Zitadelako 1,43 hektarea arbola desagertuko dira, eta natura eremu horiek erabat artifizializatuko dituzte RPIMa itsas infanteriako paraxutisten lehen erregimentuak —Frantziako armadaren adar bat— bultzatu dituen berritze obrekin. Aterpe bat, polo multi-tekniko baten plantatzeko eraikina, Hiri Borrokarako Formakuntza Eraikina, itsasketa konpainiako manamendurako beste bat, aparkatzeko gune bat eta euri uren sarea arraberritzeko bi ur biltegi ezarriko dituzte.
Dosierraren beltzuneen inguruan dituzten kexak adierazteko, CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak, Bergeret-22 kolektiboak eta Attaque PB elkarteak prentsaurrekoa egin dute goiz honetan. Presaka dabiltza militanteak, zeren proiektuari dagokion inkesta publikoa hamar egunen buruan hetsiko baita. Agorrilaren 20an ireki zuten, eta irailaren 20an hetsiko da. Baina, elkarteen ustez, biztanleriak kasik ez daki inkesta publiko hori irekia ere izan denik: «Lauzpabost etiketa jarri dituzte, legezko abisuak... Jendeari ez zaio iritsi», erran du Patrick Petit Jeanek, Bergeret-22ko kideak.
Baionako San Izpiritu auzoaren gainaldean dago Zitadela gotorlekua; hain zuzen, bertan instalatua da RPIMa, 1960az geroz. Aurreikusi dituzten obrek Baionako Tokiko Hirigintza Plana (PLU) saihestuko dute zeren, ezinbestean, dituzten helburuen betetzeko, PLUan sartzen diren eta babestuak diren zenbait oihan eremu moztu beharko baitituzte. Legediari dagokionez, argi da: Baiona 1986ko Itsasbazterreko Legearen baldintzapean dago; lege horren arabera, PLUak oihan eremu babestu gisa kontsideratzen ditu hiriko oihan gune esanguratsuak. Zitadelako oihan eremuak horietakoak dira, eta, beraz, ez lituzkete hunki behar.
Baina, RPIMak, hain justu, PLUa aldatzeko dei egin du. Eta, xedearen argudiatzeko, Pirinio Atlantikoetako Lur eta Itsasoen Zuzendaritzak txosten bat atera zuen. Bertan, azaldu zuten zerendako gaur egun duten eremuaren antolaketa ez zaien gehiago nahikoa, eta, beraz, egokia: «Zitadelako antolamendu proiektuaren helburua lurreko armadaren antolaketari eta soldadu kopuruari egokituko zaizkien eraikin berrien proposatzea da». Hala, horri buruzko informaziorik ez dute eman, baina zabaldu da susmoa soldadu gehiagoren errezibitzeko xedea duten: «Eginen dituzten eraikinetarik batek 80 pertsonari harrera egiteko gaitasuna ukanen du. Ezin dugu asmatu, eta hipotesiak baino ez dira, baina pentsa liteke horrek erran nahi duela soldadu gehiago formatuko dituztela», erran dute prentsaurrekoan.
Konkretuki, beraz, Zitadelako eremua osatzen duten 43,8 hektareetatik 1,43 desagertuko lirateke. Baina, dena ez dute konpentsatuko: «Proiektuan aurreikusten dute eremu babestu horien konpentsatzea, oraino babestuak ez diren baina ezaugarri berak dituzten 27.450 metro koadro oihan eremu babestuz». Dena dela ere, finean, desagertuko den oihan eremua bera egonen da, eta handitze proiektu horretan jadanik artifizializatuak diren beste eremu batzuei serioski ez penteatu izana leporatzen diete elkarteek. Defentsa Ministerioak beste zenbait lur ditu Baionan eta inguruetan, alta: Beaudonne terrenoa, Tarnoseko (Okzitania) tiro gunea, Aturriko itsasontzi basea eta Chateau Vieux-ko kaserna. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak atera zuen txostenean, erraten dute RPIMak «paregabeko funtzionamendua» duela, eta, beraz, horregatik ezin direla beste leku horietan eman. Elkarte eta kolektiboen ustez, ez da aitzakia nahikoa, eta «baliozko azalpenik» ez zaie eman».
Kalte ekologikoak
CADEk, Bergeret-22k Attaque PB-ek azaldu dutenez, jadanik dituzten guneez beste antolatzen ari baitira, eremu artifizializatu berriak sortuko dira, eta horrek kalte ekologiko larriak dakartza. Bestalde ere, entrenamendu gunetik hirira heltzen diren harrabotsak aipatu dituzte. Egun osoan, batzuetan, tiro soinuak entzuten dituzte. Auzoko biztanle bat jina zen goizeko prentsaurrekora, eta erran du: «Zenbait egunez iruditzen zait gerla erdi-erdian garela». Victor Pachon CADEko kidearen ustez, «soinu pasabideei buruzko informazioa falta da: ez da aztertu soinua nolakoa den gaur egun, eta nolakoa izanen den gero, zuhaitzak moztu ondoan».
Orokorkiago harturik, erran du informazio anitz falta dela proiektu osoaren inguruan. Hori bai, Zitadelako lurretako fauna eta florari dagokionez, ikerketa sakona egina dute, baina, elkarte eta kolektiboen ustez, «oihana gordetzen duen arbola bat da». Batez ere, Pachonek uraren kasua aipatu du: «Urari dagokionez, erraten digute Aturrin bukatuko dutela. Besterik ez. Guk nahi genuke fauna eta floraren inguruko inkesta bezain zehatza izan dadin. Zein da ur zikinen ibilbidea? Euri urekin nahastuko dira? Aturri Natura 2000 sarean sartua dago». Haren ustez, ikerketa horiek ez badira egiten, orduan ezin liteke kontsideratu inkesta publiko bat ere badenik, «bestela bai edo ez erratea besterik ez baita». Proiektua ezin dute onetsi «beharrezkoak diren informazioak ez baldin baditugu». Hain zuzen, dosierraren ñabardurei buruzko informazio gehiago nahi dituzte, inkesta publikoak balioa izan dezan. Baina hamar egun besterik ez da baratzen, eta, orduan, biztanleriari dei egin diote hitza hartzera inkestaren inguruan.