Frantzia mugitu ote den zain

Euskal presoen auziaren inguruan Parisko gobernuak jarrera aldatu duela zabaldu bada ere, eragileen ustez, zentzu berean doazen erabaki gehiago beharko dira hori hala dela baieztatzeko; baikor azaldu dira, halere

Euskal presoen senideak eta lagunak, Baionako kaleetan iaz eginiko manifestazio batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko astean, Zuhaitz Errasti Mont de Marsaneko espetxera (Okzitania) hurbildu izanak eta Mikel Irastorza kontrol judizialpean askatu izanak euskal presoen gaian Frantziako Estatuaren jarrera aldatu dela edo aldatzear dela zabaldu dute Euskal Herrian zein Espainian barna zenbait komunikabidek eta eragilek. Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboaak berak salatu du Frantzia «amore ematen ari dela ETAren xantaiaren aurrean». Ñabardura gehiago ditu, ordea, errealitateak. Maritxu Paulus Basurko EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen abokatuaren hitzek hala diote behintzat: «Gaurko egunean, goizegi da elementu horrekin bakarrik segurtamena izatea».

Ondorio guziak ateratzeko «erabaki bat baino gehiago» behar dituela azaldu dio abokatuak kazeta honi. Gisa bereko interpretazioa egin du Anita Lopepek, EH Bai alderdiaren izenean: «Neurri baikorrak eta pozgarriak dira, dudarik gabe; presio sozial eta politikoaren ondorio, gure iduriko. Baina geroak erranen du aldaketa baten hasiera den». Abokatuek eta politikariek «prudentziaz» begiratzen diete azken gertakariei, ez delako «baitezpada aldaketa baten seinale oraindik».

Hala eta guztiz ere, Errastiren hurbilpena bada «erabaki eta gertakari nabarmena», Paulus Basurkoren zein Lopeperen arabera. Batetik, EPPK-k udan plazaratu duen barne eztabaidaren ondorioetan ageri den bezala, Frantziako Estatuan diren euskal presoek Mont de Marsaneko kartzelara hurbiltzeko eskaera egiten dutelako, eta, beraz, Errastiren hurbilpena, abokatuaren hitzetan, presoek martxan jarri duten iniziatiban «sartzen» delako. Halaber, «oso garrantzitsutzat» jo du Errasti presondegiz aldaturik Frantziako administrazio eta justizia organoek agertutako jarrera: «Duda izpirik gabe erran dut oso garrantzitsua dela, eta berresten dut hala dela».

Euskal preso batek Euskal Herrira hurbiltzeko eskatzen duenean, Justizia Ministerioari eskatzen dio, eta, orain arte, ezezkoarekin erantzun izan du, Paulus Basurkok gogoratu duenez. Errastiren kasuan, gobernuak ez, auzitegi batek eman du baiezkoa: Parisko Auzitegi Administratiboak. Azken hilabeteetan, auzitegi horrek «beti ezezkoa» eman izan die presoei. Baina Errastiren kasuan, «lehen aldiz», Auzitegi Administratiboak baliogabetu du Justizia Ministerioaren —hots, gobernuaren— erabaki bat. Hori da Errastiren kasuak dakarren «aldaketarik garrantzitsuena». Auzitegi batek estatuaren ezezkoa aldatu du, eta, beraz, Auzitegi Administratiboak bere jurisprudentzia aldatu du. Jurisprudentzia horrek balio izaten ahalko du ondorengo eskaerentzat, abokatuak nabarmendu duenez. Horregatik ere bada «garrantzitsua» Errastirekin gertatutakoa.

Nolanahi den, atzean dagoen auzia «politikoa» dela azaldu du abokatuak: «Hurbilketa zuzenean gobernuak konpon lezakeela errango nuke». Kondenatuak direlarik, konpetentzia Justizia ministroarena da; beraz, gobernuarena zuzenean. Benetan, gobernuaren erabaki zuzenak dira» adierazi du Paulus Basurkok. Lopepek ere hurbilketak«estatuaren erabaki sinpletzat» ditu: «Borondate politiko kontu bat da».

Errastiren kasuan, beste berritasun bat ere bada, abokatuak azpimarratu duenez: Frantziako Estatuak helegiterik ez dio jarri presoa gerturatzeko erabakiari,eta berehala aplikatu dute epaileek ebatzitakoa, aste batera mugitu baitute. Estatuaren jarrera aldaketa bat denik ezin bada erran ere, bada aurrekaria EPPK-ko kideek egin hausnarketari eta eskaerei begira, Paulus Basurkok azaldu duenez.

