Frantziak Pla Espainiaratzea erabaki du

Parisko Kasazio Auzitegiak atzera bota du defentsaren helegitea. Cachenauten ustez, «lotsagarria» da neurria. Hendaiako Herriko Etxeak ez Espainiaratzeko eskatu du, aho batez

enekoitz esnaola
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Frantziako Kasazio Auzitegiak David Pla euskal preso ohia Espainiaratzea erabaki du, eta orain Madrilekin hartu-emanean jarriko da, entrega nola eta noiz egin aztertzeko. Espainiaratzea ez da berehalakoa izango. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2008ko ustezko bilera bategatik egin zuen euroagindu eskaera, ETArekin lotuta. Azaroaren 20an, Dei Auzitegiko instrukzio aretoak onartu egin zuen eskaera, eta defentsak Kasazio Auzitegira jo zuen, helegitea aurkeztuta. Epaimahaiak atzera bota du Xantiana Cachenaut abokatuaren errekurtsoa.

Pla apirilean geratu zen libre, aurtengo epaiketa bateko zigorra osorik bete ostean, baina Frantziak, bide administratibotik, urtebetez bere lurraldean bizitzeko debekua ezarri zion. Neurria geldirik izan du, Espainiaren euroagindu eskaera ebatzi artean.

Madrilen eskaerak zekarren Plak 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) bilera bat izan zuela ETAko kide batekin, baina Cachenautek auzi saioan frogatu zuen Pla orduan ez zegoela han, baizik eta Fresnesko espetxean, euskal preso bat bisitatzen. Poliziaren akta bat erakutsi zuen abokatuak. Dena den, froga hori ez zen nahikoa izan Dei Auzitegiak euroagindu eskaera ez onartzeko.

Plak duela egun batzuk BERRIAn adierazi zuen mamian sartu gabe ere bazela euroagindu eskaera atzera botatzeko arrazoirik. Hain zuzen, bi: batetik, Espainiak aipatzen duen gertakaria Frantziako Estatuko lurraldean jazo zen; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atzeman zuenean Hendaian (Lapurdi), prozedura bat zabaldu zuen —gainera, epaileak egun gutxira kargurik gabe aske utzi zuen—. «Orain arte argudio horiekin Frantziako bost epaitegitan euskal auzietan euroagindu eskaerak baztertu egin dituzte», zioen euskal preso ohiak.

Cachenauten arabera, «lotsagarria» da Espainiaratzearen erabakia. Haren esanetan, lehenaldia da halako kasu batean horrelako erabaki bat hartu dena Frantzian. Gainera, adierazi du bere azken helegitea aztertu duen epailea errekurtsoa ontzat hartzearen alde zela, baina beste epaileek atzera bota dutela. Joan den astean Iñaki Reta euskal presoa Espainiaratzea onartu zuen Dei Auzitegiak. Josu Urrutikoetxea presoaren euroagindu eskaeren ebazpenaren jakinarazpena, berriz, atzotik urtarrilaren 8ra atzeratzea erabaki du.

Espainiako Auzitegi Nazionalak (h)Alboka auzian du sartua Pla, ETAko kide izatea egotzita. Parisek (aurten) akusazio horregatik epaitua eta zigortua duenez, Madrilek orain ezingo luke epaitu delitu bera egotzita.

Herriko etxea, Plaren alde

Hendaian bizi da Pla, familiarekin, eta hango herriko etxeak, atzo arratsaldean, mozio baten bidez«elkartasuna» adierazi nahi izan zion. Herriko kontseiluak aho batez onartu zuen mozioa. Pla ez Espainiaratzeko eskatu zioten Frantziari. Frantziako Kasazio Auzitegiaren erabakia irmoki salatu zuten, eta Frantziako autoritateei galdegin zieten «egin beharrekoa» egin dezatela Plak Hendaian bizitzen segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.