«Homosexualak aldatzeko terapiak» debekatzeko lege proposamen bat onartu du bart Frantziako Asanbleak. Proposamena Senatuak onartu beharko du orain, baina ez dirudi arazorik izango denik; izan ere, asanblean aho batez hartu dute erabakia. Ondorioz, aurrerantzean praktika horiek legez kanpokoak izango dira Ipar Euskal Herrian ere.
Delitu hori egiteak bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 eurorainoko isunak eragin ditzake. Legearen helburu nagusia da eragoztea pertsona baten joera sexuala edo genero identitatea eraldatzeko asmoa duten jardunak; adibidez, hipnosia, abstinentzia eta exorzismoa.
Pertsona homosexualen sexu orientazioa aldatzeko praktikek 1970eko hamarkadan hartu zuten indarra AEBetan, eta geroago zabaldu ziren Europako hainbat herrialdetan. Haien helburua da homosexualak «sendatzea», hau da, heterosexual bilakatzea. Nazio Batuen Erakundeko adituek torturatzat hartu izan dituzte.
Ondorio larriak
Frantzian, nagusiki, talde erlijiosoek sustatu izan dituzte halako jarduerak. Taldeko terapiena da forma ohikoena, eta haietan parte hartu izan duten lagun batek baino gehiagok jasan dute, besteak beste, depresioa; adituen arabera, ohikoa da lagun horiek beren buruaz beste egiten amaitzea ere.
Gaur egun, legeak ez ditu espresuki debekatzen terapia horiek, baina biktimek badituzte salaketak jartzeko hainbat baliabide: terapiaren antolatzaileei jazarpena, sexu abusuak egitea edota torturatzea egotzi izan diete epaileek.