Mehatxua bistakoa da. Logika bururaino eramanez, euskarazko irakaskuntza arriskuan eman lezake Ipar Euskal Herrian Bordeleko (Frantzia) errektoretzaren azken erabakiak. Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan abiatu nahi zuten esperimentazioa ez onartzea erabaki du, guraso, irakasle eta hautetsien onespena izanik ere. EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten atzo, Baionan, erabakia salatzeko.
Ez baitu edozein argumentu erabili errektoretzak. Alain Iriart Hiriburuko auzapezari bidalitako gutunean azaldu du 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza Legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa dela 3 urtetik aitzina, eta Frantziako 1958ko Konstituzioaren arabera derrigorrezko irakaskuntza, frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. Ondorioz, ez duela gehiago onartuko «murgiltze ereduaren» esperimentaziorik.
EEPko ordezkariek gutun bateratua idatzi zioten Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroari uztailaren 7an, eta bilkura ere eskatu diote EEPko administrari eta Ipar Euskal Herriko parlamentarien izenean. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Ostiralean izanen da Euskal Elkargoko lehen biltzarra Baionan, ondoko sei urteetarako lehendakaria hautatzeko, eta, egun horretan, elkargoko biltzarrak euskarazko irakaskuntzaren aldeko mozio bat izenpetzea proposatuko dute.
Frantziako Estatua, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoaren partaidetzan oinarritzen da EEP. Eta argazki hori erakutsi nahi izan zuten atzo. Iriarten ondoan, Beñat Arrabit EEPko lehendakaria, eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea, Mathieu Berge EEPko Akitania Berriko ordezkaria, eta Benedicte Luberriaga EEPko Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkaria agertu ziren. Frantziako Estatuak hizkuntza politikaz azken urteetan Ipar Euskal Herrian sortu den kontsentsua hautsi duela erakutsi nahi izan dute irudi horrekin.
Iriartek erran zuen errektoretzaren erabakia «arriskutsua eta kezkagarria» dela, «postura ideologikoa» dela. «Haserrea, sumindura eta ulertezintasuna» aipatu zituen Bergek, eta salatu zuen azkeneko urteetan lortu den «kontsentsu politiko, instituzional eta soziala» zalantzan jarri dutela.
«Murgiltzean», maila hobea
2008an hasi ziren Ipar Euskal Herriko eskola publiko batzuetako sail elebidunean ama eskolako irakaskuntza euskara hutsean eskaintzen. Esperimentazioaren bidez egiten da, eta gurasoen, irakasle taldearen eta hautetsien onespena behar du. Urtez urte hedatuz joan da, eta gaur egun sare publikoko 19 eskolatan eta irakaskuntza giristinoko beste hainbestetan aurki daiteke aukera hori.
Ez da lehen aldia Hezkuntza Ministerioko administrazioa esperimentazio proiektu bat irekitzearen aurka agertu dena. Duela urte bat, Irisarriko (Nafarroa Beherea) eskola publikoko proiektua ukatu zuen akademia ikuskariak, azkeneko orduan gibel egin aitzin. Garai hartan, ikuskariak aipatu zuen esperimentazioen ebaluaketa falta, lehen urteak osoki euskaraz izateak haurraren irakaskuntzan zuen eragina aztertu behar zela erranez. Horiek horrela, ama eskolan «murgiltze eredua» segitu duten ikasleen matematikako eta frantseseko mailak neurtu dituzte aurten, eta Frantzia mailako emaitzekin konparatu. Euskarazko irakaskuntza jaso dutenek emaitza parekoak edo hobeak dituzte, oro har. «Badirudi Hezkuntza Ministerioak emaitza okerragoak espero zituela», erran du Bergek.
Orain artekoa, arrakasta
2008an, euskarazko irakaskuntzaren ordu kopurua emendatzeko esperimentazio pedagogikoak abiatzea onartu zuten EEPn, aho batez, «eraginkortasun hobea» kausitzeko. Geroztik, behin baino gehiagotan berretsi dute. EEPko ordezkarien hitzetan, irakaskuntza da gaur egun belaunaldi gazteenei euskara transmititzeko «bektore nagusia». Baina, eskola publikoan sail elebiduna abiatu eta berrogei urtera, helburu hori «partzialki» baizik ez du betetzen, eta abandonatze tasa handia da. «Ikasleek sail elebidunean jarrai dezaten, kolegiora sartu aitzin duten euskara gaitasuna hobetu behar da, eta, horretan, ama eskolako murgiltze irakaskuntza akuilu indartsua da».
2017-2018ko ikasturtean Pirinioetako Akademia ikuskaritzak ezarri zuen azterketa protokoloak irakaskuntza horren onurak erakutsi zituela nabarmendu dute. Euskara maila hobea lortzen dute ikasleek. «Esperimentazioan engaiatu diren eskoletako bakar batek ere ez du oren parekotasunera itzuli nahi izan». Orain arteko esperimentazioek familien babesa dute, baita berriek ere. Hiriburun, gurasoen %86 agertu dira prest proiektua abiatzeko.
Frantziak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela salatu dute
Hiriburuko eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu du Bordeleko errektoretzak, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu