Parisko Bake Konferentzia. Pierre Hazan. Idazlea eta ikerlaria

«Frantziak askoz gehiago egin behar du»

Frantziako Gobernuak neurri gehiago har ditzake, Hazanen ustez. Presoak eta biktimak haren lurraldean daudela gogoratu du, adibidez. Eta Espainia ere akuila dezakeela.

M.A. TXOPERENA IRIBARREN.
maddi ane txoperena iribarren
Paris
2015eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Biktimei buruzko hitzaldiari hasiera eman zion atzo Pierre Hazan (1956, Alexandria, Egipto) idazle eta ikerlari suitzarrak. Roberto Manriqueren eta Axun Lasaren ondoan egon zen, eta adi entzun zituen batak zein bertzeak jasandako sufrimenduari buruz emandako testigantzak. Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen aldeko Goi Ordezkaritzan lan egiten du egun, eta lehenago AEBetan aritu izan da ikerlari gisa, Harvard Law School eta Washing- tongo States Institute for Peacen, bertzeak bertze. Liburu esanguratsuak idatzi ditu, bertzeak bertze Juger la guerre, juger l'histoire (Gerla epaitu, Historia epaitu).

Artean manifestua irakurri gabea zela hartu du tarte bat BERRIAren galderei erantzuteko. Positibotzat jo du konferentzia, oro har, baina egiteko lan anitz gelditzen dela azpimarratu du behin eta berriro. Frantziako eta Espainiako gobernuei engaia daitezela eskatu die hark ere.

Biktimei buruzko hitzaldia bukatu duzue oraintxe. Orain arte, orokorrean, zer iruditu zaizukonferentzia?

Lasaigarria dena da hemen egiten ari dela, Frantziako Asanblea Nazionaleko lokaletan. Horrek erakusten du frantses parlamentariak ohartu direla interes sakonagoa ezarri behar dutela Frantzia ere sakon hunkitzen duen gai bati buruz. Zeren, alde batetik Frantziako Euskal Herria existitzen baita, eta beste alde batetik, Frantzia —hark nahi izan ala ez—, zuzenki hunkitzen baitute gatazkaren ondorioek. Izan presoengatik: Frantziako espetxeetan atxiloturik dauden presoak; izan Frantzian dauden ETAren armengatik; izan bortizkeria ekintzengatik, eta bereziki, GALen ekintzengatik, Frantziako lurraldean eginak izan direnak. Beraz, uste dut garrantzitsua dela Parisek gaur gatazka honi neurria hartzea: behin betiko konpondu behar da.

Zer egin du Frantziako Gobernuak orain arte gatazkaren konponbidean, eta zer egin beharko luke hemendik aitzina, zure ustez?

Bada, ez dakit... Badakigu polizia kolaborazio handia dagoela Frantzia eta Espainiaren artean, baina ez naiz segur bakea eraikitzearen alde gauza handirik egin dutenik 2011ko urrian Aieteko akordioak izenpetu zituztenetik. Eta pentsatzen dut Parisko Konferentzia egiteak berak erakusten duela Frantziako Gobernuak anitzez gehiago egin beharko lukeela.

Zer egin beharko luke, zehazki, zure ustez?

Beharbada konferentziaren bukaeran errana izanen da… Ongi litzateke Frantzian atxiloturiko presoak —eta badira ehun baino gehiago— Euskal Herritik hurbilago egotea, sendiek bisitatu ahal izan ditzaten. Neurri humanitario bat da hori, berez. Politikoki, uste dut Madril eta Europako Parlamentua ere akuila ditzakeela biktima guziak aitortzera.

Zergatik parte hartu duzu zuk konferentzian? Zein ekarpen egin nahiko zenuke?

Orain arte harritu nauena da, alde batetik, badirela ezker eta eskuineko ordezkari frantsesak, eta uste dut oso garrantzitsua dela denak hemen izatea, eta elkarrekin parte hartu dezatela Frantziako Gobernuari gehiago egitea galdegiteko. Seinale garrantzitsua da berez. Uste dut garrantzitsua dela biktimak entzutea ere, eta horietako biz inguratua nengoen gaur: ETAren biktima bat eta Espainiako indarren biktima bat. Uste dut funtsezkoa dela horiek entzutea, eta bakoitzak ulertzea sufrimendu guziak, ezein izanik ere horiek eragin dituena. Hor oraindik lana dago egiteko. Bi aldeetatik, baina bereziki Espainiako Gobernuaren aldetik.

Elkar topatzeko leku garrantzitsua ere bada konferentzia?

Bai, mobilizazio faktore handia da, eta uste dut Asanblea Nazionalean egitea ere, Parisen... garrantzitsua dela. Bakearen sendotze prozesuan gaude, eta horrek eskatzen du urratsak egitea. Frantziako eta Espainiako gobernuei mugitzeko eskatzen ari gara: bakearen alde mugitzeko.

Zer espero duzu ateratzea hemendik?

Uste dut garaia etorri dela Espainiako Gobernuak urratsak egiteko, berreraikitze sozial eta berradiskidetzerako. Eta, beraz, biktima guziak aitortzeko. Garran- tzitsua da ere ETA autodesegitea eta armagabetzea. Eta aterabide humanitario bat eman behar zaio presoen gaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.