Asilo eta Immigrazio Lege proiektua atzera bota du Frantziako Asanbleak

Frantziako Asanbleako diputatu ekologisten zentsura mozioak eskuinaren eta eskuin muturraren babesa izan du. Bi bide ditu gobernuak legea pasarazteko: Senatura igortzea, edo batzorde misto bat eratzea.

FRANCE IMMIGRATION BILL
Gerald Darmanin, egun, Frantziako Asanblean. MOHAMMED BADRA / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 11
20:13
Entzun

Frantziako Asanblean hasi bezala bukatu da Asilo eta Immigrazio Lege proiektuaren inguruko eztabaida. Diputatu ekologistek zentsura mozio bat
aurkeztu dute, eta diputatuen gehiengoak alde bozkatu du: ezkerreko diputatuen bozez gain, Errepublikanoen eta Batasun Nazionalaren bozak bildu dituzte. 270 boto izan dira zentsura mozioaren alde, eta 265 kontra. Ezustekoa eragin du gertatutakoak.

Hala, bertan behera gelditu da asteotan egitekoa zuten eztabaida. Halere, Frantziako Gobernuak oraindik bideak baditu legea pasarazteko. Batetik, Senatura igortzen ahal dute berriz testua, gero berriz Asanbleara heltzeko, baina arriskua da orain gertatutakoa errepikatzea. Bigarren aukera da Senatuaren eta Asanblearen arteko batzorde misto bat osatzea eta erdibideko testu bat adostea. Azken aukera
da Asanblearen zentsura mozioa

«Zintzoekin zintzoak» eta «gaiztoekin gaiztoak» izateko helburua du Asilo eta Immigrazio Lege proiektuak, haren bultzatzaile Gerald Darmanin
Frantziako Barne ministroaren hitzetan. Papergabeen kontrako legerik «gogorrena» dela uste dute haien laguntzarako elkarteek. Eskuinak eta eskuin muturrak, aldiz, uste dute legea ez dela aski errepresiboa.

Darmaminen porrota


Zenbait adituren ustetan, Frantziako Gobernuarentzat eta, zehazkiago, Darmaninentzat, porrot politiko bat da lege proiektu horren bidea oztopatu
izana. Nejma Brahim Mediaparteko kazetaria honela mintzatu zen BERRIAn, duela zenbait egun: «Legeak ez gehiengorik lortzea porrota litzateke Darmaninentzat 2027rako [Frantziako] lehendakaritzarako hauteskundeei begira». Frantziako oreka politikoan eragina izanen du, beraz, haren lege proiektuaren kontrako zentsura mozioak.

PS Frantziako Alderdi Sozialistak garaipentzat jo du gertatutakoa. Aldi berean, Batasun Nazionalak ere txalotu du legearen eztabaida eten izana, «immigrazio masiboari aurre egiteko». Joko politiko bat balitz bezala aztertu dute zientzia politikoetako adituek lege proiektua: eskuin muturra geroz eta onarpen handiagoa jasotzen ari den honetan, haren inguruko boz batzuk biltzeko saiakera bat dela uste dute. Aldi berean, lanaren bidez migratzaileak erregularizatzeko neurri bat dakar legeak, eta Frantziako Gobernuaren asmoa zen ezkerreko sektoreak biltzea horrekin. Elkarteek argi dute, ordea, baldintzak izugarri zailak direla, eta paperik gabeko langile kopuru ttipi batek baizik ez lukeela lortuko bide hori egitea.

Besteak beste, asilo eskatzaileen galdeak epaile bakarrak aztertzea eta egonaldi baimenak lortzeko baldintzak zorroztea jasotzen du legeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.