdevielle) eta Frederique Espagnac Pinineo Atlantikoetako senatariak. Migrante batzuei Bidasoko muga igarotzen laguntzeagatik atxilotu zituzten, eta politikariek esan dute militante horiek «urteetan Euskal Herriak harrera eta elkartasun lurra izaten segitzeko» egin dutela lan.

Bruno Retailleau Barne ministroari eskatu diote militante horiekin hartutako jarrera har dezala «zerga administrazioa engaiatzen dutenen, bizitegi ez-sanoak alokatzen edo eskubiderik gabeko langileak esplotatzen dituztenekin» ere. Haien ustez, jarrera horiek egiten diete kalte handiagoa ekonomiari eta «kohesio sozialari», «desberdintasunak sakontzen eta tentsioak areagotzen» dituztelako.

Atxiloketak egin baino egun batzuk lehenago hartu zuen kargua Retallieauk, eta euskal diputatuek eta senatariak iradoki dute immigrazioari eta zuzenbide estatuari buruz egin zituzten adierazpenak norabide «libertizidago» baten seinale izan daitezkeela.

36 atzerritarri sarrera

Astearte goizean Hendaiako komisariara (Lapurdi) deklaratzera deitu zituzten zazpi pertsona, eta bertaratzean atxilotu egin zituzten. Zera egotzi diete: «Frantzian 36 atzerritarri sarrera, zirkulazioa edo egonaldi irregularra erraztea, beste herrialde batzuetako herritarrei zuzenean edo zeharka mugaz gaindiko lasterketa batean parte hartzen lagunduta [Korrika]». Aurtengo Korrika Irundik (Gipuzkoa) Hendaiara igaro zenean, hainbat migratzailek pasatu zuten muga. Zazpi atxilotuak astearte arratsaldean bertan utzi zituzten libre.

Urtarrilaren 28an dute hitzordua zazpi kideek, Baionako auzitegiko epailearen aurrean deklaratzeko, asteartean denek isilik egoteko eskubidea erabili eta gero. Korrikaren egun horretan egindako ekintza zabaldu zuten Interneten, eta, horren ostean, ekintza bere gain hartzeko prentsaurrekoa egin zuten kide batzuek. Bi dokumentu horiek baliatu dituzte pertsonak identifikatzeko eta prozesatzeko froga gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.