Ez da lehen aldia izan

Haatik, ikustekoa da oraindik Errastirekin gertatutakoa berri gertatuko den, baina Mont de Marsaneko presondegirako hurbilketek modu «erregularrean» segitzen badute, «aldaketa» batez hitz egiten ahalko dela errandu Lopepek. Heldu diren asteetan, auzitegi berak beste lauzpabost hurbilpen eskaera ebatzi beharko ditu, eta «hor ikusiko dugu benetan aldaketa bat dagoen», zehaztu du Paulus Basurcok.

Frantzian preso diren EPPK-ko kideek hurbiltze eskaerak eginakdituzte Justizia Ministerioan. Horietako kasik guzietan ezezkoa eman die gobernuak presoei, baita Auzitegi Administratiboak abokatuen bitartez jarri helegiteei ere. Kasik gehienei, baina ez guztiei. Azken hilabeetan eskaerak onartu dituzten kasu zehatz batzuk ere izan direlako. «Mugimenduak» izan direla dio Paulus Basurkok; ez, ordea, «Errastiren kasuan bezain argiak». Arkaitz Saez eta Aratz Gomez lapurtarrak ekainaren 29an Mont de Marsanera transferitu zituzten, hamahiru urte Espainiako Estatuaren kartzeletan igaro ostean. Azaroan aske geratu beharko lukete biek; beraz, Errastiren gisan, hirurentzat kondena bukaeran iritsi da espetxe aldaketa.

Orain arteko hurbiltzeek, beraz, «efektu mugatuak» dituztela dio abokatuak, kondena kasik osoa familiatik urrun bete baitute azkenean. Saez eta Gomezen kasuan, estatu aldaketaren eskaera eginez, «beraien etxetik ahal bezain hurbil kondena betetzea» zuten helburu, abokatuak azaldu duenez: «Baiezkoa jaso izanak erran nahi dueskaera kontuan hartua izan dela». 2015ean egin zuten eskaera, eta, haiekin batera, Juantxo Esnalek, David Gramontek eta Unai Parotek. Hiru horietatik lehen biek kondena bukatu eta askatasuna berreskuratu zuten estatu aldaketako epaia iritsi bitartean. Paroti, aldiz, ezezkoa eman zion epaitegiak.

Beste bi kasu gogoratu ditu Paulus Basurkok; emakumeak biak, eta arrazoi ezberdinengatik hurbildu dituztenak azken hillabeteetan. «Emazteena, haatik, oso konplikatua da, ez dagoelako haientzako kartzela hurbilik; hor dugu arazo nagusia».

Izan dira jada, beraz, Frantziako Justiziak, kasuan-kasuan, onartu dituen hurbiltzeak. «Ezin dugu erran gure eskaerak ez direla inoiz kontuan hartuak izan, baina ez Errastirekin gertatu baldintzetan. Ez dugu gobernuaren interpretazio bateraturik kasu denentzat; baina, erran dezaketgertatu den bezala garrantzitsua dela [Errastiri buruzko] erabakia», berretsi du abokatuak.

Irastorzaren kasua

Zuhaitz Errasti eta Mikel Irastorzaren inguruan izan azken gertakariak epe motzean gertatu badira ere «kasualitatea» izan direla zehaztu du Paulus Basurkok. Gogoratu du bata kondenatua denezeta bestea epaiketaren zain dagoenez, justiziako «konpetentzia» zenbaiten esku direla: «Ez dira batere gauza bera».

Irastorza 2016ko azaroan atxilotu zuten Azkainen. 2015eko irailean Baigorriko etxe batean David Pla eta Iratxe Sorzabalatxilotu ondotik —ETAko buruzagi «nagusitzat» zuten donostiarra—. Espetxean hamar hilabete pasatu ondoren, duela hiru aste Parisko Askatasunen epaileak kontrol judizialpean askatzea ebatzi zuen, eta, ondoren, hiri hartako instrukzio ganbarako Dei Gorteak baieztatu zuen erabakia. Haren askatzea «garrantzitsutzat» jo du abokatuak, antzeko kasuetan—hots, klandestinitatean ziren pertsonekin— «kasik automatikoki» epaiketa arte kartzelan atxikitzen dituztelako, «osasun arazorik ez bada». Irastorzaren kasuak dakarren«aldaketa» nabarmendu du abokatuak, baina ez du oraindik argi antzeko egoeretan direnentzat berdin gertatuko den. «Hori ere ikusi beharko da».

