Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko hizkuntza politikak doi bat emendatuko du aurrekontua, baina nabarmentzekoa da Frantziak 20.000 euro murriztuko duela ekarpena, eta Eusko Jaurlaritzak, 57.600 euro. Iaz, Eusko Jaurlaritzak 457.600 euroko ekarpena egin zuen, eta aurten, 400.000 eurotara mugatuko da laguntza. Frantziak 740.000 euroko ekarpena egin zuen iaz, eta aurten 720.000 eurokoa. Akitaniak 860.000 euroko ekarpena eginen du, Kontseilu Nagusiak bezala. Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak 255.450 euroko partaidetza ukanen du, eta Hautetsien Kontseiluak, 2.850 eurokoa. Frantzia eta Eusko Jaurlaritza dira, ondorioz, ekarpena apalduko duten erakunde bakarrak.
Euskararen Erakunde Publikoko presidente Frantxua Maitiak azpimarratu du bi partaide horiek ekarpena apaldu arren, EEPren aurrekontua doi bat emendatuko dela aurten. Iaz 3.332.400 euroko aurrekontua ukan zuen, eta aurten 3.352.300 eurokoa. Emendatzea iazko erreserbei esker azaltzen da. Iaz hainbat egitasmo atxiki zituzten aurrekontuan, baina ez ziren gauzatu. Diru hori erreserba gisa atxiki zuten eta aurten aurrekontuari erantsiko diote. Euskalgintzako gizarte eragileek behin baino gehiagotan eskatu diote EEPri baliatzen ez den funtsa hori urtean berean erabil dezatela, hizkuntza politika sustatzeko. «Ohar bera egin digu estatuak» zehaztu du Maitiak.
Ondoko urteetako aurrekontuen osaketari begira, EEPk eta estatuak urte askotarako hitzarmena edo kontratua osatu behar dutela erran du Maitiak. Izan ere, estatuak gero eta aitzakia gehiago jartzen ditu hizkuntza politikarako baliatzen duen funtsa apaltzeko. Kontratu bat izenpetzeak traba horiek ezabatuko lituzkeela dio Maitiak. Alta, EEP osatu zelarik, Akitaniak, Estatuak eta Kontseilu Nagusiak arau nagusi bat jarri zuten: eragile nagusiek diru kopuru bera ezarri behar zuten EEPren aurrekontua osatzeko. Errealitatean, Frantziak arau hori urratu du azken urteotan, eta dagokiona baino 120.000 euro gutxiago jarri ditu.
Maitiak ohar berezia egin du Eusko Jaurlaritzaren ekarpena eskertzeko. Nabarmendu du krisialdi ekonomikoaren ondorioz ministerio gehienetan aurrekontuak %20 apaldu dituela Eusko Jaurlaritzan eta euskararen arloan, apaltzea izan bada ere, ez dela hein horretara heldu. Gisa berean nabarmendu du Eusko Jaurlaritza ez dagoela beharturik Ipar Euskal Herrian euskara sustatzera, eta engaiamendu hori eskertu du.
Aurrekontuak osaturik, xahutzeen atalean gisa bereko funtsak atxikiko direla jakinarazi du Maitiak. «Egitasmoak gauzatzeko deialdia iazko heinean atxikiko ditugu eta 1,6 milioi euro baliatuko ditugu horretarako». Euskalgintzako gizarte eragileek jasotzen dute funtsik handiena, bereziki eragile historikoak, alegia, Euskal Irratiak, AEK, Seaska eta Ikas pedagogia zentroak. EEPren egitura bizirauteko 741.500 euroko aurreikusi dute, horietako 636.000 euro langileak ordaintzeko, hizkuntza politika animatzeko, ikerketa, kudeaketa eta egitura bera biziarazteko.
Etorkizunari begira bi arlo nagusietan eraginnahi du EEPk, batetik euskararen transmisioan eta bertzetik erabilpenean.Euskararen irakaskuntza orokortzea da parioetako bat, alegia, lurraldeko eremu guztietara helaraztea euskaraz ikasteko eskaintza. Heldu den urtean, lehen aldiz, eredu elebidunetan ikasiko duten haurrak frantses elebakarreko eredukoak baino gehiago izanen direla jakinarazi du.
Bertze alde batetik, Herriko Etxeetan bereziki, gero eta gehiago dira euskara ikasteko nahia adierazi duten langileak.
Frantziak eta Jaurlaritzak diru ekarpena jaitsi diote EEPri
Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko funtsa 20.000 euro apaldu du Frantziak, eta Eusko Jaurlaritzak, 57.600 euroIazko erreserbarekin aurrekontua doi bat emendatzea lortuko du EEPk hala ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu