Iban Thikoipe. Etxepare Lizeoko zuzendaria

«Frantziak hizkuntz eskubideak errespetatu behar ditu»

unai etxenausia
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Iban Thikoipe Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendariaren ustez, aurtengo ikasturtea aproposa zen euskararen aldeko ekintza sinboliko hori egiteko.

Nola hartu duzu albistea?

Egia esan, albisteak ez digu sortu harridura handirik. Aurten, egoera berezia izan da, Frantziako Gobernuak iragarri zuelako baxoko filosofiako nota eta ikasturte guztian ikasgai horretan izandako noten artean onena atxikiko zutela. Horregatik, ikasturte aproposa zen aldarrikapen hori egiteko.

Deigarriak egin zaizkizue zuzentzaileek jarri dituzten oharrak?

Uste dugu zuzentzaile horiek agindu batzuk jaso dituztela errektoretzatik. Oharretan militantzia kutsua eman diote euskarari; beraz, uste dugu goitik datozen aginduak bete dituztela.

Zer iruditzen zaizu ikasleek egindako urratsa?

Biziki positiboa iruditzen zait. Ikasleek ausardia eta ardura handiz jokatu dute. Gehienek azterketen sarrerak frantsesez idatzi zituzten, euskaraz erantzutearen zergatiak azaltzeko; ondoren, euskaraz egiten zuten beste guztia. Arriskuak neurtuta, uste dut pauso garrantzitsu bat eman dutela, eta agerian utzi dute Frantziako Estatuak zer-nolako errespetua dion euskarari. Bestalde, zuzendari gisa, arriskuak eta onurak azaldu nizkien. Baina txalogarria iruditzen zait haien jarrera.

Eta orain zer?

Oraindik luzaz borrokatu beharko gara azterketa guztiak euskaraz egiteko eskubidea lortzeko. Hala ere, brebetaren eta baxoaren inguruan sortu diren borrokak eredugarriak izan dira. Frantziak hizkuntz eskubideak errespetatu behar ditu. Pareta bat dugu aurrean: ez gaitu ez entzuten, ezta ulertzen ere. Seaskaren zeregina da datozen urteotan hezkuntzan euskararen normalizazioa sustatzea eta hura lortzeko pausoak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.