Frankismoko lan behartuen kontrako kereila bat artxibatu du Agoizko epaileak

Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten hamahiru presoren senideek jarri zuten helegitea. Agoizko Epaitegiaren esanetan, preskribatuta dago, eta artxibatu egin du, nahiz eta fiskalak aldeko txostena egina zuen.

IGARI - BARRAKOIA
Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten presoetako batzuk. Presoak eduki zituzten barrakoietako baten erreplika jarri dute aurten Igarin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
mikel p ansa
2023ko abenduaren 26a
16:43
Entzun

Frankismoak lan behartuetan ariarazi zituenen senideek epaitegietan hasitako bidea eten du Agoizko Instrukzioko Epaitegiak. Igaritik Bidankozerako (Nafarroa) errepidea 2.300 preso errepublikano, abertzale eta ezkertiarrek eraiki zuten, 1939 eta 1941 bitartean. Lan behartu horretan aritu zirenen hamahiru presoren senideek eta Memoriaren Bideak elkarteak jarri zuten salaketa bat, Agoizko epaitegian. Orain, epaileak artxibatu egin du, inolako tramiterik gabe, salatutako delituek preskribatu dutela iritzita.

Memoriaren Bideak elkarteak jakinarazi du epailearen ebazpena, eta nabarmendu du epaitegiko fiskalak salaketaren aldeko txosten bat egin zuela, salatutakoak delitutzat joz. Ana Jose Añon Monton epaileak, ordea, ez dio kasu egin fiskalaren txostenari. «Epaileak lerro bakar batean eman ditu bere argudio guztiak. Kirtenkeria judizial bat da auto hori», salatu du elkarteak. Horrez gain, gogora ekarri dute delituak «gerra krimen» gisa kalifikatu izan balira preskribaezinak izango zirela.

Frankismo garaiko lan behartuak auzitara eraman dituzten lehen aldia izan da, eta epaileak atea itxi die. Halere, helegitea aurkeztuko du taldeak. Nafarroako Probintzia Auzitegira joko dute, Agoizko epailearen autoa atzera botatzeko eta kereila onartzeko eskatzeko. Gogorarazi dute lan behartuak nazioarteko araudi eta lege askoren aurkakoak direla: besteak beste, 1949ko Genevako Itunean gerrako presoei buruz hitzartutakoen eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Hitzarmenaren kontrakoak.

Gainera, Espainian onartu berria den Memoria Demokratikoaren Legea oroitarazi du Memoriaren Bideak taldeak; izan ere, lege horren arabera, lege guztiak nazioarteko legedia aintzat hartuta interpretatu behar dira, eta, hortaz, gerra krimenek, gizateriaren aurkako krimenek, genozidioek eta torturek ez dute inoiz preskribatzen. Alde horretatik, uste dute Igari eta Bidankoze arteko errepidea «gizateriaren aurkako krimen» gisa hartu behar dela. Erantsi dute espero dutela Nafarroako Probintzia Auzitegiak kontuan hartuko duela eskari hori, «oinarrizkoa» delako, eta «Espainiako Estatuko inpunitate eredua» gainditzeko ezinbestekoa iruditzen zaielako.

Nafarroako bederatzi sindikatuk —CCOO, CGT, EHNE, ELA, ESK, LAB, Steilas; UGT eta Solidari— eta salaketan aurkeztu diren senideetako batzuk bizi diren udal zenbaitek ere babestu dute kereila; tartean ziren Bakio, Berango, Berriz, Gernika-Lumo (Bizkaia), Laudio (Araba) eta Zumaiako (Gipuzkoa) udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.