Ezin daiteke erran, beraz, Frantziako Estatua euskal presoendako edo euskal gatazkaren konponbiderako bere jarrera aldatu duenik. Oier Gomez eri den presoa askatu zutenean EPPK-k berak adierazi zuen «aldaketa baten lehen urratsa» izatea nahiko zuela. Errasti eta Irastrozaren kasuetan garrantzizko aldaketak eman badira ere, Frantzia aldaketa baten atarian den jakiteko, «orokortuagoak diren neurrien zain» egon beharko da, Lopepek nabarmendu duenez.

Joan den ekainean EH Baik ETAren desarmatzetik gatazkaren konponbidearen inguruko balorazioa plazaratu zuen. Orduan, Lopepek azaldu zuen «gatazkak bere horretan segitzen» zuela, «euskal militanteek»kondenatuak segitzen zutela, eta «beste garai bateko metodoak» erabiliak zirela oraindik. Frantziako Emmanuel Macronen gobernu berria «interpelatu» nahi izan zuten, azpimarratuz «ETAren desarmatzea gatazkaren fase armatuaren konponbidearen urrats bat baizik» ez zela izan.

Maiz aipatu den kontestu berriaren eragina zaila da hautematea, beraz. Irastorzaren idatzizko ebazpenean ez da egiten kontestu berriaren aipamenik. «Argi da justiziak kontuan hartu duela, nahiz eta ez den aipatzen; hori ere garrantzitsua da erratea», adierazi du Paulus Basurkok. Harenaburuz, «segur da gaur egungo kontestuak eragina baduela holako erabaki batean; laguntzen du». Errastiren kasuan, aldiz, «beste gauza batzuen artean aipatzen dute ETAk borroka armatua utzi duela; esaldi baten punta da».

«Egia da orain arte epaiketetan ez dugula gauza haundirik ikusi, azken hilabeteetan izan diren kondenak-eta ezin da erran kontestu berriak eragin positibo handirik izan duenik», azaldu du abokatuak. EH Bairentzat, ekaineko prentsaurrekoan errana zehatzago berretsi dute: «Prokuradoreen aldetik argi da ez dela aldaketarik, eskaerek segitzen dute zorrotzak izaten». Izan «aldaketatxoen»arrazoia, hain zuzen, azken hilabeteetan konponbideari begira Ipar Euskal Herriaren eta Parisen arteko indar harremanaren «handitzean» kokatu du Lopepek. Bide horretan nabarmendu ditu gizarte zibilaren eta hautetsien ordezkaritza batek Parisen izaniko bilerak —besteak beste, Barne Ministerioko kideekin— eta EPPK-ren «borondate erakustaldia». Haren hitzetan, «pentsa daiteke horrek ere ekartzen duela giroan aldaketa».

Aurrera begirakoak

«Datozen asteetan ikusiko da; asteak garrantzitsuak dira. Gauza asko gertatu behar da datozen asteetan», adierazi du Paulus Basurko abokatuak. Heldu den urte poltikoak bere tonua jarriko du euskal presoen gaian eta gatazkaren konponbidean. Abokatuak aipatu hurbilpen eskaeretatik haratago, bi data garrantzitsutan hautematen ahalko da Frantziako Gobernu berriaren posizioa, bi elkarrizketatuek azaldu dutenez. Bata, irail hasieran Parisko auzitegian iragan behar duen sei euskal herritarren kontrako epaiketa. Hala nola 2013an usteko ETAko kideak izaki Frantzian atxilotutako Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz en aurkakoa. Argiago ikusiko da han prokuradorearen eskaerak zenbatekoak diren, eta, beraz, estatuaren jarrera aldatu ote den. Lopepek dio ikusiko dela prokuradoreek jarrera «eraikitzaileagoa» duten, zigor eskaeretan, zein Ibon Fernandez Iradi bezala eri diren presoen kasuan, baldintzapeko askatasunen onartzean eta zigorren batzean. Beste data garrantzitsua izango da abenduaren 9: Bakegileek Parisen Orain presoak lelopean iragarri mobilizazioa. Frantziako Estatuan «euskal dosierrarekin inoiz antolatu den mobilizazio haundiena» izatea da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.