Ehiza araudi berri bat iragarri du Berangere Couillard Frantziako Ekologia estatu idazkariak, baina azkenean Gobernuak ez du ehizadebekatuko igandeetan. Frantziako Senatuak eta talde ekologistek eskatzen zuten ehiza debekatzea egun horretan, eta eztabaida handia eragin du ehiza elkarteetan. «Ehiza tradizio bat da Frantzian», esan du Couillardek, argudiatzeko debekuaren eskaera ez dutela aintzat hartu.
Frantziako estatuan milioi bat ehiztari daude. 2021-2022ko denboraldian, Frantziak ehizako 90 istripu zenbatu zituen. Horietan zortzi pertsona hil ziren. Zortzi horietatik bi mendizaleak ziren, eta ez zuten uxaldiekin inolako zerikusirik. Araudi berriaren helburua ehizako istripuak murriztea da. Frantziako Gobernuak isunak gogortuko ditu istripuetan, eta ehiza baimena epe luzeagorako kenduko du.
Ehiza eta alkohola
Couillarden arabera, araudi berria «bidezkoa eta batez ere eraginkorra» izango da istripuak murrizteko. Indarrean jartzen denean, ezingo da ehizan aritu odolean 0,5eko alkohol maila edukita, eta hala egiten dutenei isun bat jarriko zaie. Frantziako Gobernuaren inguruko iturriek aurreratu dutenez, asmoa da aurrerago lege bidez delitu bilakatzea alkohol maila horrekin edo gehiagorekin ehizan aritzea.
Couillardek iragarri du sakelakoetarako aplikazio bat garatuko dutela, zeinetan ehiza toki, data eta ordutegien berri emango den; ehiztariak behartuta egongo dira datu horiek ematera. Ehiza lizentzia ateratzeko, orain arteko azterketa teorikoaz gain, praktika epe bat izango dute ehiztariek. Uxaldiak antolatzen dituztenek ere praktika zehatzago bat egin beharko dute.