Duintasuna aldarrikatu dute. 36ko gerran eta hurrengo urteetan preso hartutako antifaxisten, abertzaleen eta errepublikazaleen duintasuna. Kontzentrazio esparruetan atxilotutakoena eta baita errepideetan edo bunkerretan baldintza makurretan lan egitera behartu zituztenena. Horregatik, preso horietako batzuen senideek kereila kolektiboa aurkeztuko dute, duintasun hori «ozen eta publikoki aldarrikatzeko beharrak bultzatuta». Frankismoko lan behartuengatik aurkezten den lehena izanen da.
Zehazki, Igari-Bidankoze-Erronkari (Nafarroa) kontzentrazio esparruko presoen familiek eta Memoriaren Bideak elkarteak eginen dute salaketa. Atzo azaldu ziren jendaurrean Iruñeko Katakrak gunean, Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko EstatuKoordinakundearekin batera,ekinbidearen berri emateko. Azaldu zutenez, 2.400 preso inguru aritu ziren Igari, Bidankoze eta Erronkari arteko errepidea eraikitzeko lanetan, 1939 eta 1941 bitartean. 6, 38, 106 eta 127. batailoietan aritu ziren beharrean, baldintza ezin makurragoetan.
«Lanaldi nekagarrietan eraiki zuten errepide hura, pikotx eta palaz, euripean, elurretan edo lokatz artean», kontatu zuen Valentin Esteban Gutierrezek, senide guztien izenean. Haren aita, Juan Manuel Esteban Rico, hainbat kontzentrazio esparrutan eta espetxetan ibilia zen, Bidankozera preso joan aurretik. «Erregimenaren aurkakoa» izatea egotzi zioten. «Hori bai hori ohorea, gure aita zenarentzat!», gogoratu zuen.
Negua iritsita, hainbat preso hil ziren lan esparru horretan, hotzagatik, goseagatik edo militarren tratu txarrengatik. «Gose gorria pasatu zuten, hainbestekoa, ezen inguruko herritarrek baratzetan botata utzitako sustraiak edo patata azalak jaten baitzituzten», gehitu zuen senideen ordezkariak: «Batzuk hil egin ziren, eta beste batzuk, gaixorik zeudenak tartean, zigor eta jipoien bidez behartzen zituzten lan egitera».
Hotzak, goseak eta tratu txarrek eragindako sufrimendua handia izanagatik, erabat bakartuta izatearen sentsazioa are gogorragoa izan zen preso antifaxista askorentzat. «Bidankozen atxilotutakoak bananduta zeuden mundu errealetik. Ez zuten bisitarik, familiarengandik bananduta izan zituzten urte luzez, eta askotan, ez zekiten ez non ez nola zeuden beren senideak», esan zuen Estebanek.
Delitu preskribaezinak
Nazioarteko zuzenbidean, frankismoko esklaboek pairatutako tratu bidegabea —eta lan behartuak, oro har—, «gizateriaren aurkako krimen gisa» sailkatuak dituela gogoratu zuten elkarte memorialistek. «Larritasun maila goreneko krimenak dira», laburbildu zuen Jacinto Lara Bonilla abokatuak: «Delitu hauek preskribaezinak dira, eta ezin zaie aplikatu 1977ko Amnistiaren Legea [Espainiakoa], hori giza eskubideen aurkakoa izanen litzatekeelako. Nazioarteko komunitateak gizateriaren aurkako krimen gisa jotzen ditu jada, eta, hortaz, ez luke zentzurik Espainiako Estatuko barne legediara jotzeak».
Abokatuak azaldu zuenez, hamahiru senidek eta Memoriaren Bideak elkarteak Agoizko auzitegian (Nafarroa) aurkeztutako kereilak bi helburu ditu. Batetik, egia azaleratzea: «Justiziak ikerketa zabaldu eta ebatz dezala krimen horien erantzuleak nortzuk diren, bizirik dauden ala ez eta biktimei kalte ordainik ematen ahal zaizkien». Bestalde, auzia epaitegietara eramateak badu xede «politiko» bat ere, Lara Bonillaren esanetan: «Inpunitatea salatzeko mugimendu bat da, ahanzturaren aurkako oihu bat, Espainiako Estatuak gertatutakoa onar dezan».
Hala ere, «zuhur» azaldu zen abokatua jendaurrean, oroimen historikoari lotutako kereilek orain arte izan duten ibilbidea ikusita: «Ikusteko dago auzitegiak kereila tramiterako onartuko duen ala ez. Orain arte, Espainiako Estatuan, atzera bota dituzte frankismoko krimenekin lotutako salaketa asko, eta horrek eramaten gaitu zuhurtziaz jokatzera».
Lehena, baina ez azkena
Memoriaren Bideak elkartearen izenean, Ana Barrena ekintzaileak azaldu zuen lan behartuak egitera kondenatutako presoek eta euren senideek «oroimen politiken gabeziak» pairatu dituztela hainbat urtez: «Ez zaie aitortu egia, aitortza eta ordaina jasotzeko eskubidea». Inpunitatearen adibidetzat jo zituen frankismoan lan esklaboa erabili eta etekinak atera zituzten enpresa pribatuak: «Ez zaie inoiz kontu hartu esplotazio horrengatik, eta erabateko inpunitatea izan dute urteetan». Hori dela eta, ezinbestekotzat jo zuen eragile sozialen lana, gertatutakoa azaleratzeko. Hain zuzen, 2004. urtean hasi ziren Igariko gainean omenaldi bat antolatzen, han lanean aritutako presoen omenez. Lan horri esker, Nafarroako Gobernuak «memoria gune» izendatu zuen eremu hori, 2019an.
Ceaquaren izenean, azkenik, Sabino Cuadrak nabarmendu zuen honako hau izanen dela frankismoko lan behartuengatik jarritako lehen kereila. Iragarri zuen, hala ere, ez dela azkena izanen: «Gehiago aurkeztuko ditugu aurki, bai Euskal Herrian, bai Espainiako Estatuan».
Frankismoko esklaboen senideek kereila kolektiboa aurkeztuko dute lehen aldiz
Igari-Bidankoze-Erronkari errepidea eraiki zuten preso antifaxisten egoera salatu nahi dute. Kereilarekin bat egin dute Ceaqua eta Memoriaren Bideak elkarteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu