Frantziak ez du hartz gehiago sartuko Pirinioetan

Soilik gizakiak hildakoak ordezkatuko ditu. Abeltzainentzako diru laguntzak berrikusiko ditu gobernuak.

'Nere' hartza, Aspe bailaran. FIEP-PNP-RESEAU OURS BRUN
2019ko ekainaren 6a
20:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Pirinioetan hartz gehiago ez sartzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Gizakiak hildakoak edota gizakiak eragindako ingurumen kalteengatik hildakoak baino ez ditu ordezkatuko. Iazko urrian sartu zituen azkenengo biak Biarnon (Okzitania), esloveniar jatorrikoak. Inguruko abeltzainak —Nafarroakoak eta Zuberoakoak barne— kexu agertu dira hartzen erasoengatik.

Trantsizio Ekologikorako eta Nekazaritza ministerioek sinatutako ohar batean eman dute erabakiaren berri. Uste dute egungo baldintzetan espeziea galtzeko arriskurik ez dagoela, eta ez dute beharrik ikusten hartz gehiago sartzeko.

Plan bat diseinatu dute, halaber: horren arabera, besteak beste, Frantziako Gobernuak berrikusi egingo ditu erasoengatik abeltzainei ematen dizkien kalte ordainak eta bestelako diru laguntzak abelburuak babesteko.

Mendebaldeko Pirinioetan sartutako azken hartzen erasoak direla-eta bilera egin zuten Frantziako eta Espainiako gobernuek maiatzaren 17an. Informazioa elkar trukatzea adostu zuten animalia horien jarraipena egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.