Frantziako Estatuak euskal presoekin hartutako jarrera gaitzetsi egin zuen atzo Euskal Elkargoak, Baionan egindako bilkuran. Jean Rene Etxegarai lehendakariak presazko mozio bat aurkeztu zuen, Lapurdiko hiru presoen eskubideen alde. Testuak salatu du estatuak «heriotza zigorra» ezarri diela euskal presoei de facto, eta espetxe politika aldatzea galdegin du. Babes zabala jaso zuen mozioak: 232 hautetsietatik 200ek baino gehiagok egin zuten agiriaren alde.
Parisko Dei Auzitegiak asteon hartutako erabakiaren haritik dator elkargoaren mozioa: Jakes Esnal baldintzapean aske uzteko eskaera ukatu du berriro. 70 urte betetzear da Esnal, eta 30 urte eman ditu preso; Jon Kepa Paroti ere sei aldiz bota diote atzera eskaera hori. Eta antzeko egoeran da Frederic Haranburu Xistor presoa ere: urriaren 27an ebatzi behar dute haren askatasun eskea, baina ezezkoa ematea galdegin du fiskaltzak. Gainera, jarrera irmoa agertu du auziaren inguruan prokuradoreak: adierazi du Haranbururen eskaeren aurrean beti ezezkoa emango duela, ez duela inoiz jarrera aldatuko. «Baldintzapeko askatasuna ukatzea presoak heriotzera kondenatzea da», adierazi du elkargoak kasu horiek aipatuta.
Auto istripua Cadizen
Presoen urruntzeak 348 ezbehar eragin ditu haiei bisitan joan direnen bidaietan, Etxerat-en arabera. Elkarteak jakinarazi duenez, herenegun ere auto istripua izan zuten Ibai Beobide preso bilbotarraren bi lagunek, Cadizen (Espainia), Puerto de Santa Mariako espetxera zihoazela. Arin zauritu ziren lagunak, eta kartzelaraino taxian joanda, bisita egin ahal izan zuten.
Frantziak euskal presoei «heriotza zigorra» jarri diela salatu du Euskal Elkargoak
Presazko mozio bat onartu dute 200 hautetsik baino gehiagok, Esnali, Haranbururi eta Paroti baldintzapeko askatasuna ukatu izana salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu