Frankistek eraildako hiru lagunen gorpuzkiak eman dizkie Nafarroako Gobernuak senideei

Ezkabatik ihes egiten saiatzen ari zirela exekutatu zituzten, 1938an.

Nafarroako Gobernuak frankistek eraildako hiru sindikalisten gorpuzkiak itzuli dizkie senideei. NAFARROAKO GOBERNUA
Nafarroako Gobernuak frankistek eraildako hiru sindikalisten gorpuzkiak itzuli dizkie senideei. NAFARROAKO GOBERNUA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko urriaren 7a
16:30
Entzun

Frankistek Nafarroan eraildako hiru anarkistaren gorpuzkiak itzuli dizkiete senideei, gaur, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariaren eskutik. Tomas Mardones Llorente eta Segundo Hernandez Blanco arabarren eta Tomas Nache Guzman almeriarraren (Espainia) gorpuzkiak ziren. Ezkabako gotorlekutik ihes egitea leporatuta hil zituzten Mardones eta Nache, 1936an; 1938ko ihesaldi handian hil zuten, berriz, Hernandez, Elian (Eguesibar).

Mardonesen eta Nacheren gorpuzkiak Berriozarko hilerrian aurkitu zituzten, 2022ko martxoan, eta Segundo Hernandezenak Eliako hobi batean, 2015ean. Hirurak CNTko militanteak ziren.

Ollok nabarmendu du familia horien lankidetza garrantzitsua izan dela gorpuzkiak identifikatzeko, eta berretsi du Nafarroako Gobernua prest dagoela errepresaliatutako senideen gorpuzkiak berreskuratu nahi dituzten familiei beharrezko laguntza emateko. Azpimarratu du haien istorioak zabaltzeak garrantzia duela, «haien kasuak errepika ez daitezen».

Nafarroako Memoriaren Institutuak, 2022ko martxoan Berriozarko hilerrian egindako desobiratze lanetan, 21 errepresaliaturen gorpuzkiak aurkitu zituen, su armaz hil izanaren zantzu nabarmenak zituztenak. Orain arte horietako hiru identifikatu dituzte, eta familiei entregatu dizkiete.

Alberto Alonso Gogora-ko zuzendaria ere ekitaldian izan da. Bat egin du Nafarroako Gobernuak iheslari eta errepresaliatuen senideak aurkitzeko egin duen deiarekin, horien lagin genetikoek jende gehiago identifikatzea ahalbidetu dezaketelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.