Espainiako Auzitegi Nazionalak, (h)Alboka auzian, David Plari egotzi zion 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat egin zuela etakide batekin, eta Parisi haren aurkako euroagindua eskatu zion. Frantziako Dei Auzitegiak onartu egin zuen eskaera, iazko azaroan, eta Kasazio Auzitegiak ere bai, abenduan, defentsak helegitea aurkeztu ondoren. Euroagindua zenez eskaera, epaileak ez ziren mamian sartu. Hala ere, auziak badu esangura bat, Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek baitio egia ez den froga batean oinarritu zela Madril euroagindua galdegiteko, Parisek egiaztatua baitu Pla 2008ko egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, euskal preso bat bisitatzen. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak Poliziaren akta eman zien epaileei. Baina ezer ez. Poliziak, atzo goizean, atxilotu egin zuen Pla, aurki Espainiaratzeko.
Hendaian (Lapurdi) atzeman zuten euskal preso ohia, polizia etxera sinatzera joan zenean. Hendaian bertan bizi da, familiarekin, eta, espetxe zigorra osorik beteta iazko apirilean aske geratu zenetik, astean bitan joan da sinatzera, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibobategatik. Baionako espetxean sartu dute, behin-behinean, etahamar egunen buruan Espainiaratu beharko lukete.
Auzitegi Nazionalak ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten die (h)Alboka auziko kideei. Parisek iaz etakide izateagatik epaitu zuenez Pla, Madrilek orain ezingo luke delitu bera leporatuta epaitu. Cachenautek esan du epailearen aurretik pasatu eta berehala libre utzi beharko luketela bere bezeroa.
Abokatuak udazkeneko auzi saioetan azaldu zuen, batetik, Espainiak aipatutako gertakaria Frantziako Estatuan gertatu zela; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atxilotu zuenean Hendaian, prozedura bat ireki zuela, eta, gainera, epaileak handik egun gutxira kargurik gabe aske utzi zuela. Haren iritzian, bazegoen euroagindua ez onartzeko arrazoirik eta jurisprudentziarik.
Atzo elkarretaratze bat egin zuten Hendaian, herriko etxearen aurrean. Gaur, Baionako Etxepare lizeoan egingo dute, 13:15ean—hango ikaslea da Plaren seme Aitzol—. EH Baik, Bake Bideak eta Bakegileek, eta Sortuk atxiloketa salatu dute, ohar banatan.
Frantziak Pla atxilotu du, haren aurkako froga bat ukatu ondoren
Euskal preso ohia Espainiaratu egingo dute, Madrilek 2008ko bilera bat egotzita. Parisek egiaztatua du Pla orduan espetxe batean zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu