Frantziak ez ditu kontuan hartu euskal presoak

Frantziak atzo koronabirusa dela-eta presoentzat onartu zituen neurrietatik kanpo utzi ditu euskal presoak. Presondegietan diren bost euskal presok 65 urte baino gehiago dituzte, eta badira larriki eri direnak ere. Preso segituko dute. "Suarekin jolasten ari dira", salatu du Bake Bideak.

Frantziako Justizia ministerioak ez ditu euskal presoak kontuan hartu. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko martxoaren 26a
10:37
Entzun

Frantziako Gobernuak hainbat neurri onartu ditu dekretu bidez, koronabirusaren krisiak sortutako egoerara egokitzeko. Justizia arloan, presoen zigorrak egokitzeko aukerak onartu dituzte, besteak beste, baina euskal presoek ez dituzte baliatzen ahalko, terrorismoaren aurkako jurisdikzioetan kondenatuak izan diren presoak neurri horietatik kanpo utzi baitituzte. «Euskal presoen egoera neurri horien aplikazio eremuan sartu behar zen», deitoratu du Bake Bideak ohar batean. «Ez dugu diskriminazio hau onartzen; zuzenbidea pertsona guziei eta egoera guzietan aplikatzera deitzen dugu. Preso horiek askatu behar dira».

Bake Bideak oroitarazi du 37 euskal preso daudela gaur egun Frantziako presondegietan, 29 gizon eta zortzi emakume. Horietatik bostek 65 urte baino gehiago dituzte, eta badira patologiak dituztenak ere —Josu Urrutikoetxearen eta Ibon Fernandez Iradiren egoerak aipatu dituzte, besteak beste—. «Birus honen aitzinean arriskuan jartzen ditu. Preso horiek egoera honetan mantenduz, boterea suarekin jolasten ari da».

Bake Bidearen hitzetan, euskal presoen «bazterketa» Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak duela bi urte adostutako bide orriarekin «kontraerranean» da. «Ezinbestekoa da euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriak bukatzea». Askatasunerako eskubideak aplikatzea eta eri direnei zigorrak kentzea nahi dute. «Baldintzapean aske geratzeko eskubidea aplikatuta, posible litzateke Lorentxa Beirie, Jon Parot, Frederic Haranburu eta Ibon Fernandez Iradi bere hurbilekoen artean egotea, herritarrak erabat konfinatuak diren honetan». 

Terrorismoaren kontrako Frantziako ministerio publikoaren eginkizuna azpimarratu dute beste behin; azken hilabeteetan izan duen «jarrera mendekatzailea» eta horrek ekarri dituen «ondorio suntsitzaileak» salatu dituzte. Ministerio publikoak helegitea jarri die auzitegiek Haranburu, Beirie eta Fernandez Iradi askatzeko hartu erabakiei. Apirilaren 9an jakinaraziko dute Jakes Esnal baldintzapean aske geratzeko eskaeraren erabakia. Eskaera hori onartzea nahi du Bake Bideak, eta ministerio publikoari eskatu dio «Euskal Herrian izandako aldaketa historikoaren mailan egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.