Frantziak berretsi du 'euskal Y'-ak ez duela loturarik izango gutxienez 2042ra arte

Puentek adierazi du Frantziak ez diola aferari Espainiak bezainbesteko lehentasunik ematen.

AHTaren obrak, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
AHTaren obrak, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2024ko abenduaren 17a
20:50
Entzun

Frantziak baieztatu du abiadura handiko trena ez dela Irunera (Gipuzkoa) iritsiko gutxienez 2042ra arte. Espainiako Garraio ministro Oscar Puentek azaldu du hala jakinarazi ziola Parisek bien arteko azken bileran.

Geroa Baiko senatari Uxue Barkosen galderari erantzunez, Puentek Espainiako Senatuan azaldu du Espainiako Gobernuak indar egin duela euskal Y-a eta Ipar Euskal Herria elkartuko lituzkeen abiadura handiko tren konexiorako lanak bizkortzeko, eta asmo horretan Europako Batasuneko Garraio komisario Aspostolos Tzitzikostasen babesa ere baduela. Baina ezinbestekoa da Parisena ere, eta hark ez dio auziari lehentasun bera ematen.

Hala, Puente kritiko azaldu da Parisen erantzunekin. Batetik, uste duelako ez duela obraren aldeko jarrera bera. Bestetik, Frantziako politikaren egoera desegonkorra tarteko, aurten lau ministro izan dituelako mahai beraren beste aldean. «Ez du laguntzen».

Madrilen asmo onen erakusle, berriz, azaldu du Atlantikoko ardatzak aurrera egiteko obren lizitazioek 300 milioi euroren langa igaro dutela: obren exekuzioaren bi heren inguru.

Euskal Y-aren hegoaldeko konexioari dagokionez, ez du ur handitan sartu nahi izan, eta orain arte esandakoak berretsi ditu: Garraio Ministerioa aztertzen ari dela Nafarroako lotura nola egin. Gasteiz eta Ezkio (Gipuzkoa) dira bi aukerak. Puentek azaldu du ez dela erraza izaten ari azterketak egiteko prozesua, baina berretsi du erabakirik onena hartzeko xedea dutela, parametro teknikoetan oinarrituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.